BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN ASTE SANTUKO PROPOSAMENA: ALDI BATERAKO ERAKUSKETA BI ETA BERTAKO EGOITZAK EZAGUTZEA

  • “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketeak 1862 eta 1866 bitartean Bizkaiko Laba Garaietako industria-hazia izan zan Nuestra Señora del Carmen lantegian behar egin eban ingeniariak margotutako paisaia ezezagunak berreskuratu ditu Enkarterrietako Museoan.
     
  • Modu berean, Batzar Nagusien Bilboko egoitzak bere bilduma propioaren parte dan “Hemen Gaude” erakusketea hartuko dau, mende honetan emakumeek egindako arteari egindako omenaldia.
     
  • Aste Santu honetan, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako egoitzek ordutegi zabalagaz zabalduko ditue ateak. Gernikako Batzar Etxearen barrukaldea bisitetako beharrezkoa da hitzordua hartzea jjggbizkaia.eus webgunean.

 

(Bilbon, 2023ko apirilaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek askotariko kultur koktela prestau dabe, egun honeetan lurraldeak milaka bisitari jasoko dituala aprobetxauz. Holan, Enkarterrietako Museora (Abellaneda) hurreratzen diranek, XIX. mendearen erdialdeko Euskadira bidaiatzeko aukerea izango dabe, “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketeari esker. Enkarterrietako museoak, ingeniari gazte horrek Euskal Herrian zehar egindako ibiltaldietan bidaia-koadernu batean arkatzez egin ebazan 29 marrazki berreskuratu ditu. Orain dala 160 urte baino gehiagoko Bizkaiko eta Gipuzkoako paisajeei begiratzen deutsen leihoa, orain arte ezagutzen ez zana. 

G.A. Dick ingeniaria eta marrazkilaria izan zan, eta Bizkaiko Laba Garaiak izan ziranaren hazia izan zan Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian egin eban behar 1862 eta 1866 artean. Aldi haretan, ikusten ebana hainbat bidaia-koadernutan irudikatu eban. Mende eta erdi geroago, bere familiak, Ingalaterrako etxe bateko kamaran marrazkiak topau ostean, Enkarterrietako Museoari itxi deutso Euskal Herriko irudi argitaratu bakoak gordetan dituan altxor ezkutua. Bertan, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo, Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria edo Aiako txoko ezezagunak ikus daitekez.

 

“HEMEN GAUDE”  ERAKUSKETEA BILBON

Bestetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoko (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) “XXI. mendeko emakume artistak. Hemen gaude!” erakusketak Batzar Nagusien bilduma propioko emakumeen lanak batzen ditu. Artistak Dora Salazar Romo, Leire Sánchez Osta, Mari Puri Herrero Martínez de Nanclares, María Cortina Álvarez, Sandra Rilova, Nekane Manrique Mezquita, Andrea Abalia, Lide Kaltzada Uriagereko, Aitana Campo García, Raquel Asensi, Damaris Pan Vega, Claudia Aguinaga, Estíbaliz Ortiz de Laiseca, Angela Rivas Pascual, Mara Ona Lapiedra, Leire Lacunza Miranda, Paula Huarte Cosin, Amaia Molinet, Andrea Plaza Blanco eta Ihintza Arakistain Lopategi dira.

Erakusketa horrek, momentuz, amaierea emoten deutso Batzar Nagusietatik arte eta kulturan egin dan inbertsinoa Bizkaiko herritarrei ezagutarazoteko Bizkaiko Parlamentuak aspalditik antolatu dauen erakusketen zikloari. EHUk talentua sortzeko leku lez egindako prestakuntza-lanari balioa emoteko balio izan dau, artista horreetako asko Arte Ederretako fakultadetik igaro dira-eta.

 

GERNIKAKO, GEREDIAGAKO ETA ABELLANEDAKO BATZAR ETXEAK

Aste Santu honetarako beste plan on bat Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeak bisitetea izango da. Jaiegun horreetan, Gernikako egoitzak Europako sistema legegile zaharrenetakoaren “alma materra” ezagutzeko gogoz datozan milaka persona batzen ditu. Gernikako Batzar Etxearen barrukaldea bisitetea dobakoa da, baina eukierea mugatua danez, komenigarria da webgunearen bitartez hitzordua erreserbetea. Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara lanegunetan. Eta jaiegunetan ordutegia 19:00ak arte luzatuko da.

Gerediagako (Abadiño) Batzar Etxea, Durangoko Merinaldeko Batzar Nagusiak antxina alkartzen ziran lekua, astelehenetik barikura egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan 10:00etatik 19:00etara.