BIZKAIAK EGUNGO AUTOGOBERNUAREN OINARRI HISTORIKOA DEN FORU BARRIAREN ONARPENAREN V. MENDEURRENA (1526 – 2026) OSPATZEN DU

  • Bizkaiak Foru Barriaren 500 urteak ospatzen ditu, Lurralde Historikoaren nortasuna eta autogobernua definitu duen testua. Hainbat ekintza akademiko, instituzional, kultural eta hezigarriren bidez efemeride honek herritarrei Foru Barriaren esanahia eta gure kultura politiko eta sozialean utzi duen arrastoa ezagutarazteko aukera emango die. Hasiera-hasieratik Forua bere berrikuntzagatik eta berdintasuna, askatasunak, paktismoa eta nortasun kolektiboa bezalako printzipio aurreratuak aurkezteagatik nabarmendu zen. Bere ondarea, gaur egun oraindik, gure egungo eta etorkizuneko autogobernuaren oinarria da.

 

(Gernika, 2026ko urtarrilaren 16an).- Bizkaiko Lurralde Historikoarentzat 2026an  Foru Barriaren V. Mendeurrena ospatzea lehen mailako efemeridea da. Ospakizuna aukera paregabea da foru-erakundeen historiari balioa emateko, herritarrei Foruaren esanahia hurbiltzeko eta askatasun historikoek Bizkaiko bizitza politiko eta sozialean euren arrastoa nola utzi duten erakusteko.

Gaur Gernikako Batzar Etxean egin den aurkezpen-prentsaurrekoan, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ana Otadui, Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Gregorio Monrealek, legelari eta unibertsitateko irakasleak, parte hartu dute. Ekitaldi horretan azpimarratu da Foru Barriak gure lurraldeko foru-erregimenaren funtsezko oinarriak finkatu zituela eta garai modernoko Bizkaiko lege-multzo garrantzitsuena dela.

Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez Bizkaiko Foru Barriaren bostgarren mendeurrena azpimarratu, goraipatu eta ospatu beharreko gertakizuna zan. “Arrazoi bi aipatatuko dodaz hori justifikatzeko: bat, bostehun urte ez dirala hasperen xinple bat, aipatzeko moduko denbora-tarte luzea eta bi, Foru Barria, aparteko garrantzia duen testu juridikoa izan dala -eta dala- Bizkaiko erakunde foralen moldakuntzan, bizkaitarron arteko elkarbizitzaren arauketan eta gure identidade politikoaren osaketan” Era berean, aurreratu duenez, "Foru Berriari balioa emateko esparruan, Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzea kudeatzeko aukera aztertuko dugu – egia esan, aztertzen ari gara”.

Bestetik, Ana Otadui Biterik esan duenez, “Foruak Bizkaiko autogobernuaren sistema historiko eta tradizionala dira, gure nortasuna, ituna, poderearen mugaketa eta eskubideen bermea oinarri dituela”. Eta hauxe gehitu du: “Foru Barriak esanahi berezia dauka Bizkaiko Batzar Nagusien ikuspegitik. Ez bakarrik Batzar Nagusiak izan ziralako 1526an onartu ebenak, baita erakundearen gaur egungo funtzinoa be hortik datorrelako, Bizkaiko herritarren ordezkariek Batzar Nagusietan eztabaidatzen, hitzartzen eta onartzen ditue-eta lurraldearentzako arauak. Gaur eguneko Batzar Nagusiak foru-tradizino horren oinordeko zuzenak dira, autogobernua, itunbidea eta askatasunen defensea oinarri hartuta”.

Azkenik, Gregorio Monrealek “sistema politiko propioaren muina bizkaitarrek Batzar Nagusiaren eta haren organo delegatuen, Erregimentuaren eta Diputazio Nagusiaren ordezkaritza-batzarraren bidez beren kabuz gobernatzeko zuten eskubidean zegoela” esan du.

Foru Barrian jasotako printzipioen espiritu historikoa eta indarra era oso argian jasotzen dira "Izan zirelako gara" leloan, Foru Barriaren jarraipena eta honek Bizkaiaren nortasunean eta autogobernuan gaur egunera arte izan duen eragina gogorazten duena.

 

FORU BARRIAREN HISTORIA

Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.

1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.

 

OROITZAPENEZKO JARDUERAK

Foru Barriaren V. Mendeurrena askotariko programazioarekin ospatuko da, ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak barne. Jarduera hauen helburua Foruaren garrantzi historikoa eta garaikidea herritarrei hurbiltzea da.

Programatutako sinposioen artean datorren astean Bilboko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan egingo dena daukagu. Iura Vasconiae Fundazioak antolatzen du eta izenburua  "1512ko Bizkaiko Foru Barri edo Erreformatuaren onarpenaren 500. urteurrena" da. Beste alde batetik, azaroan "Euskararen garrantzia Foruan" jardunaldia antolatuko da eta hilabete horretan bertan Bizkaiko foru-erakunde zibil eta publikoei buruzko jardunaldiak egongo dira.

Era berean, EHUren udako ikastaroak nabarmentzen dira, Bizkaiko Foruak Europako askatasunaren historian duen garrantzia ardatz hartuta; ikastaro horiek ekainean izango dira. Azkenik udazkenean egingo den kale-ikuskizun antzeztu ibiltariaren berri eman da, bai eta Ahaldun Nagusiaren eta Batzar Nagusietako lehendakariaren parte-hartzearekin urte amaieran Gernikan egingo den Osoko Bilkura Txiki batena ere.

Aurreikusitako programazioaren beste mugarri garrantzitsu batzuk izango dira Batzar Etxean ekitaldi instituzional bat egitea, Euskadiko agintari gorenak bertan direla, eta, azken ekitaldi gisa, Foru Barriaren jarraipena sinbolizatzen duen Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea.