BILBAO BASKETEK BAT EGIN DAU BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENAGAZ

(Bilbon, 2026ko maiatzaren 3an). Bilbao Basketek ekitaldi sinbolikoa egin dau gaur kantxan, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) bosgarren mendeurrenaren ospakizunagaz bat egiteko, FIBAren Europako Kopako txapelketea lortu eta lau egunera. Lehen taldeko jokalariek, klubeko presidenteagaz eta entrenatzaileagaz batera, efemeride honen logo ofiziala dauen kartel bat jarri dabe, kirol munduak lurraldearen historiagaz eta nortasunagaz dauen konpromisoa azpimarratuz.

Ekimenaren helburua, mugarri historiko horren garrantzia Bizkaiko gizartearen esparru barrietara eroatea da. Foru Barria ez da iraganeko dokumentua bakarrik, "Bizkaiko autogobernuaren sistema historiko eta tradizionala" eta bere komunidadearen "nortasunaren ikur argia" be bada. "Izan zirelako gara" lelopean, klubak balioa emon gura deutso egungo autogobernuaren oinarria dan ondareari.

Klubaren argazki ofizialaz gan, Foruari buruzko dibulgazino-bideoa proiektau da, zaleek hobeto ezagutu ahal izan deien XVI. mendean bizkaitar guztiek legearen aurrean eben bardintasuna, torturaren debekua eta askatasunaren bermea atxiloketa arbitrarioen aurrean (habeas corpus) lako oso printzipio aurreratuak ezarten ebazan testu juridikoa.

Bilbao Basketen ekitaldi honek beste zabalkunde ekimen batzuakaz egiten dau bat, Bizkaian zehar ibiliko dan erakusketa ibiltaria kasu. Hain zuzen be, maiatzaren 1etik aurrera, erakusketa hori Zazpi Kaleak metro geltokian dago (San Nikolaseko urteeran), herritarren askatasunak, zintzotasunak eta salbuespenak bermatzen ebazan foru erregimenaren zehetasunak herritarrei helarazoteko.

Kinu horregaz, Bilbao Basketek ordezkatzen dauen gizarteagaz dauen lotura indartzen dau, 1526an eguneratu ondoren, mendeetan zehar atxikimendu sakona izan dauen eta Bizkaiko alkarbizitzaren eta zuzenbidearen funtsezko zutabea izaten jarraitzen dauen arauaren bost mende ospatuz.