Gernikako Batzar etxea

Batzar-aretoa

Batzarretxearen erdigunea da, Areto horretan egiten dira-ta Bizkaiko Batzar Nagusiak. Batzar Nagusiena oso antxinako erakundea da. Jatorria Ertaroan dabe, orduko ohitureari jarraituz kanpoan, Gernikako Haretxaren ondoan, egiten zirala Batzarrak.

Orduko aro hareetan, Haretxetik hur, Antiguako Andra Mari ermitaxua egoan, Batzarrak egin aurreko eleizkizunetarako eta Bizkaiko Jaunek foru-zina egiteko. Denporeak aurrera egin ahala, Batzarrak ermita barruan egiten hasi ziran.

1826.etik aurrera, erakundearen beharrizanak hobeto beteteko etxe egokia behar zala-ta, jatorrizko ermitea bota egin zan eta gaur egun dagoan etxea egiten hasi, Antonio de Etxebarria arkitektoaren eskutik. Herri-gauzak eta erlijinoarenak alkarlotuta egoteko ohitureari jarraiturik, Batzar-Aretoa be gauza bietarako balio izateko pentsatuta egoan.

Eleizea eta Legebatzarra da aldi berean. Gaur egun Arlo politikoa nagusitu egin dan arren, bertan jarraitzen dabe altareak eta ur bedinkatutarako harriek, aspaldiko ohituren erakusgarri.

Obra piktorikoak

Aretoaren apaingarrien artean nagusi dira margo-lanak. Alde batetik Bizkaiko Jaunen erretratuak dagoz aretoaren inguruan. XVII. mendekoak dira, Sebastian de Galbarriartuk eta Bustrín anaiek egindakoak. Erretratuen goikaldean hamar txartel dagoz, Bizkaiko Jaunen batzuk foruen zina noiz egin eben gogoratzeko.

Jaunek herrialdean agintea euki gura baeben, Foruak gorde eta beteko ebezala zin egin behar eben, Foruok herriak, ohituran eta ekanduetan oinarrituta, bere buruari emondako legeak ziran-eta.

 
Mendieta'tar Francisco

Fernando Katolikoa Erregeari egindako esku-mosua

"Bizkaitarrek Fernando Katolikoa Erregeari 1476.ean egindako esku-mosua" Mendieta'tar Franciscok 1609.ean margoztutakoa. Historia aldetik balio handikoa da, inguru hau jatorrian zelangoa zan erakusten deusku-ta. Etnografia aldetiko balioa be badauka, orduko bizkaitarren janzkerea margoztu ebalako.

 
 
Anselmo de Guinea

Bizkaiko Jaun baten zin egitea

"Bizkaiko Jaun baten zin egitea", Anselmo de Guineak 1882.ean margoztutakoa.