BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK AEB-ETAKO ARLO POLITIKOKO, AKADEMIKOKO ETA ENPRESA ARLOKO PERSONA GARRANTZITSUAK HARTU DITU

  • Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dauen “Euskadi Learning Tour” dalakoaren zazpigarren edizinoaren barruan dagoz Euskadin bisitan.


(Gernikan, 2023ko bagilaren 19an). Estadu Batuetako ordezkaritza batek Gernikako Batzar Etxea bisitau dau gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bultzatzen dauen “Euskadi Learning Tour” ekimenaren zazpigarren edizinoaren barruan. Hainbat arlotako –enpresea, ikerketea, politikea, irakaskuntzea, energia berdea edo garapen jasangarria– lau persona ezagunek osatutako Ipar Ameriketako ordezkaritzea Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako jarduneko lehendakariak hartu dau. 

“Euskadi Learning Tour” ekimenaren helburua Euskadirentzat lehentasunezkoak edo interesgarriak diran herrialdeetatik datozan personei gure lurraldeko gauzarik nabarmenenak eta berezienak ezagutarazotea da. Instituzinoetatik eta autogobernutik hasi eta gure azpiegitura fisiko eta teknologikoetaraino, edo proiektu barritzaile garrantzitsuenetaraino, bai eta nazinoartean aintzatetsitako gure gastronomia, gure kultur ondarea, ingurunearen edertasuna eta gure jentearen adeitasuna be.

Gernikako Batzar Etxean ordu batzuk emon dituan ordezkaritzea, euren arloetan erantzukizuneko karguak dituen personek osotzen dabe. Honeek dira: David N. Biette, Ekialdeko Eskualdeko Estaduko Gobernuen Kontsejuko zuzendaria; Laura Goldberg, Houstongo Etorkizunerako Zentroko Ekimen Estrategikoen, Komunikazinoen eta Partaidetza Komunitarioaren presidenteorde seniorra; Marc R. Pacheco, Massachusettseko senataria; eta Anthony F. Pipa, Garapen Jasangarrirako Brookings Institution Zentroko ikertzaile seniorra. Estadu Batuetako ordezkaritzea Euskadik Estadu Batuetako dauen ordezkaria dan Unai Telleriagaz batera etorri da.

Foru egoitzea interes handiko nahitaezko bisita leku bihurtu da Bizkaia bisitetan daben guztientzat. Oraingo honetan, Estadu Batuetako ordezkaritzak interes berezia erakutsi dau Europako parlamenturik zaharrenetakoa dan Gernikako Batzar Etxea ezagutzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak lagunduta, Estadu Batuetako taldeak foru parlamentuaren egoitzako egonleku nagusiak bisitau ditu, eta kanpoan argazkia atera dau, Euskal Herriaren bakearen, demokraziaren eta askatasunaren sinbolo unibersalena dan Gernikako Arbolaren ondoan.