KULTUREAREN IKUSPEGI MULTIFAZETIKO ETA FEMENINOAK ITXIKO DAU “EMAKUMEAK BIZKAIAN” JARDUNALDIEN V. EDIZINOA

  • Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Emakumeak Bizkaian. Aurrerapen eta sororitateko ibilbideak” jardunaldiaren barruan antolatutako lau mahai-inguruak kulturearen ikuspegi femeninoagaz amaitu dira gaur arratsaldean, hainbat alderdi edo diziplinaren ikuspegitik, euskerea, musika klasikoa, gastronomia eta argazkilaritzea, besteak beste.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 25ean). Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordeak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien beste ziklo bat antolatu dabe zezeil honetarako. Zikloan sartutako mahai-inguruak gaur arratsaldean amaitu dira, hainbat diziplina sailetatik Bizkaiko kultur esparruaren erradiografia egin daben emakumezko ahots nabarmenen ekarpenagaz. 

Bilboko Batzar Nagusietako egoitzatik honeek pasau dira gaur euren esperientziak kontetako: Igone Etxebarria Zamalloa, Labayru Fundazinoko Zuzendaria, Euskal Filologian lizentziaduna (UD/DU), eta Euskaltzaindiko kidea (1996); Ane Legarreta Méndez, ESASeko (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) presidentea eta sortzailea; Ana Vega Pérez de Arlucea, gastronomia arloko kazetaria, sukaldaritzaren historiako ikertzailea, Gastronomia Sari Nazionala (2018) eta Euskadi Gastronomia Saria (2022) “Kazetaritza-lan onenari”; eta Begoña Zubero Apodaca, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta New Yorkeko School of Visual Arts-en Irudi eta Soinu ikasketak dituan artista sortzailea eta argazkilaria.

Lau hizlariak, Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasle emerituak eta EAEren adiskide numerarioak moderatuta, euren laneko esperientzian oinarritu dira emakumeek kulturearen munduan daben errealidadea zelan ikusten daben marrazteko, eta emakumeek sektore horretan datozan urteetan izango dituen erronkei eta aukerei buruzko eretxia emon dabe. Batez be emakumezkoak izan diran eta Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi aretoa barriro bete daben ikus-entzuleek oso arlo zehatzetan (euskerea, musika klasikoa, gastronomia eta argazkigintzea) zentrautako gogoetak entzun ditue, Ana Otadui Biteri lehendakaria bertan zala.

Zezeileko martitzenetan egindako “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien V. edizinoko lau saioak baliagarriak izan dira emakumearen arazoak eta gaur egungo gizartean dauen rola aztertzeko. Helburua zan emakumeak ikusarazotea, hareen aurrerabideari buruzko ebidentziak erakustea eta gainditu bako erronkak eta desafioak mahai gainean jartea. Kulturaren arloan sakontzeaz gain, berbaldi ziklo honek arlo juridikoan, landa ingurunean edo enpresa munduan hobetu beharreko alderdiak be jorratu ditu.