EMAKUMEEN BEGIRADA ESPARRU JURIDIKORA, “EMAKUMEAK BIZKAIAN” ZIKLOAREN BIGARREN JARDUNALDIAN

  • Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako lau mahai-inguruak zezeileko martitzen guztietan egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo). Sarrera librea eta doakoa da leku guztiak bete arte.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 11n). Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (EAE) Bizkaiko Batzordeak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien beste ziklo bat antolatu dabe zezeil honetarako. Egindako lau jardunaldietatik bigarrenak, “Bizikidetza arauak: emakume legelariak Bizkaian” izenekoak, zuzenbidearen munduan ibilbide sendoa eta nabarmena daben hiru emakumeren esperientziak jaso ditu. Euren bizipenak kontatzera Batzar Nagusietako Bilboko egoitzara etorri dira Adela Asua Batarrita, EHUko Zuzenbide Zibileko katedraduna, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordea eta Estadu Kontseiluko kide iraunkorra; Reyes Goenaga Olaizola, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidentea; eta Maite Portus Saratxo, Familia Zuzenbidean aditua dan abogadua. 

Hiru hizlariak euren laneko ibilbidean oinarritu dira emakumearen errealidadea marrazteko betidanik gizona nagusi izan dan eremuan –juridikoan–, eta emakumeak datozan urteetan izango dituan erronkei buruzko eretxia emon dabe Inés Pellón González EHUko irakasle eta EAEren adiskide numerarioak moderautako mahaian. 

“Emakumeak Bizkaian” jardunaldien V. edizino honek emakumearen arazoak eta gaur egungo gizartean beteten dauen lekua aztertzeko balio dau. Helburua da emakumeak ikusarazotea, hareen aurrerabideari buruzko ebidentziak erakustea eta gainditu barik dagozan desafioak eta erronkak mahai gainean jartea. Horretarako, edizino honetan, “Emakumeak Bizkaian. Aurrerapen eta sororitateko ibilbideak” izeneko mahai-inguru sortea diseinau da, lau arlotan (zuzenbidea, kultura, enpresa eta landa-ingurunea) lan egiten daben emakume adituen partaidetzeagaz.