BOSNIA ETA HERZEGOVINAKO TOKIKO AGINTARIEN ORDEZKARITZAK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DAU

  • Balkanetako herrialdeko 38 udal-ordezkarik osotutako taldeak Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzea ezagutu dau, memoria, bizikidetzea eta kohesino soziala aztertzeko egindako bisitearen barruan.

 

(Gernikan, 2026ko urriaren 22an). Bosnia eta Herzegovinako tokiko 38 buruzagi, udal-agintari eta behargin teknikoz osotutako erakunde-ordezkaritzak bisitea egin dau gaur Gernikako Batzar Etxera. Balkanetako 23 komunidadeko alkate eta udal-funtzionarioz eta Bosnia eta Herzegovinako Asanblea Parlamentarioko ordezkariz osotutako taldea Bizkaiko Parlamentuaren egoitzan hartu dabe Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek.

Jardunaldian zehar, segizinoak ibilbide gidaua egin dau foru barrutian zehar, eta tokiko erakundeek gatazken eraldaketan, memoria historikoaren politiketan, biktimen arretan eta bizikidetzarako hezkuntzan beteten daben zereginaren inguruko hartu-emon instituzionala izan dau. Ordezkaritzak Osokoen Aretoa, Beiratearen Aretoa eta Liburutegia ezagutzeko aukerea izan dau, baita Gernikako Arbola enblematikoaren ondoan argazkiak aterateko aukerea be.

Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako harrera hau Bosniako ordezkaritzea Euskadin eta Nafarroan urriaren 19tik 23ra egiten dabilen azterketa-bisitearen barruan egin da. Ekimena Europar Batasunak finantzautako eta EBk, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak (EBLE), Nazino Batuek eta Europako Kontseiluak batera bultzatutako “Konfiantza eta kohesinoa indartzea Bosnia eta Herzegovinako komunidadeetan – Možemo Bolje” (“Hobeto egin geinke”) proiektuaren barruan sartzen da.

Lan-bisitaren helburua bizikidetzearen, herritarren parte-hartzearen eta toki- zein foru-administrazinoaren eguneroko lanaren arloko euskal esperientzia partekatzea da. Gernikako Batzar Etxean egin dan topaketa horregaz, lurralde bietako agintariek eta behargin teknikoek bakearen eta gobernantza demokratikoaren arloko erakunde-lankidetzaren eta jardunbide onen trukearen loturak indartu ditue.