GERNIKAKO ARBOLEAREN BESTE OINORDEKO BAT ARI DA HAZTEN DURANGON, MURUETATORREKO LORATEGIETAN
- Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangoko alkatea eta Jokin Azkue Arrastoa HABEko zuzendari nagusia izan dira, eraikin enblematikoa dan eta orain, erabarritze integralaren ostean, beste zerbitzu publiko batzuen artean udal euskaltegia jasoten dauen Muruetatorre baserri erabarrituaren ondoan haretx gaztea landatzeko ekitaldi instituzinonalaren buru.
(Durangon, 2025eko zezeilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Durangoko Udalak Gernikako Arbolaren oinordeko barria landatu dabe gaur. Ale gaztea antxinako Muruetatorre dorretxeko lorategietan sartu dabe. Udalerriko eraikin enblematikoa da, eta erabarritze-prozesua jaso dau, udalerriko hainbat gizarte- eta kultura-baliabide jaso daizan, Udal Euskaltegiaren egoitzea izatea, besteak beste.
Holan, Gernikako Arbolearen leinuaren ale bat landatuz, “ikusgaitasun eta garrantzi handiagoa” emon gura jako, Udalaren berbetan, batez be euskerea eta berau ikastea sustatzeko egokitutako espazio publikoko gelak jasoko dituan espazio horri. 1660ko eraikinak berak 400 metro karratuko azalera eraikia dau, 1.100 metro karratuko lursailean. Haretxa higituezinaren ondoko lorategi txikian landatu da, neguan, quercusa lurrean hobeto finkatzeko garai egokienean.
Udalak bultzatu eta Bizkaiko Batzar Nagusiek babestutako ekimen horrek, Gernikako Arboleak Euskadiren historiaren, nortasunaren eta balio demokratikoen ikur lez dauen sinbolismoa be indartu eta zabaldu gura dau. Holan, Durangok bat egiten dau zugatz sagraduaren oinordekoa daben mundu osoko herriakaz. Foru Aldundiak egin dauen azkenengo zenbaketan oinarrituta, historiak erakusten dau orain arte Gernikako Arbolearen 400 oinordeko baino gehiago landatu dirala munduan zehar.
Landaketa ekitaldia goizeko 11:00etan hasi da, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangoko alkatea eta Jokin Azkue Arrastoa HABEko zuzendari nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideek eta udaleko talde politikoetako ordezkariek lagunduta. Agintariek eta bizilagunek bota deutsiez lehenengo lur-palakadak 7 urteko haretx txikiari. Durangoko sei ikastetxeak ordeztu dituen hamabi ikaslek, Durangoko Orfeoiak eta udalerriko dantzari eta txistulariak hartu dabe parte oinordekoaren landaketan.
Eskualdeko udalerri nagusiak beteta ikusi dau gaur udalerriko gune “pribilegiauan” Gernikako Arbolearen lehenengo oinordeko barria izateko gogoa. Izan be, Otaduiren eretxiz, Foru uribilduko haretxa “gure historiaren lekuko isila izan da, eta zoritxarreko garaietan batuta eta sendo egotearen garrantzia gogorarazoten deusku”. Gogoan daukagu Durango “gure historiako jazoera lazgarrien lekuko” izan zan 1937ko martiaren 31 ha”, ekarri dau gogora. Horregaitik, “Uste dogu landaketa honek esanahi berezia daukala. Data hori jatorku gogora. Baina, Gernikak lez, Durangok be jagiten eta euskal kulturearen erreferente handi bihurtzen jakin dau”, esan dau. Orain, udalerriak zugatza “mimoz eta maitasunez” zaintzea toketan da, oinordeko barri horrek “gure bake eta askatasunaren sinbolo unibersalena” irudikatzen dauelako.
Bere aldetik, eta lehenengo lur-paladak bota aurretik, Durangoko alkateak, urte askoan bertan egon eta gero herrian barriro bere lekua hartu dauen Gernikako Arbolearen oinordekoaren balio sinboliko sakona azpimarratu dau, “inoiz baino biziago jarraitzen daben gure herriaren, Euskal Herriaren, historiagaz, nortasunagaz eta balioakaz daukan konpromisoa adierazoten dauelako. Muruetatorre, Udal Euskaltegia, euskerearen etxea da Durangon eta, horregaitik, leku ezin hobea da Gernikako Arbolearen oinordekoa hartzeko”. Azpimarratu dauenez, Gernikako Arbolea, Euskal Herriaren erabagien ikurra ez eze, bakearen eta alkarrizketearen ikur be bada, “gaur egun inoiz baino gehiago behar doguna, bai hemen, bai munduan”. Ganera, gogora ekarri dauenez, Bizkaiko Jaurerriko lehenengo Batzar Nagusiak batzeko lekua zan haretxa, erronka handiak gainditu dituan gizartearen erresistentziaren eta jarraitutasunaren lekuko bihurtu zan denporeagaz. “Gernikako bonbardaketak, Durangokoak lez, zugatz hau gure eskubideen eta askatasunen sinbolo bihurtu eban, baita bakean oinarritutako etorkizuna eregiteko dogun gogoaren sinbolo be”, adierazo dau.
Ekitaldia amaitu aurretik, Batzar Nagusietako lehendakariak landatutako alea Gernikako Batzarretxeko egungo haretxaren ondorengoa dala egiaztetan dauen Benetakotasun Ziurtagiria emon deutso udalerriari. Akreditazino hori haretxaren alboan egin da. Bertan dagoan oroitzapeneko plakak jazoera hori oroimenean grabetan lagundu eta zugatzaren sinbolismoa ohoratzen dau.