AMA TALDE BATEK DESGAITASUNA DABEN ADINEKOENTZAKO KIROL EGOKITU GEHIAGO ESKATU DAU BATZAR NAGUSIETAN
- Aniztasun funtzionala daben 21 urtetik gorako personak eskaintza publikotik kanpo ixten dituan "hutsune legala" salatu eta aurrekontuko partiden barrikuspena eskatu dabe.
(Bilbon, 2026ko jorrailaren 28an). Gaur Bilbon egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera seme-alaba desgaituak dituen hiru ama etorri dira, kirol egokituaren jarraipena eskolako etapatik harago bermatuko daben egiturazko neurriak eskatzeko. Ekimenaren helburua funts publikoen kudeaketea sakon barrikustea eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala daben personen eskubideak betetea da.
Ainhoa Urones Pérez ekimenaren bozeroaleak salatu dauenez, "hutsune legala" dago, eta horrek kirol aukerarik barik ixten ditu desgaitasuna daben personak 21 urtera heltzen diranean eta eskola kirolean egiten daben aldia amaitzen danean. Azaldu dauenez, udal kiroldegiek oinarrizko ikastaroetara sartzea ukatzen deutsie, baliabide faltarengaitik, eta familia unidade guztiek euren gan hartu ezin daben gainkostu ekonomiko handia eskatzen daben erakunde pribaduetara bideratzen ditue.
Saioan zehar, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazinoari baliabideak kendu ostean zerbitzuak hondatu egin dirala adierazo da. Amek kritikau dabenez, aurrekontuetako partidak erakunde pribadu batean kontzentretan ari dira, eta, euren eretxiz, erakunde horrek ez ditu benetako gizarteratzearen eta ekidadearen beharrak asetzen.
Tokiko azpiegitura ezaren froga lez, nabarmendu da Bizkaiko kirolari askok ondoko erkidegoetara joan behar dabela, Kantabriara edo Errioxara, besteak beste, arraun egokitua, surfa edo neguko kirolak lako diziplinak egiteko, euren lurraldean egitea ezinezkoa dalako. Egoera hori ez dator bat 2026an Bizkaia Kirolaren Europako Eskualdea izateagaz.
Erakundeei egindako eskaerak ez dau eskubide barririk eskatzen, indarrean dagoan legeria betetea baino, kirola sozializazinorako eta autonomia pertsonalerako tresnea izan daiten.
Batzar Nagusietako taldeek eskariak jaso eta hainbat ekintza proponidu ditue, eskari horreek erakunde eskudunei helarazoteko. Richar Vaquero Moreno Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak onartu dauenez, eskaerak sakoneko arazo publikoa erakusten dau, eta eredua barriro pentsetea eskatzen dau, familien ahalmen ekonomikoaren eta erakunde pribaduen menpe egon ez daiten, bizitza osoan zehar sare publiko irisgarria eta finantzaketa egonkorra bermatuz.
Ildo berean, Bizkaiko Talde Popularreko Raquel González Díez-Andinok zalantzan jarri dau lehen federazinoak zuzentzen eban funtsen kudeaketearen aldaketea, eta aurreko eredura itzultzea aztertzea edo erabiltzaileei zuzenean galdetzea proponidu dau, konponbide eraginkorrak diseinetako.
EH Bilduko Urtzi Ostolozaga Arrien batzordekideak, bere aldetik, tokiko baliabide faltak familiak Bizkaitik kanpo mobidutera behartzen dituala eta hori bazterketa onartuezina dala salatu dau, eta 21 urtetik gorakoentzako aurrekontu barrikuspena eta jarraipen plana eskatu ditu.
Foru gobernuari eusten deutsien taldeek entzuteko eta konpromisoa hartzeko jarrerea erakutsi dabe, baina gaur egungo kudeaketa-esparrua justifikauta. Berta Campo Prietok, Euskal Sozialistak ordeztuz, kirola kohesinorako eta autonomiarako funtsezko eskubidea dala berretsi dau, eta eskari horreek sail eta erakunde eskudunei helarazoteko konpromisoa hartu dau, konponbide bateratuak aurkitzeko lan egiteko.
Bukatzeko, José Antonio Lamborena Barreras Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak azaldu dauenez, lurraldea eredua egokitzeko prozesuan dago, Euskadiko araudiari jarraituz, kirol egokitua ohiko federazinoen egituretan apurka-apurka sartu ahal izateko. Trantsizino horrek epe laburrean zailtasunak eta ziurbakotasuna sortu leikezala onartu dauen arren, aldaketak epe ertain eta luzera benetako aukera gehiago eskaintzea bilatzen dauela defendidu dau.