EUSKAL ERAKUNDEEK GERNIKAN EGINDAKO EKITALDIAK HERRI IJITOAREN AINTZATESPENA ETA BIZIKIDETZEA BULTZATU DITU
- Eusko Jaurlaritza, Batzar Nagusiak, Aldundiak eta EUDEL Gernikako Batzarretxean alkartu dira gaur, Herri Ijitoaren Nazinoarteko Egunean, Herri Ijitoaren Sustapen Osorako eta Parte-hartze Sozialerako Kontsejuari harrerea egiteko. Kontsejuak herri ijitoa aintzatesteko eta beragaz alkarbizitzan aritzearen aldeko eta ijitoen aurkako jarreraren kontrako Erakunde Adierazpena irakurri dau.
(Gernikan, 2025eko apirilaren 8an). Herri Ijitoaren Nazinoarteko Egunean, herri horregaz adiskidetasun ekitaldia egin da Gernikako Batzarretxean. Herri Ijitoaren Sustapen Osorako eta Parte-hartze Sozialerako Kontsejuko eta euskal erakunde nagusietako –Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, Batzar Nagusiak eta EUDEL– ordezkariak Gernikako Arbolaren ondoan alkartu dira, herri ijitoaren aintzatespena eta bizikidetzea bultzatzeko eta ijitoen aurkako jarreraren kontrako Erakunde Adierazpena zabaltzeko.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek ekitaldian parte hartu daben persona garrantzitsuak hartu ditue, horreen artean Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Esther Apraiz EUDELeko presidentea, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaria eta Euskadiko Ijitoen Kontsejuko ordezkari ugari, Bartolomé Jiménez Presidenteordea taldeko buru zala.
Ekitaldia emakume ijitoz osotutako Gure Golé abesbatzak hasi dau. Ohorezko aurreskuaren ostean Herri Ijitoaren Sustapen Osorako eta Parte-hartze Sozialerako Kontsejuko presidentea be badan Nerea Melgosa sailburuak testuinguruan jarri dau Foru Aldundian egindako ekitaldia, eta, ondoren, kide bik manifestua irakurri dabe. Adierazpena Herri ijitoagazko 2022-2026 Euskal Estrategiaren barruan dago. Estrategia horrek kolektiboak jasaten dauen diskriminazino historiko eta estrukturala gainditzea dau helburu. Hain zuzen be, aurton 600 urte beteko dira herria Penintsulara heldu zanetik.
Ildo horretan, adierazpenak azpimarratzen dauenez Euskadik “komunidade politiko eta sozial aurreratua, demokratikoa, plurala eta inklusiboa izan gura dau, persona guztiek euren giza eskubide guztiak guztiz errespetauta eta bermatuta izango dabezan eta nortasun propioa eta edegia izango dauen ondoizate-gizartea eregiteko”. Adierazpenaren ondorioz, euskal erakundeek konpromisoa hartu dabe ijitoek Euskadin egiten daben ekarpenaren ikusgaitasuna errazteko, eta gizarte-, politika- eta kultura-arloko erabagiguneetan eta foroetan ijitoen parte hartzea eta presentzia ziurtatzeko neurri zehatzak sustatzeko.
Modu berezian, EAEko erakundeek aurrera egin behar dabe euren politiketan, eta modu eraginkorrean inplementau eta ebaluau behar diran helburu, adierazle eta neurriak dituen plan eta estrategia barriak ezarri behar ditue, ikuspegi intersekzionaletik, eta ijito ez dan euskal gizartearen gehiengoari zuzendutako komunikazinoan, prestakuntzan eta sentsibilizazioan arreta berezia jarrita. Adierazpena bihar be irakurriko da, goizeko 09:00etan hasiko dan Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko osokoaren hasieran.