MUNDU SOLIDARIOAN ERREFERENTE DIRAN HIRU EMAKUME IZAN DIRA ‘EMAKUMEAK BIZKAIAN’ EKIMENAREN HIRUGARREN JARDUNALDIAREN PROTAGONISTAK
- Reyes Villanueva, Manos Unidas erakundeko Bizkaiko presidentea; Mª Jesús Gómez, Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoko Ama Nagusia; eta Eva Rodríguez, Carmen Gandarias Fundazinoko Gizarte Arloko zuzendaria dira.
- Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiakaz lankidetzan antolatzen dituan “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien hirugarren edizinoa da, eta zezeileko martitzenetan ari da egiten Bilbon, “Talentua, lankidetzaren kultura eta gizarte proiekzioa” izenburupean.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 21ean) Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako berbaldi-aretoak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (RSBAP) Bizkaiko Batzordeak Batzar Nagusiakaz batera antolatzen dauen ‘Emakumeak Bizkaian’ zikloaren hirugarren mahai-ingurua hartu dau gaur. Jardunaldi horreen helburua emakumearen arazoetan eta egungo gizartean dauen rolean sakontzea da, emakumearen aurrerapenak, erronkak eta aukera barriak erakusteko. Zikloa zezeileko martitzen guztietan ari da egiten Bilbon, “Talentua, lankidetzaren kultura eta gizarte proiekzioa” izenburupean.
Hirugarren mahai-inguru horretan, gizartean eta alkartasunean erreferente diran eta persona behartsuenen aldeko proiektu sozial askotan sartuta dagozan hiru emakumek hartu dabe parte. Honeek dira: Reyes Villanueva, Manos Unidas erakundeko Bizkaiko presidentea; Mª Jesús Gómez, Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoko Ama Nagusia; eta Eva Rodríguez, Carmen Gandarias Fundazinoko Gizarte Arloko zuzendaria. Ana Rallo EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko katedraduna eta RSBAPeko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da moderatzailea. Zalantzarik barik, gogoetarako eta emakumeak gizarte lankidetzaren munduan dauen eginkizunean sakontzeko aukera parebakoa.
RSBAPeko Bizkaiko Batzordeak hizlari talde aukeratua alkartu dau zezeilean zehar, eta horreen artean Zientzia, Medikuntza, Zuzenbidea, Arteak, Kultura, enpresa jarduera edo hirugarren sektorea eta gizarte lankidetzaren arloko liderrak dagoz. Holan, jardunaldi honeetara bertaratu diran ikus-entzuleek arlo horreetako bakotxean erreferente diran emakumeen eretxia entzuteko aukerea izan dabe.
Emakumeen ahots horreek, mende honetan emakume bizkaitarrak aurrean dituan planteamentu, kezka, rol eta erronkei buruzko emakumeen kontakizun barriak erakutsi ditue. Holan, Reyes Villanuevak ia bizitza osoan boluntario eta Manos Unidas-eko partaide eta 2019tik gobernuz kanpoko erakunde horren Bizkaiko ordezkaritzako presidente lez bizi izan dauen esperientzia kontau dau. Urte honeetan, Villanuevak Manos Unidas erakundeak lantzen dituan proiektuetan parte hartzeko aukerea izan dau, eta batez be herritarrak kontzientzietako sentsibilizazino lan handia egin dau.
Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoaren Egoitzaren lana Mª Jesús Gómezek, kongregazino horretako Ama Nagusiak, erakutsi dau jardunaldian. Kongregazino hori emakume batek sortu eban XIX. mendearen amaieran. Jesusen Zerbitzariak erizaintzakoak edo ospitalekoak izena hartzen daben ordenen arteko bat dira, eta erlijino-emakume horreek zeregin garrantzitsua izan eben garai haretako osasun-beharrak asetzeko orduan. Gaur egun, Zerbitzariek lan bera egiten jarraitzen dabe, eta horren eredu da HIESa daukien gaixo terminalakaz egiten daben beharra.
Azkenik, Eva Rodríguezek Carmen Gandariasen irudia azalduko dau, Bizkaian bere lan filantropikoaren garapenean aitzindaria izan zan emakume lez, bere izena daroan Fundazinoaren sorreraren bidez eta bizi zala egin eban ongintza-ekintzaren jarraitzaile lez.