BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO TALDE GUZTIEK AMIANTOAGATIKO KALTE-ORDAINAK ERRENTAREN GANEKO ZERGAN SALBUETSITA EGOTEA DEFENDIDU DABE

  • Elkarrekin Bizkaiak gai horren inguruan aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren eztabaidan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “bidezkoa” ikusten dabe amiantoaren biktimei emoten jakezan konpentsazinoek PFEZren zerga-oinarrian eraginik ez izatea.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu oinarrizko elikagaien BEZaren jatsierea beteten dala kontroletako eskatzea Eusko Jaurlaritzari.

 

(Bilbon, 2023ko martiaren 8an). Batzar Nagusietako talde guztiak amiantoaren biktimen konpentsazinoen zerga-salbuespenaren alde agertu dira gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean. Saioan gogora ekarri dabenez, salbuespena Amiantoaren Biktimen Alkartearen aldarrikapena da, eta “justizia kontua” da zerga-araudiak salbuespen hori PFEZn sartzea, beste salbuespen batzuekaz gertatzen dan moduan. 

Amiantoaren biktimentzako konpentsazino funtsa sortzeari buruzko urriaren 19ko 21/2022 Legea onartu ostean Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeek gai horri buruzko aho bateko erabagia hartzen daben lehenengo aldia da. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak emon dituan datuen arabera, “25.000 euskal behargin egon dira amiantoagaz kontaktuan 80ko hamarkadatik” eta kalkuletan danez, “700 persona baino gehiago” hil dira lanean material hori manipuletearen ondorioz.

Eztabaidea Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat eguneko gai zerrendan sartu ahal izan dalako sortu da. Bertan, “Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauan egin beharreko aldaketak egitea” eskatzen jakon Aldundiari, konpentsazino horreek “zergetatik salbuetsitako errentatzat hartzeko”. EH Bilduren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren aldeko botoak jaso dituan arren, ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa jaso dauelako.

Foru Gobernua eusten daben taldeek be salbuespena defendidu dabe, baina ziurtatu dabenez, “ez da beharrezkoa” foru arauak beren beregi jasotea. Gaia Zergak Koordinetako Organuan aztertuta dago “daborduko” eta, Unai Lerma jeltzalearen berbetan, bertan neurri horren aldeko interpretazinoa egin da. Bizkaiko araudiak salbuespenen artean jasoten ditu legez eta epai bitartez onartutako kalte fisikoaren ondorizko zenbatekoan ordaintzen diran kalte-ordainak. “Argi dago konpentsazino horreek salbuetsita dagozala”. “Nik argi eta garbi daukat jasoko dirala”, gehitu dau Alberto Álvarez Castejón sozialistak.

Batzar Nagusietako oposizinoko taldeak, barriz, arauan salbuespen hori sartzearen alde agertu dira, beste konpentsazino batzukaz egiten dan lez. De Madariagak azpimarratu dauenez, “daborduko egiten da” hori GIBak kaltetutakoentzako konpentsazinoakaz, eta gogora ekarri dau bere taldeak antzeko ekimen bat aurkeztu dauela beste lurralde bietan, harmonizazino fiskala eta BOEn argitaratu zanetik hiru hilebete geroago onartuta egon behar zan Araudirik ez egotea be “ez daitezan arazo izan”. Álvarez Castejónek baieztu dauenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osokoak EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk aurkeztutako ekimen “komuna” eztabaidatuko dau.

 

OINARRIZKO ELIKAGAIEN JATSIEREA

Beste alde batetik, Batzar Nagusiek ez dabe onartu Eusko Jaurlaritzari “elikagaien banaketarako kate handien larregizko errendimenduak zergapetzeko zerga berezia” ezartea eskatzen eutsan EH Bilduren arauz besteko proposamena. Elkarrekin Bizkaiaren aldeko eretxia jaso dauen arauz besteko proposamenak Gasteizko Jaurlaritzari zuzendutako beste eskari batzuk be jasoten ebazan: BEZaren jatsieraren garapena “modu proaktiboan kontroletea”, beharrezkoak diran kasuetan “isunak jartea” eta Elikatze Katearen Legea “betearazotea”.

Batzar Nagusietako Talde Berezia-PP Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe proposamena onartu. Popularren eretxiz, “zergak igotera” zuzendutako ekimena da, eta “zergapetze bikotxa” ezar daiteke. Foru Gobernua eusten daben talde bientzat “bideratuezina” izateaz gain, Eusko Jaurlaritzak ezin dau zerga berezirik ezarri, Ekonomia Itaunak ez dauelako horretarako aukerarik emoten. Prezioak kontroletako neurriei jagokenez, jeltzaleek eta sozialistek gai hori Eusko Legebiltzarrean, eskumenak dituan erakundean, eztabaidatzea eskatu dabe.

 

“DE MIGUEL” KASUA

Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaiak, Xabier Benito batzordekidearen berbetan, Alfredo De Miguelen kasuaren salatzaileak “2018ko martiaren 2an, salaketa hori berretsi behar baino 3 egun lehenago, jasan eban” ikuskapen fiskalari buruz galdetu deutso Ogasuneko foru arduradunari.

Araudiak kasu eta zergadun zehatzei buruzko informazinoa jakinarazoteko aukerarik emoten ez deutsola jakinarazo ostean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak zehatz-mehatz azaldu dau ikuskapen espediente bat zabaldu arte prozedurea zelan garatzen dan. Foru Ogasuneko arduradunak garrantzia kendu deutso Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak salatzen ebazan gertakari biak ia denporan bat etorteari, Ogasunaren ikerketak “hilebete batzuk lehenago hasi ahal izan diralako”.

Ogasuneko diputatuak azaldu dauenez, bere sailak zerga betebeharrak betetan ari ez dirala erakusten daben zantzuak ikusten dituanean, prozedurea hasten da, eta prozedura hori espediente bat edegita, edo ez, amaitu daiteke. Lehenengo fasean, Bizkaiko Ogasuneko hainbat zuzendariordetzako “lau funtzionariok”, gehienez, lehenengo ikerketak hasiko ditue, eta irregulartasun zantzuak ikusten baditue, Ogasuneko zuzendariari bialduko deutsiez. Espedientea edegita, kasua beste funtzionario bati esleitzen jako, espedienteari ekin deion. Hori dala eta, Iruarrizagak esan dau penagarria dala talde moreak “zalantzez betetea” prozedura horreek modu “objektiboan” eta “oso tasauan” gauzatzen dituen ikuskapen zerbitzuak.