ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ABELLANEDAKO INGURUMENAREN ETA ONDAREAREN INGURUKO IBILBIDE ZIRKULARRA ANTOLATU DAU MAIATZAREN 13AN

  • Ekimen kulturala Museoen Nazioarteko Egunaren barruan dago.
     
  • Aurretik emon behar da izena Enkarterrietako Museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus).

 

(Sopuertan, 2025eko maiatzaren 9an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak oinezko ibilbide zirkularra antolatu dau datorren martitzenerako, maiatzaren 13rako, Enkarterriko museoak berak, Enkarterriko Batzarretxeak eta paisaia-balio handiko inguruneak osatzen daben Abellanedako monumentu moltsoak ezkutetan dauen ingurumen arloko ondarea, ondare historikoa eta naturala ezagutzera emoteko. Jarduera horregaz, Enkarterriko museoak bat egingo dau maiatzaren 18an ospatzen dan Museoen Nazinoarteko Egunagaz.

Abellaneda-Bezi-Abellaneda ibilbidearen hirugarren edizinoa Enkarterrietako Museotik abiauko da, eta ondoan dagoan Abellaneda auzora joango da. Auzo horretan dagoz antxinako San Bartolome eleizea eta Urrutiako Dorrea, biak XVI. mendekoak. Ondoren, taldea mendian sartuko da, antxinako bideak jarraituz, Bezi auzora iritsi arte, eta berau osotzen daben XV. eta XVIII. mendeetako baserriak dituen hainbat herrixkatako (Duredo, La Llana, Cañedo...) landa-ondarea ikusiko dau.

Mendi tontorretik gertu, “Crónicas a pie de fosa” kolektiboko kide eta Aranzadiren laguntzailea dan Jesús Pablo Domínguez “Triskel” etnografoa batuko jako 10 kilometro inguruko ibilaldiari, eta bertan izandako Gerra Zibileko gertakariak kontauko ditu. Handik gitxira, Bezi auzoan, 1958an eregitako estilo funtzinonalistako San Kosme eta San Damian eleiza harrigarria bisitauko dau taldeak. Ondoren, ibilbideari jarraituko jako, barriro Museora iritsi arte.

Orain dala 40 urte baino gehiagotik urtero maiatzaren 18an antolatzen dan Museoen Nazinoarteko Egunaren (MNE) helburua, kultura-trukerako eta kulturak aberasteko, bai eta herrien arteko alkar ulertzea, lankidetzea eta bakea indartzeko be museoak bitarteko garrantzitsuak dirala kontzientzietea da.

 

ABELLANEDA-BEZI-ABELLANEDA IBILBIDEAREN HIRUGARREN EDIZINOA

Jarduerearen eguna: maiatzak 13

Urteerako ordua: 9:45

Urteerako lekua: Enkarterrietako Museoa (Abellaneda auzoa, z/g) Sopuerta.

Distantzia: 10 kilometro

Ibilbidearen gitxi gorabeherako iraupena: 3 ordu

Zailtasuna: ertaina

Ezinbestekoa da erropa eta oinetako egokiak eroatea

Izena emoteko: https://www.enkarterrimuseoa.eus