ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, BIZKAIKO HURRENGO LAN ESKAINTZAN DERRIGORTASUNA ATZERATZEA “BEHIN-BEHINEKO” NEURRIA IZANGO DA, EPAI IRMEA IZAN ARTE
- Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak berretsi egin dau erabagi hori, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan egin dauen Itaunari erantzunda.
- Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak Busturialdean zabaldutako entzute prozesua defendidu dau, eta Guggenheim Urdaibai eskualde horretarako proiektu eraldatzailea izan daitekela eta Bilboko kultur zentroak dauen oihartzun bera eukiko daikela esan dau.
(Gernikan, 2025eko martiaren 26an). Gernikako Batzarretxeak urteko hirugarren kontroleko osokoa jaso dau gaur goizean, zortzi gaigaz, 5 Itaun eta ahozko 3 erantzun-eske. Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak gaietako baten inguruan baieztu dauenez, Aldundiak erabagi “puntuala eta behin-behinekoa” hartu dau, bere hurrengo lan eskaintzan “plaza batzuetan” euskera-eskakizunen derrigortasuna atzeratzeko. Neurri hori, 2022ko lan eskaintza publikoa baliobakotzen eban Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra Aldundiak jarritako kasazino errekursoak ebatzi arte egongo da indarrean.
Rakel Goñi EH Bilduko batzarkideak gaitzetsi egin dau Foru gobernuak hizkuntza eskakizuna “nasaitzeko” hartu dauen erabagi “onartuezina”, eta joan dan barikuan Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zan ebazpen batek baieztu dauen lez hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna deialdiko lanpostuen % 50era “sine die” atzeratuta atzerapausurik ez emoteko jarrerea defendidu dau.
Koalizino abertzaleko batzarkideak jakinarazo dauenez, erabagi hori “hondamendia” izan daiteke, plaza horreetara sartzen diran funtzionario horreek 45 urte bete eta hizkuntza eskakizuna “inoiz be” egiaztau behar ez izateko atea zabaltzen dauelako, eta, beraz, “lanpostu horretan beste inor sartu arte ez litzatekelako bermatuko euskera mailea”. Bere eretxiz, ondorioak “atzerabueltabakoak” izango dira.
Aldundiko arduradunak erantzun dauenez, Aldundiak LEPetan segurtasun juridikoa “ahalik eta gehien” bermatzeko helburuagaz hartu dau erabagia, neurriak iraungitze datarik ez dauela ukatuz. Auzitegi Gorenean jarritako errekursoak ebatzi arte egongo da indarrean. Izagirrek adierazo dauenez, Aldundiaren erabagi “zuhurrak” ez dau herritarren “hizkuntza eskubideak bermatzea” eragozten, eta azpimarratu dauenez, aurkeztutako errekursoak ebatzi arte ezin dira “bertako eta Europako araudia beteteko beharrezkoak diran eta zerbitzu publikoak emotea bermatzen daben hautaketa prozesuak gelditu”.
URDAIBAIKO GUGGENHEIM
Beste Itaun batean, Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak Urdaibaiko Guggenheimen proiektua gauzatzearen inguruan Aldundiak erabagirik hartu ete dauen galdetu deutso Ahaldun Nagusiari. Kasu horretan, “entzuteko prozesua” ezarteko Foru gobernuak egindako azken proposamena prozesuari “zilegitasuna” emotea helburu dauen “bilgarri demokratikoa” edo “antzerkitxoa” baino ez dala esan dau.
Elixabete Etxanobek gogora ekarri dauenez, berak, bai hauteskunde kanpainan, bai, ondoren, Bizkaia Denontzat planeko gobernu akordioan, museoa beste erakunde batzuakaz batera bultzatzeko konpromisoa hartu eban, hainbat “parametro” kontuan izanda. Jarduketa ingurumenagaz arduratsua izatea eta proiektuak eskualdea gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik dinamizetako balio izatea.
Ahaldun Nagusiak ukatu egin dau “gehiengoak” proiektuaren kontrako eretxirik dauenik. “Oso gitxik baztertu dabe argi eta garbi”, ziurtatu dau. Halanda be, kaudimen zientifikoko erakundeek (Agirre Lehendakaria Center eta New Yorkeko Columbia Unibersidadea) egingo daben eta Eusko Jaurlaritzagaz edegi dan entzute prozesua defendidu dau, Busturialdea garapeneko eta ondoizateko etorkizunerantz gidauko daben narratibak eta elementu komunak identifiketako helburuagaz. “Ez gagoz aukerak pasetan ixteko”, ohartuarazo dau.
Kontsulta lotesleari buruz galdetuta, Etxanobek EH Bildu kritikau dau, museo barriaren instazinoaren inguruan bakarrik Busturialdeko herritarrek erabagitea gura izateagaitik, bertako biztanleak “Bizkaia osoko % 5era heltzen ez diran arren”, eta koalizino abertzaleak proiektua lurraldearentzat “eragin handikoa” dala onartu dauen arren.
Beste alde batetik, EH Bilduko bozeroaleak adierazo dau, antza, Busturialdeko eskualdearen “borondatea” “ez dala” proiektua gauzatzea, eta eskualde horri jagokola bere eretxia emotea, bertako biztanleek ingurunea “goitik behera eraldatuta” ikusiko dabelako. Bere eretxiz, “kontrako jarrerea aldekoa baino handiagoa” da. Adierazo dauenez, Europar Batasuna bera be naturguneen “artifizializazinoaren” kontra agertu da.
Beste Itaun batean, EH Bilduk Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen II. Maparen inguruan galdetu dau. 2023ko urrian, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa 2023-2026 onartu eban. Bertan, planaren helburua XXI. mendean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemea sendotzen laguntzea zala azpimarratu zan, gizarte-aldaketetara egokitzeko eta gizarte-babeseko euskal sisteman egoki txertatzeko. Plan horrek Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen II. Mapea egitea jasoten dau, eta Izaskun Duque batzarkideak Bizkaian agindu hori beteteko emoten ari diran “pausuei” buruz galdetu deutso Aldundiari.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak adierazo dauenez, plan estrategiko barriak lurraldeko gizarte zerbitzuen eskemea eguneratzeko aukerea emongo dau, eta Aldundiak zerbitzuen zorroa aztertzeko “lehenengo lanak” hasi dituala iragarri dau, datuak batzen joateko. Aldundiak Erakundearteko Mahaia “aurtengo lehenengo seihilekoan” biltzeko asmoa dauka.
117 SALTOKIREN ESKUALDAKETEA
Aldundiak Bizkaiko txikizkako merkataritzaren egoerea hobetzeko legealdi honetan emoten ari diran pausuak azaldu ditu. Pablo Gómez-Guadalupe Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak adierazo dauenez, sektore hori “egiturazko” arazoak eta “etenbako” gainbeherea jasaten ari da. Azken urte bietan bakarrik Bizkaiko establezimenduen “% 6a” itxi da.
Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak azaldu dauenez, bere saila lau ildotan ari da beharrean, erosteko ohituren aldaketak dirala-eta “eraldaketa prozesuan” dagoan sektorea hobetzeko. Azkenengo proposamena saltoki txikien irudia hobetzeko publizidade kanpainea aktibetea da. Ildo horri sektoreko alkarte nagusiakaz (Cecobi, Bizkaidendak eta Bilbodendak) egin beharreko profesionalizazino eta digitalizazino proposamenak gehitu behar jakoz, baita belaunaldien arteko errelebo-politikea be, 117 establezimenduren eskualdaketea ahalbidetu dauen NegoziON proiektua, adibidez. Ganera, emakume enpresaburuentzako laguntzea be jasoten da.
Saioaren azkenengo zatian oposizinoak bere gobernu ekintzagaz erlazionauta dagozan hainbat gairi buruz galdetu deutso Foru gobernuari. Holan, Bizkaiko Talde Popularrak BI-635 errepidearen segurtasunaren inguruko interesa agertu dau, urtarrilean Muxika parean izan zan eta hildako bat eragin eban harrapaketaren ostean. EH Bilduk, bere aldetik, gai bi erreserbau ditu osokorako: bata, Udalkutxako funtsetatik 57,7 milioi euro itzuli ostean Aldundiak udalen finantziazinoa bermatzeko moduari buruzkoa; eta bestea, Bizkaiko 26 udalerritan kutxazain automatikorik ez egoteari buruzkoa.