BANANDUTAKO GURASOEK PFEZ-AREN ARAUDIA ALDATZEA ESKATU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN, AITORPEN BATERATUA EGIN AHAL IZATEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean egon diran personek aurreko zerga-eredura itzultzea eskatu dabe, ezkontza- edo bikote-loturea desegin ostean ardurapeko adinbakoak dituen familiak pobretzea saihesteko.
     
  • Beste herritar bat Balmasedan berrindustrializazino eta energia proiektu bat aurkezteko agertu da saio berean.

 

(Bilbon, 2026ko maiatzaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak, Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergan (PFEZ) orain denpora gitxi egin diran arauzko aldaketek banandutako gurasoentzat daukien eragin negatiboa salatzen dauen herritarren ekimena aztertu dau gaur. Egoera horretan dagozan hiru personak, euren seme-alabakaz deklarazino bateratua egitea galarazoten dauen neurria barrikustea eskatu deutsie Batzar Nagusietako taldeei, egoera hori, banantzeak dakarren karga ekonomikoari gehitutako “zigor fiskala” dala uste dabelako.

Agertutako personetako batek, Lorena Ruiz Lanasek, adinbakoak baterako aitorpenean sartzeko ezintasuna “bidebakoa” dala esan dau, ondorengorik bako ezkonduek aukera hori badaukatela kontuan izanda. Ruiz Lanasek elikagai-pentsinorik jasoten ez daben emakumeen ahultasun bereziaz ohartarazo dau; izan be, orain egoera mingarriak judizializau behar ditue euren errealidadea modu formalean egiaztetako eta euren benetako familia-egoerak bermatzen ebazan onura fiskalak ez galtzeko.

María Itziar Buenrostro Iturbek, bere aldetik, “kontraesankorra” dala esan dau, jaiotza-tasea bultzatzea bilatzen dalako, euren kargura adinbakoak dituenak diru aldetik zigortzen dituen neurriak hartzen diran bitartean. Azaldu dauenez, eskubide hori aurretiazko abisurik barik ezabatu da, eta aurretik egon diran ustezko irregulartasunak zuzendu beharrean, “bidebakokeria barriak” sortu dira. Hori dala eta, aurreko egoerara itzultzeko eskatu deutso Foru Aldundiari.

Bukatzeko, Unai Goitia Bilbaok aldaketa horrek Bizkaiko herritarrentzat dakarren “zartada” ekonomikoa azpimarratu dau, familia bakotxak urtean 1.500 eta 2.000 euro arteko galerak izango ditualako. Goitia Bilbaok kritikau egin dau balizko iruzurrak “euliak kainoikadaz hilda” zuzentzen saiatzea, bidean euren seme-alaben oinarrizko beharrizanei erantzuteko baliabide horreek erabilten dituen banandutako guraso guztiak kaltetuz.

Hiru parte-hartzaileak bat etorri dira arauaren “preminazko” zuzenketea eskatzean, banandutako familiak gehiago pobretuko ez dituan zerga-sistema zuzena bermatzeko.

Batzar Nagusietako taldeek egoera hori “bidebakoa” dala esan dabe, eta egoerea zuzentzeko ekimenak aurkeztu dituela aurreratu dabe. Jeltzaleen aldetik, Ainhoa Pielo Muguruzak esan dau Foru Ogasuna bera “beharrean dabilela daborduko” araudian aldaketak sartzeko eta agertutako hiruek kontau dituen moduko egoerak konpontzeko.

 

ENKARTERRIRAKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, saio berean, Francisco Javier Gallarreta Marcos herritarrak “Enkarterri 2026 Plana: Balmasedako barruti judizialaren berrindustrializazinoa eta energia” izeneko proposamen estrategikoa aurkeztu dau.

Gallarreta Marcosek Enkarterriko eskualdearen “gainbehera garrantzitsua” salatu dau, Balmasedako barruti judizialaren Barne Produktu Gordina (BPG) Barakaldokoa baino % 33 txikiagoa dala esanez. Emondako datuak ikusita, eremu horretako industriako langabezia-tasa gainerako lurraldeetakoa baino % 56 handiagoa da, eta, ondorioz, gazteak eskualdetik kanpo joan behar dira beharrean, gizarte-bazterkeria jasateko arriskua areagotuz.

Agerraldian, bertaratutakoak kritikau egin dau baliabide publikoen kudeaketea, adibide lez 120.000 familiarentzat energia sortzen eban Arangurengo biomasa zentralaren itxierea jarriz, haren esleipena “lege-iruzurra” izan dala esanez. Horrez gain, zalantzan jarri dau, egunero 1.400 ibilgailu eskasi zerbitzua emongo deutsen Herrerako zubi batean 44 milioi euro inbertidu izana, lurzoru industrialetarako inbertsinoak ukatzen diran bitartean.

Gallarreta Marcosek funts horreek Balmasedan lur publikoak erostera bideratzea proponidu dau, 224 etxebizitza sustatzeko eta industriako 800 lanpostu sortzeko. Bukatzeko, bertaratutakoak, Enkarterriko inbertsino publikoak bardintzea eskatu dau, lurralde desorekea zuzentzeko, eta Batzar Nagusietako taldeei bere proposamena onartu daiela eskatu deutse, ohiko osokoan bozkatu daiten.