ONDARROAK ITXIKO DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEI BURUZKO ERAKUSKETA IBILTARIAREN HIRUGARREN EDIZINOAREN IBILBIDEA
- “Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Ondarroan, Ondarroako Itsas Aurren, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkatea eta Batzar Nagusietako mahaikideak eta Udalbatzako kideak.
- Bizkaiko Batzar Nagusien historia eta egitekoak herritarrei hurreratzea da erakusketearen helburua. Erakusketeak daborduko hiru edizino izan ditu eta aurtengo ibilbidea Ondarroan amaituko dau, bertan egongo da-ta garagarrilaren amaierara arte.
(Ondarroan, 2025eko garagarrilaren 2an). “Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Ondarroan, Itsas Aurren, ibaiaren ondoko oinezkoentzako bidean. Ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkatea egon dira, eta eurekaz batera foru parlamentuko Mahaiko eta Udalbatzako kideak eta bertako herritarrak.
Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa ibiltaria da. Daborduko hiru edizino izan ditu eta aurtongoa apirilean hasi zan, barriro be Bizkaiko parlamentuaren balio historiko, politiko, sozial eta kulturalen barri emon guran. Batzar Nagusiak lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dira XIV. mendetik hona. Izan be, Europako sistema parlamentarioen artean, Bizkaikoa lehenengoetarikotzat joten da. Bagilean Amorebieta-Etxanon egon zan erakusteketea eta, azkenik, Ondarroan amaituko da hirugarren edizino honetako ibilbidea. Garagarril osoan zehar egongo da bertan. “Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz” proiektua 2023an martxan jarri zanetik, erakusketea lurraldeko herri nagusirik gehienetan egon da daborduko.
“Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz”, formatu handiko 9 panel dituen 3 erakusketa-euskarri handik osatzen dabe. Panel horreetan Batzar Nagusiek erakunde parlamentario lez daben eskumen-egitura zabala azaltzen da, baita bere egoitzetan dagoan kultur ondare aberatsa be. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da Batzar Nagusien lau egoitzetan zehar (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga). Egoitza guztiok erabilten dira, baina erakusketan zehaztasun gehiago emoten da Gernikako Batzar Etxearen ganean. Erakundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagoalako, besteak beste, Gernikako Arbolea, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloa. Erakusketan, era berean, ezagutzera emoten da, esaterako, erakundeak gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde edo sendo erroturik dagozan herri tradizinoak berreskuratzearen alde egiten dauen lana, adibidez, Deiadar Mendien Egunarena, ekitaldi hori daborduko tradizino bihurtu da-eta. Horren XX. edizinoa Oiz mendian ospatu zan bagilaren 8an.
Batzar Nagusietako lehendakariak Ondarroan azpimarratu dauenez, ekimena, "gure lurraldeko erakunde zahar eta enblematikoenetako bat herritarrei hurreratzeko" helburuagaz sortu da, erakundearen “balio politiko, sozial eta kulturala” zabalduz. Otaduik azpimarratu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusietan hartzen diran erabagiek “eragin zuzena daukie herritarrengan”, eta hori ederto daki Ondarroak, antxinako Batzar Nagusietan egozan 119 jesarlekuen artean, 83 zenbakidun jesarlekuaren jabe zalako, berba egiteko eta botoa emoteko eskubideakaz. Baina erakusketea ez da erakundeak politikaren aldetik dauen garrantzian geratzen. Otaduik ganeratu dauenez, “Batzar Nagusiek gordetan daben ondare kultural aberatsa” be erakusten dau, lau egoitza ofizial dira-eta, non “XXI. mendeko parlamentu baten egitekoak gauzatzen diran, aldaketetara egokiturik eta herritarrak ordezkatuz, etenbako komunikazinoan”.
Bestalde, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak azpimarratu dauenez, “oso garrantzitsua” da gure erakundeak eta euren baliabideak herritarrei ezagutarazotea. Ganera, ondarea erakusteak Bizkaiko aberastasun artistikoa be agirian ixten dau. “Guretzat oso garrantzitsua da erakusketa hau Ondarroara etortea, eta are gehiago ibilbidearen azken geltokia izanda”. “Nondik gatozan jakin behar dogu, nora goazan jakiteko”, esan dau. Erakusketak sustraiak, balioak, nortasuna eta gure aurrekoakazko loturea finkatzeko balioko dau, “adin guztietako ikusleentzat ondo egokitutako eukiagaz, adinekoek zein gazteek Batzar Nagusiek gure lurraldeko politikan izan daben garrantzia ezagutu daien”.
Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia dabe, eta tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagokoa da, Gernikako Batzar Etxea eregi baino askoz be arinagokoa. Askotan oharkabean pasetan jake herritarrei Bizkaiko Batzar Nagusiak Europako sistema parlamentarioen artean lehenengoetarikoak dirala. Hori dala-eta, Batzar Nagusietako Lehendakaritzak erakundea barriro bere lau egoitzetatik ataratea eta Bizkaian zehar ibiltea erabagi dau, modu grafikoan eta eszenaratze barri baten bitartez erakusteko ze aberatsa dan erakundeak daukan balio historikoa eta zenbateko garrantzia daben bertan hartzen diran erabagiak, Batzar Nagusiak Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzaren eta parte-hartzearen organu gorena dira-eta.