BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PREBENTZINO-, SUHILTZAILE- ETA SALBAMENTU-ZERBITZUETARAKO TASA BARRIAK ARAUTZEN DITUAN FORU ARAUA ONARTU DABE
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, urteko azkenengo saioan, eukaliptoak landatzeko gaur egungo moratoriaren preminazko luzapena be onartu dabe.
(Bilbon, 2025eko gabonilaren 29an). Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien azkenengo osokoak prebentzino-, suhiltzaile- eta salbamentu-zerbitzuak emoteagaitiko tasearen erregulazinoa garatzen dauen foru araua onartu dau. Testu barriak, azken barrikuspena 2013an izan eban 1990eko araua eguneratzen dau, eta erispide tekniko "argi eta objektiboetan" oinarritutako tarifa-esparrua ezarten dau, Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu dauenez.
Arauak, zein jarduerek sortu daikien tasea (“200.000 euro inguru” batzen dira urtean foru zerbitzu horreengaitik), nork hartu behar dauen bere gan eta zein kasutan ezarten diran salbuespenak zehazten dau, eta, ganera, mobilizautako giza baliabideen eta baliabide materialen kostu errealak aurreikusten ditu. Testu arauemoileak, modu berean, kidego bakotxak larrialdi baten aurrean dituan egitekoak eta mobilizazinoa “berehala edo geroago” aktibauko dan be adierazoten dau.
Izagirreren berbetan, arauak kalkulua sinplifiketan dau eta zerbitzuak ordaintzeko erispide “proportzionalak eta bidezkoak” ezarten ditu. Horretarako, esku hartzeko 24 moeta orokor tipifikau dira. Foru arauak salbuespena bermatzen dau preminazko bizi-arriskuko edo gizarte-sentsibilidade bereziko kasuetan, adibidez personen edo animalien erreskateetan, etxebizitzetan emoten diran suteetan, heriotzak gertetan diran esku-hartzeetan edo biktimak eragiten dituen larrialdi kolektiboetan. Ardurabakokeria bat badago (mendira alerta gorriagaz urtetea, adibidez), Aldundiak tasa espezifiko bat aplikauko dau.
Araudiaren aldaketak Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoa jaso dau, abstenidu egin dan PP taldearena izan ezik, bai zuzenketa-eskeak jaso dituen artikuluen bozketan, bai zuzenketa-eskerik jaso ez dituenetan. Batzordearen erespena, gaurko saiorako erreserbauta egozan 13 zuzenketa-eskegaz (3 Elkarrekin Bizkaiarenak eta 10 Bizkaiko Talde Popularrarenak) heldu da ohiko osokora, baina horreek ez dira onartu. Hori bai, batzordean onartu ziran eta Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrautako testua aldatzen daben hiru aldaketa egon dira.
Lehenengo aldaketea, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz planteau daben eta Elkarrekin Bizkaia taldeak be planteau eban zuzenketa-eske bakarrean jasoten da, arriskuko erakunde edo soziedade aseguratzaileak zerbitzu horreek emoteagaitiko tasea ordaintzeko erantzule solidario bihurtu daitezan. Arauan jarraitzen daben beste subjektu pasibo biei gehitzen jakez: ezbeharra eragin daben personak, eta eragindako lursailaren, higituezinaren edo lantegiaren jaubeak.
Beste aldaketa bi jeltzaleek eta sozialistek transakzionau ebezan Bizkaiko Talde Popularragaz, zergapeko egitateen atalari jagokonez. Aldundiak, administrazino publikoek edo agintaritza judizialak eskatuta egindako txostenak, azterketa teknikoak eta aholkuak emoteagatiko tasearen salbuespena onartu zan. Modu berean, erdibideko beste zuzenketa-eske baten bidez tasea simulakroetan aplikau ahal izatea onartu zan, simulakro horreek erakunde pribaduek edo norbanakoek sustatzen dituenean eta Prebentzino-, Suhiltzaile- eta Salbamentu-Zerbitzuak (SPEIS) interes berezikotzat joten ez dituanean.
EUKALIPTOAREN MORATORIA
Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeen proposamenez, osokoak eukalipto landaketa barrietarako moratoria luzatzea be onartu dau, Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari dan Mendien Foru Arau barria indarrean sartu arte.
Betebehar hori jasoten dauen eta artikulu bakarra daukan Foru Araua aho batez onartu da irakurketa bakarreko prozeduraren bidez, bere sinpletasuna dala eta. Gaur egungo moratoria amaitu baino lehen (etzi) onartzeko preminak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eukalipto landaketa barriak barriro martxan jartea ahalbidetuko leuken legezko hutsunea saihestu gura dau.


