BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PREBENTZINO-, SUHILTZAILE- ETA SALBAMENTU-ZERBITZUAK EMOTEAGAITIKO TASA BARRIAK ARAUTZEN DITUAN FORU ARAU PROIEKTUA ONARTU DABE BATZORDEAN

  • Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak arauzko testua onetsi dau, Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoakaz, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrarena izan ezik


(Bilbon, 2025eko gabonilaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, prebentzino-, suhiltzaile- eta salbamentu-zerbitzuak emoteagaitiko tasearen erregulazinoa garatzen dauen foru arauaren proiektua onartu dau gaur. Testu barriak, 1990ekoa dan eta azkenengoz 2013an barrikusi zan araua eguneratzen dau. Erispide tekniko homogeneoetan oinarritutako tarifa-esparrua ezarten dau, mobilizautako giza baliabideen eta baliabide materialen kostu errealak jasoten ditu, eta esku-hartze mota bakotxari erantzuten deutso. Arauak, zein jarduketek sor daikien tasea, nork hartu behar dauen bere gan eta salbuespenak zein kasutan ezarten diran zehazten dau.

Araudiaren aldaketak Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoa jaso dau, bozketa guztietan, zortzi artikulutan eta lau Azken Xedapenetan, abstenidu egin dan PP taldearena izan ezik. Batzordearen erespena ohiko osoko batera helduko da, Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrautako testuagaz alderatuta hiru aldaketa izango dituan proposamena behin betiko onartzeko, Batzordeak gaur Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak defendidu dituan 3 zuzenketa-eske eta Bizkaiko Talde Popularraren beste 8 atzera bota ostean. EH Bilduk ez dau artikuluen aldaketarik planteau.

Lehenengo aldaketea, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz planteau daben zuzenketa-eske bakarrean jasoten da, arrisku-erakunde edo -soziedade aseguratzaileak zerbitzu publiko horreek emoteagatiko tasearen ordainketearen erantzule solidario izateari jagokonez, arau-proiektuan jarraitzen daben beste subjektu pasibo biekaz batera: ezbeharra eragin daben personak eta kaltetutako lursailaren, higiezinaren edo industriaren jaubeak. Aldaketa hori alderdi moreak be planteau dau, gero kendu egin dauen zuzenketa-eskean.

Beste aldaketa bi jeltzaleek eta sozialistek adostu ditue Bizkaiko Talde Popularragaz, zergapeko egitateei jagokenez. Tasatik salbuestea planteetan da Aldundiak, Herri Administrazinoek edo agintaritza judizialak eskatuta emondako txosten, azterketa tekniko eta aholkularitzetarako, segurtasunaren, babes zibilaren edo urigintza-plangintzearen arloko legezko betebeharrak hobetzea eragiten dabenean. Eta erdibideko beste zuzenketa-eske baten bidez tasea simulakroetan aplikau ahal izatea onartu da, simulazino horreek erakunde pribaduek edo norbanakoek sustatzen dituenean eta Prebentzino-, Suhiltzaile- eta Salbamentu-Zerbitzuak (SPEIS) interes berezikotzat joten ez dituanean.

Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak aurreko batzorde batean aurkeztu eban arau proiektuak kalkulua “sinplifikau” eta zerbitzuak ordaintzeko erispide “ahalik eta objektiboenak” ezarri gura ditu. Horretarako, 24 esku-hartze mota orokor tipifikau dira, eta bakotxari tratamentu zehatza eta espezifikoa emon jako tasea sortzeari edo ez sortzeari jagokonez, baita horretarako baldintzatan be.

Arau-aldaketa horrek salbuespena bermatzen dau preminazko bizi-arriskuko edo gizarte-sentsibilidade bereziko kasuetan, adibidez personen edo animalien erreskateetan, etxebizitzetan emoten diran suteetan, heriotzak gertetan diran esku-hartzeetan edo biktimak dagozan larrialdi kolektiboetan. 

Proiektuak salbuespen esanguratsuak ezarten ditu larrialdi eta kalteberatasun egoeretarako. Larritasun handiko preminazko egoeretan eta hondamendietan berariazko tratamentua ezarten da. Tasatik salbuestea proponiduten da horreen ondorio zuzena dan esku-hartze guztietan, lurraldeko larrialdi-planak eta plan bereziak modu formalean apliketea erabagiten danean.

Bilaketa- eta erreskate-egoeretan, egoera mota guztietan tasak ez kobretea aurreikusten dau proposamenak. Horren barruan sartzen dira gehienetan personen osotasun fisikorako arriskua, gorpuak erreskatau beharra edo animalien bizitzarako arriskua dirala-eta egiten diran personen eta animalien bilaketak eta erreskateak.

Eta suteengaitiko esku-hartzeetan, urian zein landa inguruneetan, asegururik bako eta baliabide gitxiko personei ez jake tasarik kobrauko. Ardurabakokeria bat badago –alerta gorriagaz mendira urtetea–, Aldundiak tasa espezifiko bat aplikauko dau.

Lan pertsonaleko eta materialeko ordu bakotxaren prezioak eguneratu egin dira eta zerbitzuaren egungo kostuei erantzuten deutsee. Prezio horreek Estaduko beste edozein suhiltzaile-zerbitzuren parekoak dira.