NAGUSI INTELLIGENCE CENTERREK 6 ENPRESA HARTU DITU DABORDUKO, ZIDARREZKO EKONOMIA BULTZATZEKO

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak BEAZen jarduerearen eta Nagusi Intelligence Center (NIC) eta Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuen balantzea egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
     
  • Elkarrekin Bizkaiak egindako ahozko erantzun-eskeari erantzunez, ukatu egin dau Mercabilbao Ezkerraldea-Meatzaldea Parkera lekualdatuko danik.

 

Aldundiak “aurrerapausuak emoten jarraitzen dau”, zahartzearen, osasunaren eta iraupen luzeko zainketen inguruan jarduera-sektore barria sustatzeko. Urduliz Torreko hirugarren eta laugarren solairuetan igazko urrian zabaldu zan Nagusi Intelligence Centerrek (NIC), “6” enpresa (“4 startup eta ETE bi”) hartzen ditu, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian baieztu dauenez. Guztira, “11” persona instalau dira daborduko “NIC gunean”. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren Sustapenerako batzordearen eskariz, foru arduradunak zentro horren eta BEAZ foru enpresearen jarduerearen eta Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuan egiten ari dan lanaren errepasoa egin dau gaur eguerdian Foru parlamentuan. Ganera, Elkarrekin Bizkaiak Bilbao Bizkaia 2030 turismo planari eta Mercabilbao Meatzaldeko lurretara eroateari buruz egin dituan hainbat erantzun-eskeri erantzun deutse.

Basurkok ziurtatu dauenez, BEAZen Zerbitzu Zorroaren laguntzeagaz, NICek 6 enpresa horreen ezarpenaz gain, Silver Economy izenekoaren arloan behar egiten daben beste “26 enpresa” erakartea lortu dau. Zortzi hilebeteko ibilbidean, Urdulizko zentroan gaikako zazpi berbaldi izan dira, “Senior” sektoreari begira, batez be, “152” persona bertaratu dira, eta “25” hizlarik hartu dabe parte. Horrez gain, ekitaldi bi egin dira, bata NIC bera aurkezteko eta bestea erakundeko Zaintza eta Adimen Lehiakorreko Zerbitzua aurkezteko. “Retos Biok” ekimenari jagokonez, IMQk eta Segurmak martxan jarritako erronka bitan ari da lanean, soluzinoak emoteko beste konpainia batzuk aurkeztu diran deialdien bidez.

Zerbitzu aurreratuetan eta industria arloko enpresetan tokiko eragileen bidez eskualdeen lehiakortasuna indartzea helburu dauen Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuari jagokonez, une honetan, bere sarea, “12 eskualde” ordezten dituen eta Bizkaiko ia udalerri guztiak hartzen dituen “24” agentziak osatzen dabe: lurraldearen “% 94a” hartzen daben“107” udalerri.

Joan dan urtean, Ekonomia Sustatzeko sailak aurrekontuaren “% 19” bideratu dau tokiko agentziek eta beste aliau estrategiko batzuek osatutako sare horretara, hau da, “1.047.426 euro”, aurreko urtean baino % 12 gehiago. 2021ean “67 ekimen” eta “608” enpresa artatu ziran.

Holan, Olatz Goitia BEAZeko zuzendariak 2021ean zehar foru enpresa horrek izan dituan lan-esparruak azpimarratu ditu. Orain dala bost urtetik hona, ideatik hasi eta gauzatu arte enpresei laguntzen deutsen zerbitzu-zorroa eregi dau. Horretarako mentoreen sarea dago, bai eta prestakuntza espezializaua, azelerazino-, finantzaketa- eta nazinoartekotze-prozesuak eta enpresak zabaltzeko laguntzak be. Une honetan, bertokoak diran edo beste erakunde batzuakaz garatu diran “8 enpresa-inkubagailu” dagoz.


MERCABILBAO, URTUELLARA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak Mercabilbao Urtuellara eroatearen inguruko azalpenak eskatu deutsoz Aldundiari. Israel Escalante alderdi horretako batzordekideak, orain Basaurin dagozan instalazinoak hartuko dituan lekua Ezkerraldea-Meatzaldeko Parke Teknologikoa izango ete dan galdetu deutso Basurkori. Hasiera batean parkeak erabilera industriala euki behar eban, eta horrek esan gurako leuke erabilerea “beste norabide batean bideratuko” dala.

Basurkok ukatu egin dau bataren eta bestearen artean hartu-emonik dagoanik. “Ez dago aldaketarik” Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoari emongo jako “eukian”; enpresa teknologikoak bertan ezarteko eskaria “aurreikusitakoa baino handiagoa” da. Gaur egun Energy Intelligence Center (EIC) izenekoa eta parkearen egoitzaren eraikina eregiten ari dirala baieztu dau Aldundiko arduradunak. “50 enpresa baino gehiago egongo dirala eta 2.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortuko dirala” uste dau.

Mercabilbao Meatzaldera eroateari jagokonez, diputatuak adierazo dau “50 hektareako” azalera daukan (13 hektarea hartzen ditu gaur egun Basaurin dagoan zentroak) Urtuellako Elikagaien Campus barria izango litzatekela bere kokalekua. Lekualdaketea “aukera kontua” da, “laugarren eta bosgarren gamako produktuen garapena, elikagaien robotika, analisi-laborategiak, prestakuntza-jarduerea eta garatzeko eta merkaturatzeko Mercabilbaon proba-banku ezin hobea aurkituko dauen ikerketa-jarduera bera gauzatzeko”, esan dau.

Lotutako artxiboak: