“EMAKUMEAK BIZKAIAN: AURRERAPEN ETA SORORITATEKO IBILBIDEAK”, ZEZEILEKO MARTITZENETAN ETORKIZUNEKO EMAKUMEEN ERRONKAK AZTERTUKO DITUEN JARDUNALDIAK

- Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiekaz batera antolatzen dau jardunaldi hau urtero, kulturan, landa-eremuan, enpresan eta zuzenbidean lan egiten daben emakumeen testigantzak erakusteko.
- Zikloaren helburua da emakumeak ikusarazotea, horreen aurrerabidea agerian ixteko eta datozan desafioak eta erronkak mahai gainean jarteko.
- Lau mahai-inguruak zezeileko martitzenetan egingo dira, 18:00etatik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi-aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo). Sarrerea librea eta doakoa izango da aretoa bete arte.
(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 30ean). Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordeak “Emakumeak Bizkaian: Aurrerapen eta Sororitateko Ibilbideak” izeneko lau jardunaldiko ziklo barria antolatu dau zezeilerako. Emakumearen papera eta erronkak ardatz dituen topaketen V. edizinoa da daborduko, eta Bizkaiko Batzar Nagusien lankidetzea eta Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasle emerituaren eta EAEko Adiskide Numerarioaren koordinazino orokorra dabe.
Jardunaldiak datorren martitzenean hasiko dira, eta zezeileko ganerako martitzenetan (zehatzago, 4, 11, 18 eta 25ean) jarraituko dabe, modu edegian eta doan, emakumearen arazoak eta egungo gizartean beteten dauen lekua aztertzeko. Helburua da emakumeak ikusarazotea, horreen aurrerabideari buruzko ebidentziak erakustea eta datozan desafioak eta erronkak mahai ganean jartea. Horretarako, edizino honetan, Erakundeak zuzenbidean, kulturan, enpresan eta landa-eremuan aritzen diran emakumeen adibideak diseinau ditu.
Halaber, Jardunaldiei esker, hainbat esparrutan proiektuak eta lan jarduerea egiten ari diran Bizkaiko emakumeen lekukotza eta esperientzia entzun ahal izango dabe gizon eta emakumeek. Helburua da lekukotza horreek lagungarri izatea hainbat arlotan emakume erreferenteak bilatzeko, kulturan, enpresan, lehen sektorean edo arlo juridikoan, besteak beste. Zikloa martitzenean, hilaren 4an, hasiko da, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Jose Manuel Barandiaran Garcia EAEko Bizkaiko Batzordeko presidenteordeak inaugurauko daben lehen mahaiagaz.
Deialdiak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak gizon eta emakumeen arteko aukera bardintasuna sustatzeko eta emakumearen rola eta etorkizuneko bilakaerea ikusarazoteko dauen zeregina nabarmentzen dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek sustatutako genero bardintasunaren irizpideakaz eta optikeagaz batera.
ENPRESA TREBETASUNAK
Antolatu diran lau saioen zikloa inaugurauko dauen lehenengo mahaia zezeilaren 4an hasiko da. Begoña Cava Mesa historialari eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak moderatuko dau. “Elkarrizketa partekatuak, trebetasun profesionalak eta ekarpenak” izenburupean, honeek izango dira hizlariak: Maite Aranzabal Harreguy Novia Salcedo Fundazioko presidentea; María Goti Ciprian El Correo Alavako zuzendari gerentea; Ana Belén Palencia Ríus Bilbao Exhibition Centreko (BEC) komunikazino zuzendaria; eta Patricia Sojo Gutiérrez Bilbao House Concertseko zuzendaria eta sortzailea. Bertan, emakume lez dituen trebetasun profesionalak partekatuko ditue eta trebetasun horreek euren lanbideetan zelan laguntzen eta zer emoten daben azalduko dabe.
EMAKUME LEGELARIAK
Bigarren mahai-ingurua emakume legelarien ingurukoa izango da, eta zezeilaren 11n egingo da. Mahaiaren moderatzailea Inés Pellón González izango da, EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa, eta bertan hartuko dabe parte Adela Asua Batarrita EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun, Konstituzino Auzitegiko presidenteorde eta Estatu Kontseiluko kontseilari iraunkorrak; Reyes Goenaga Olaizola Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidenteak; eta Maite Portus Saratxo Familia Zuzenbidean abokatu adituak.
EMAKUMEAK LANDA-EREMUAN
Hirugarren jardunaldian lehen sektoreko emakumeak ikusarazoko dira, eta moderatzailea Estibaliz Apellaniz Ingunza EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa izango da. Honeek egongo dira mahaian: Itziar Bollar Urizar Arte Ederretan lizentziaduna eta Igorreko Urkitze landetxearen jaubeetako bat; Elena Galán del Castillo BC3ko (Basque Center for Climate Change) doktoretza-ondoko ikertzailea eta artzaina Pirinioetan; eta Leire Sorhouet Bordas Biologian lizentziaduna eta Bizkaigane Alkarteko bazkidea.
EMAKUMEAK DIMENTSINO SOZIOKULTURALEAN
Azkenik, jardunaldiak zezeilaren 25ean amaituko dira, arlo soziokulturalean ekarpenak egin dituen eta arlo hori eraldatzen ari diran emakumeak batuta. Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasleak moderatuko dau mahaia, eta honeek egongo dira bertan: Igone Etxebarria Zamalloa Labayru Fundazinoko zuzendaria; Ane Legarreta Méndez orkestra zuzendaria; Ana Vega Pérez de Arlucea kazetaria, ikertzailea eta sukaldaritzaren historiako dibulgatzailea; eta Begoña Zubero Apodaca artista sortzailea eta argazkilaria.
Jardunaldiei amaierea emoteko, emakumeek osotutako Oroimen Ensemble harizko hirukotea (biolina, biola eta txeloa) arituko da, eta sarrerako berbak Ane Legarreta Méndez Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea alkarteko zuzendariak egingo ditu.