2025EAN 75.000 PERSONA BAINO GEHIAGOK GOZAU EBEN BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ONDAREAZ ETA KULTUR JARDUEREAZ
- Bizkaiko Batzar Nagusiek euren proiekzino soziala eta kulturala sendotu dabe, erakusketez, nazinoarteko bisitez eta ondare historikoa berreskuratzeko proiektuz osatutako agenda trinkoaren bitartez.
(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldearen kultur eta ondare eragile moduan dauken zeregina berretsiz bukatu dabe 2025eko ekitaldia. Bizkaiko Batzar Nagusien funtsezko egitekoak Foru gobernua kontroletako beharrak eta araudiaren onarpena uztartzen dituan arren, bere eragin soziala agirian geratu da barriro be, bere egoitzetara 75.080 persona joan diralako. Balantze hori eraikin historikoen babesa eta herritar guztiei zuzendutako erakusketa, berbaldi eta programa pedagogikoen eskaintza dinamikoa integretan dituan estrategiaren emaitzea da.
Gernikako Batzar Etxeak erakargarritasunaren erreferente nagusia izaten jarraitzen dau, urtean zehar 58.138 bisitariren arretea bereganatuz. Bolumen osotik, 35.438 persona modu antolatuan sartu ziran bertara, sarrereagaz (covid-aren garaitik eukierea mugatuta dago); 22.650, barriz, modu librean sartu ziran. Bisiten jatorriak barrutiaren nazinoarteko proiekzinoa islatzen dau: Euskal Herritik etorritako 8.985 personez gan, Estadutik etorritako 22.065 persona erregistrau ziran, batez be Madrildik eta Kataluniatik etorritakoak. Atzerriko turisten presentzia be nabarmena izan zan, 27.088 bisitarigaz, neurri handi batean Frantziakoak (1.913), Estadu Batuetakoak (1.872), Alemaniakoak (1.314) eta Japoniakoak (850). Modu berean, Gernika goi mailako ordezkaritzei harrerea egiteko gune izan zan, eta Kataluniako Parlamentuari, Herbehereetako enbajadoreari edo Mizgin Ronak idazle kurduari harrera egin eutsen-eta. Horrez gan, garrantzi sozial handiko ekitaldiak hartu ebazan, besteak beste, Athletic Club taldearen “Gernikako Arbolearen Enbaxadore” izentapena edo Europako titulua irabazi ostean Bilbao Basketi egindako harrerea.
Beste alde batetik, Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak 13.422 persona jaso ebazan, izan be, “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketeak 10.000 bisitari baino gehiago hartu ebazan itxi aurretik. Museoak Abellanedan egin dauen jarduerea ondarea berreskuratzeko asmo handiko lanarengaitik be nabarmendu zan, eskualdeko hainbat herritatik ekarritako balio handiko hamabi tailu gotikoren zaharbarritzea eta erakustea lortuz. Ikerketa lan horregaz eragin sozialeko ekimenek egin eben bat, besteak beste, emakumeen memoria historikoaren transmisinoan egindako lanarengaitik 30 emakume nagusi omendu ebazan “Amama Influencer” proiektuaren hirugarren edizinoa, eta eraikinaren irisgarritasun unibersala bermetako igongailuak barriztetako lehenengo fasearen amaierea.
Azkenik, Bilboko jarduerea Hurtado de Amezagako administrazino-egoitzan zentrau zan. Egoitza horrek, bere erakusketa-aretoan, aldi baterako zortzi erakusketa hartu ebazan, hainbat kolektibogaz eta EHUgaz lankidetzan. Erakusketa horreek 3.200 bisita baino gehiago izan ebezan. Horreen artean, emakume kontserba-egileei buruzko erakusketea, Euskadiko Eskultoreen Alkartearen erakusketea, Argizaiola argazki-sariak eta Pintura, Zeramika eta Increarteko unibersidade-masterren lanak nabarmendu ziran. Urtea ate irekien “Batzarretik Batzarrera” programearen beste edizino bategaz amaitu zan. Horri esker, herritarrek Bilboko, Gerediagako, Gernikako eta Abellanedako egoitzen ezagutzan sakondu ahal izan eben, eta, holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek euren ondare historikoa zabaltzeko hartutako konpromisoa sendotu zan.
Amaitzeko, azpimarratzekoak dira Batzar Nagusietako lau egoitzen (Bilboko administrazino-egoitzea eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzar Etxeak) eremutik harago doazan beste ekitaldi batzuk. 2025ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Egunaren XX. edizinoa ospatu eben Oizko tontorrean, ehundaka mendizale bertan zirala. Eta Enkarterrietako Museoak antolatutako Burdinolen Ibilbidearen edizinoak be harrera bikaina izan eban jentearen aldetik.




