10.000 PERTSONA BAINO GEHIAGOK BISITAU DABE ENKARTERRIETAKO MUSEOAN BIZKAIAN BATUTAKO ARTE GOTIKOKO BILDUMA HANDIENA JASO DAUEN ERAKUSKETEA

  • “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketan, 38 pieza aukeratu dira danetara, eta hamar bat lekutan topautako eta 1270etik 1530era bitartean egindako tailuak, eskulturak eta margolanak dagoz euren artean. Apirilaren 30era arte ikusi ahal izango da Sopuertako Abellanedan dagoan Enkarterrietako Museoan.

 

(Bilbon, 2025eko apirilaren 28an). Enkarterrietako Museoan apirilaren 30era arte zabalik egongo dan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketeak 10.000 pertsona baino gehiagoren bisitea jaso dau igazko bagilean zabaldu zanetik. Enkarterriko hainbat lekutako erretaulen, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsua itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritu da.

Ikerlanak urtebete baino gehiago iraun dau, eta Enkarterrietako Museoaren bultzadeari esker egin ahal izan da, eskualdeko zenbait lekutan egozan lanak bilatu dauz-eta. Museoan ikusgai jarritako piezak batzeko orduan, lurraldeko erakunde eta instituzino honeen laguntzea jaso dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko Zaharbarrikuntza Zerbitzua, Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa, Museo Arkeologikoa eta Bilboko Gotzaintzea.

Bere bersino gorenean, gotikoak arrastoa itxi eban kontinenteko katedral handietan; berbarako, Burgos, Leon, Paris edo/eta Milan. Era berean, Bizkaian bertan be itxi ebazan adibide esanguratsuak; esate baterako, Bilboko Santiago katedrala edo Portugaleteko, Lekeitioko edo/eta Balmasedako eleizak. Bere aztarnea lurraldeko auzo zein herrixketako eraikin txikietan be agertu zan, baina, zoritxarrez, XVI. mendetik aurrera hasi ziran desagertzen, arte arkaikotzat hartzean. Hori dala-ta, batzuetan, baseleizetan, eleizetan nahiz museoetan gordeten doguzan tailuak eta eskulturak iragan gotiko haretatik geratzen jakuzan azken aztarnak izaten dira.

Ohikoa da topau diran tailuak baseleizetako eta eleizetako titularrak izatea, hau da, sasoi haretako herritarrek gorde gura izan ebezan eskulturak, nahi-ta kokagune eukien eraikina edo erretaulea eratsi. Enkarterrikoa ez bada be, Begoñako gaur eguneko Amatxu bera da horren adibide argi-argia. Izan be, XIII. mendeko Andra Maria danez, basilikea bera baino askoz be antxinakoagoa da. Halanda ze, Enkarterrin topau diran eskulturak zein tailuak, Enkarterrietako Museoan ikusgai egongo diranak, 1270etik 1530era bitartean egindako lanak dira. Antxinakoenak 800 urte betetear dagoz, hain zuzen be.

Proiektu honetan, Jesús Muñiz Petralanda ikertzaile eta historialariak, arteko aditua danak eta horri buruzko hainbat argitalpen daukazanak, Enkarterrietako Museoko teknikariakaz miatu dauz Bizkaiko eleizak, baseleizak eta museoak, eskualdean gordetako lan gotikoen lehenengo katalogo eta inbentarioa egiteko, baita lurraldeko estilo horretako lehenengoa be.

Orain arte, 60 lan topau dira. Enkarterrietako Museoak, barriz, pieza horreetako 38 baino ez dauz jarriko ikusgai, baina, halanda be, orain arte Bizkaian alkarregaz batutako lan gotikoen kopuru handiena izango da. Lanak Enkarterriko udalerrietatik ekarri dira gehienbat (Muskiz, Santurtzi, Portugalete, Barakaldo, Alonsotegi, Gordexola, Gueñes, Zalla, Sopuerta, Galdames, Artzentales eta Karrantza), baita zenbait museotatik be (Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa eta Enkarterrietako Museoa bera).