BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KOLORETAKO ARGIAKAZ ARGIZTAUKO DABE BILBOKO EGOITZEA, HAINBAT KAUSA SOLIDARIORI BABESA EMOTEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak gizarte, kultura eta politika arloko hainbat kausa babesteko urteko egutegia ezarri dau, fatxada nagusia tonu desbardinakaz argiztauta.
     
  • Bihar, zapatua, Hurtado de Amezaga kalean dagoan Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza administratiboa beilegiz jantziko da, Bizkaiak Umeen Minbiziaren kontrako Nazinoarteko Egunagaz dauen alkartasuna erakusteko.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek kontsumo txikiko argiztapen sistema berezia instalau dabe Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6), bertako edo nazinoarteko kausaren baten alde alkartasunez betetako hogei egun baino gehiago bultzatzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak bat egite egutegia onartu dau, eta bihar hasiko da, Umeen Minbiziaren kontrako Nazinoarteko Eguna gogora ekarteko sistemea biztuta. 

Orain dala hamarkada batzuetatik Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza administratiboa dan Bizkaiko uriburuko Excelsior hotel zaharraren erdiko balkoia beilegiz tintatuko da, Umeen Minbiziaren Nazinoarteko Erakundeak egun horretarako aukeratu dauen kolorez, hain zuzen be. Grazia kromatikoa, % 100 birziklagarriak diran eta 1888an eregitako eraikin enblematikoaren balkoi-gune nagusiko lau solairuetan azken egunotan instalau eta probau diran kontsumo txikiko LED argiakaz osotutako moltso bati esker lortu ahal izango da.

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako egunen egutegiak, Parlamentuak urte batzuk lehenago be kontuan hartutako datak jasoten ditu. Batzar Nagusietako komunikazino ekimenek, besteak beste, Emakumearen Nazinoarteko Eguna (martiak 8), Harrotasunaren Eguna (bagilak 28), Bularreko minbiziaren kontrako Nazinoarteko Eguna (urriak 19), Memoriaren Eguna (zemendiak 10), Umeen Eguna (zemendiak 20), Indarkeria Matxistearen Kontrako Eguna (zemendiak 25), HIESaren Munduko Eguna (abenduak 1) eta Euskerearen Eguna (abenduak 3) aldarrikatu izan ditue.

Beraz, Umeen Minbiziaren kontrako Nazinoarteko Egunak estreinauko dau bihar erreibindikazino agendan ezarrita dagozan kausa sozial, kultural edo politikoak babesteko argiztapen sistema barria. Oraingo honetan, Umeen Minbiziaren Nazinoarteko Erakundeak herritarrak sentsibilizetako eta kontzientzietako eta umeei eta nerabeei eragiten deutseen minbizien ikerketea sustatzeko bere eguna zezeilaren 15ean ospatzea proponidu eban. Instalautako zortzi luminarien bizketak urteko beste 23 egunetan erakutsiko dau bere aldakortasun kromatiko osoa.