BIZKAIKO AURREKONTUAK PREST DAGOZ DATORREN BARIKUAN, GABONILAREN 27AN, BEHIN BETIKO ONARTZEKO

  • Ogasun eta Finantza batzordeak gaur bukatu ditu zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko saioak, sei sailetako aurrekontuen testuari eragiten deutsien 15 aldaketagaz.
     
  • Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontuak eta Testu Artikulaua ez dira aldatu, gaur goizean eztabaidatzeko egozan 21 zuzenketa-eske baztertu egin diralako

 

(Bilbon, 2024ko gabonilaren 20an). Batzar Nagusietako taldeek amaitu dabe batzordean gaur Ogasun eta Finantza Sailari eta arauzko proiektuaren Testu Artikulauari jagokezan datorren urterako Lurraldeko kontuen azkenengo zuzenketa-eske parzialen azterketea eta bozketea. Eztabaidak iraun dauen lau jardunaldietan errepikau dan gidoian, Foru gobernuari eusten deutsien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, argitu barik egozan oposizinoaren 21 zuzenketa-eske parzialak baztertu ditue gaur (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularrak erregistrautakoak bakarrik, EH Bilduk bere zuzenketa-eske guztiak erretirau ditualako). Martitzenean hasi zan 487 zuzenketa-eske parzialen eztabaidea, eta Ogasun eta Finantza batzordeak bederatzi saio egin ditu horretarako. 

Urriaren 31n erregistrau zan 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arau proiektua datorren barikuan, gabonilaren 27an, Gernikan egingo dan osokoan onartu beharko da behin betiko. Elixabete Etxanoberen Foru gobernuaren bigarren aurrekontuak zenbait aldaketa izango ditu, neurri handi batean Foru gobernuari eusten deutsien talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioa dala eta. Batzar Nagusietako hiru talde nagusien (51 ordezkarietatik 46 batzarkide) arteko konpromisoari esker, 29 neurri sartu ahal izango dira. Neurri horreek 33 milioi euro konprometiduko ditue hurrengo hiru ekitaldietan.

Konpromiso horreetako batzuk lau eztabaida-jardunaldietan sinatu dira, eta 2025eko kontuetan islatuko dira. EH Bilduk bere zuzenketa-eske parzial guztiak erretirau ditu, baina jeltzaleen eta sozialisten onespenagaz 7 zuzenketa aldatu ditu, erdibideko zuzenketa-eskeak aurrera ateratzeko. Horreei esker, partida ekonomiko barriak sartu dira Aldundiko bost sailetan: Gizarte Ekintzarako Sailean (2 zuzenketa-eske), Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailean (2), Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailean (1), Euskara, Kultura eta Kiroleko Sailean (1) eta Ekonomia Sustatzeko Sailean (1). Beste 8 aldaketa Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske parzialetan gauzatu dira, 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen arau proiektuari herritarrek aurkeztutako 14 alegazinoetako batzuk jasota. Onartu diran zuzenketa-eske horreetatik zazpik Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren aurrekontuan izango dabe eragina.