2026KO BIZKAIKO AURREKONTUEK FORU PARLAMENTUKO AZKENAURREKO IZAPIDEA IGARO DABE, GABONILAREN 29AN OSOKOAN BEHIN BETIKO ONARTU AURRETIK

  • Ogasun eta Finantza batzordeak gaur bukatu ditu zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako saioak, eta horreen ostean, 1.852.000 euroko aldaketea ekarri daben aldaketa bi izan dira, 1.716 milioi euro batzen dituan sailen erabilgarrian.
     
  • Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontuak eta arau proiektuaren Testu Artikulauaren eukia ez dira aldatu, eztabaidetako egozan 47 zuzenketa-eskeak baztertu egin dira-eta.

 

(Bilbon, 2025eko gabonilaren 19an). Batzar Nagusietako taldeek datorren urterako Lurraldeko kontuen azkenengo zuzenketa-eske parzialen azterketea eta bozketea amaitu ditue gaur batzordean, Ogasun eta Finantza Sailari eta Arau Proiektuaren Testu Artikulauari jagokezanak, hain zuzen be. Aurreko lau jardunaldietako gidoian errepikau dan egunean, Foru gobernuari eusten deutsien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue gaur erabagi barik egozan oposizinoaren 47 zuzenketa-eske parzialak (25 Ogasun eta Finantza Sailaren Kontuen eta 22 Testu Artikulauaren aurrean aurkeztutakoak), eta bozkatzeko geratzen zan aurrekontuen foru arau proiektuaren eukia onartu dabe.

Martitzenean eta gaur eztabaidau diran 512 zuzenketa-eske parzialetatik (2 baztertu egin dira), Ogasun eta Finantza batzordearen bederatzi saiotan erdibideko zuzenketa-eske bi baino ez dira onartu, eta biek Aldundiari eusten deutsien talde bien eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren sinadurea eroen. Urriaren 31n erregistrau zan 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektua, astelehenean, abenduaren 29an, Gernikan egingo dan osokoan onartu beharko da behin betiko.

Aurrera urten dauen aldaketetako batek eragina izango dau Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren kontuetan, izan be, eguaztenean Bizkaibuseko hobariei eutsiko jakela bermatzeko 852.000 euroko partidea aho batez onartu zan, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) gabonilaren 1ean lortutako akordioa bete ahal izateko.

Beste aldaketea atzo jazo zan. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek erdibideko zuzenketa-eskea adostu eben, eta aho batez onetsi zan, Gizarteratze programea 700.000 eurotan eta indarkeria matxistearen biktimak babesteko eta familiei laguntzeko programea 300.000 eurotan handitzetzea, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Aurrekontuen barruan.

Batzar Nagusietako taldeek euren zuzenketa-eske guztiak erreserbau ditue urteko azkenengo osokoan behin betiko ebatzi daitezan. Momentuz, urriaren 31n Batzar Nagusietan erregistrau zan sailek 1.716 milioi euroko erabilgarria izatea aurreikusten eban aurrekontua 1.852.000 euroko balio bateratuko aldaketa bigaz helduko da saio honetara. Gaurko saioan, LAEren Bizkaiko Merkataritza Ordezkaritzaren aurrekontuak eta Bizkaiko Batzar Nagusien Kontuak be onartu dira.