BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEK 494 ZUZENKETA-ESKE AURKEZTU DEUTSIEZ 2025EKO BIZKAIKO AURREKONTUEN PROIEKTUARI
- Oposizinoko hiru taldeek, EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak abenduaren 13an eztabaidauko diran Osotasuneko zuzenketa-eske bana erregistrau ditue.
(Bilbon, 2024ko gabonilaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeek 494 zuzenketa-eske aurkeztu deutsiez joan dan urriaren 31n erregistrau zanetik Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari dan 2025erako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Proiektuari.
Oposizinoko hiru taldeek, EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, Aurrekontu osoa Foru Aldundiari itzultzea eskatu dabe, bakotxak bere Osoko Zuzenketa-eskea Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau eta gero. 2025eko Aurrekontuetan 10.660,8 milioi euro jasoten dira guztira, eta horreetatik 1.650,3 milioi sailek erabilteko moduan dagoanari jagokoz.
Batzar Nagusietako taldeei jagokenez, eta Foru Gobernuari eusten deutsien talde bietatik hasita, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek 8 zuzenketa-eske aurkeztu ditue guztira. Oposizinoak, bere aldetik, 486 zuzenketa-eske erregistrau ditu (horreen artean Osotasuneko hiru zuzenketa-eskeak dagoz). Horreetatik 207 Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeari jagokoz; 162, Bizkaiko Talde Popularrari; eta 117, EH Bilduri. Batzar Nagusietako taldeek, euren zuzenketa-eskeetan herritarrek aurkeztutako 14 alegazinoak sartzeko aukerea izan dabe.
2025eko lurraldeko kontuei egindako zuzenketa-eskeak holan banatzen dira sailetako aurrekontuen testuen artean: Ekonomia Sustatzeko Foru Saila da zuzenketa gehien jasoten dituana, 68 guztira. Ondoren, Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko saileko Kontuak (64 zuzenketa-eske), Gizarte Ekintza Saila (63), eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzekoa (60) dagoz. Hirugarren mailan dagoz Euskara, Kultura eta Kirola (54), Azpiegiturak eta Lurralde Garapena (50) eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Bardintasun (46) sailak. Rankinga Herri Administrazio eta Erakunde Harremanen (26) eta Ogasun eta Finantzen (23) sailen aurrekontuek itxiko leukie.
Ganera, Foru Arau Proiektuaren testu artikulauaren alderdiren bat aldatzeko 26 proposamen dagoz. Zuzenketa-eske batek Udal Finantzaketea aldatzea eskatzen dau, eta 10ek Foru Urgazpenerako Foru Erakundean (GUFE) aurrekontuetan aldaketak egitea.
Zuzenketa-eskeak aurkezteko epea atzo bukatu eta gero, Bizkaiko Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, abenduaren 13an lehenengo Osotasuneko hiru zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko egingo dan lehenengo osokoaren aurreko pausu lez. Osoko horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta Batzar Nagusietako izapidea hilebete honen bukaeran amaituko litzateke, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste Osoko bategaz.