BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN EGOITZAK, INTERES BEREZIKO KULTUR AUKEREA OPOR SASOI HONEETARAKO
- Enkarterrietako Museoak aldi baterako “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketea hartuko dau, Bizkaian batutako arte gotikoaren erakusketarik handiena.
- Bilboko Batzar Nagusien egoitzan “Dureza de cuero” eskultura erakusketea egongo da edegita abuztuaren 30era arte, EHUko Zeramika Masterra egin daben eta izena hartzen hasi diran 16 artistaren lanakaz.
- Bere hiru egoitza historikoak (Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeak) ordutegi zabalakaz bisitau ahal izango dira uda sasoi honetan. Gernikaren kasuan, arratsaldeko ordutegia ordubete luzatuko da.
(Bilbon, 2024ko garagarrilaren 15ean). Udea une egokia izaten da kulturea kontsumiduteko. Bizkaiko Batzar Nagusiek badakie eta, horregaitik, opor sasoi honetan kultur proposamen ugari edegiten ditue. Aurton, eskaintzea Bilboko egoitzan hasiko da, EHUko Zeramika Masterreko ikasleen “Dureza de cuero” eskultura erakusketeagaz. Enkarterrietako Museoan jarraituko dau, eta bertan aldi baterako beste erakusketa batez gozau ahal izango da: “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin”. Eta aldi baterako proposamen bi horreek, Bizkaiko Batzar Nagusien hiru egoitza historikoek dituen ondarezko altxorrakaz osatuko dira. Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeak ordutegi zabalagaz edegiko dira udan. Gernikako Arbolea dagoan monumentu moltsoaren kasuan, ordutegia ordubete luzatuko da arratsaldean.
Abellanedan Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan kulturgunearen erakusketeak ondare-balio handiko 38 pieza batzen ditu, gehienak erlijino-eskulturak, arte gotikokoak, Enkarterriko leku askotan topautakoak. Enkarterrietako Museoko “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusletea XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsua itxi dauen antxinako garai artistikoaren inguruan Jesús Muñiz Petralanda historialariak egindako lanean oinarritzen da. Orain arte Bizkaiak jaso dauen arte gotikoaren bilduma handiena da.
Aldi berean, EHUko Arte Eder Fakultadeko “Zeramika Masterra: Artea eta Funtzioa” izenekoa egin daben hamasei ikaslek abuztuaren 30era arte Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan zabalik egongo dan “Dureza de cuero” baterako erakusketeagaz amaituko dabe euren prestakuntza-ibilbidea. Protagonistak Leioako campusean emoten dan graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko kideak dira, Batzar Nagusiek eta EHUk euren lanak Batzar Nagusien Bilbo erdialdeko egoitzako aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) erakusteko sinatutako hitzarmenaren onuradunak, hain zuzen be. Honeek dira: Lorena Aduna Larriba, Estefanía Aragón Orduz, Jone Córdoba Esteban, Efrén-Carlos García María, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gómez Echavarría, Sandra Gutiérrez Aldao, Claudia Hernández Bolaños, Ángela Lozano Álvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodríguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubía García del Pino.
BISITAK BIZKAIKO PARLAMENTUAREN EGOITZETARA
Bizkaiko Jaunak alkartzen ziran antxinako lekuetan, hau da, Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeetan, ondare- eta kultura-legadu aberatsa dago. Udako hilebeteetan, hiru foru parlamentuek ordutegi zabalak ditue, euren eukitzaile arkitektonikoa eta euki artistikoa ezagutzeko. Gernikako Batzar Etxeak ordubete luzatuko dau arratsaldeko ordutegia udan. Irailera arteko ordutegiak holan geratuko dira:
- Gernikako Batzar Etxea egunero bisitau daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Barrukaldea ikusteko beharrezkoa da hitzordua hartzea.
- Abellanedako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa: Martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara; eta astelehenetan, itxita.
- Gerediagako Batzar Etxea (Abadiño): Astelehenetik barikura, 10:00etatik 20:00etara; eta zapatu eta domeketan, 10:00etatik 19:00etara.