BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENA DALA ETA, ZAPATU HONETAN HASIKO DIRA GETXON ‘FORU BIZIA’ ANTZERKI EMONALDIAK

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, lau udalerritako kaleetan antzerkia, euskal dantzak, abesbatzak eta zuzeneko musikea uztartuko dituan Hortzmuga Teatroa konpainiaren kale-proposamen ibiltaria bultzau dabe.

 

(Bilbon, 2026ko urriaren 22an). Getxoko kaleak izango dira zapatu honetan (2026ko urriak 24), Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena modu ludikoan gogora ekarteko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek batera antolautako ‘Foru Bizia’ antzerki-ikuskizun ibiltariaren abiapuntua. Hortzmuga Teatroa konpainiaren eskutik sortutako ekimen komunitario eta parte-hartzaileak jai-agertoki bihurtuko dau espazio publikoa, herritarrei historia eta memoria bizia gerturatzeko.

Lehenengo emonaldia 19:30ean hasiko da Bizkaiko Zubiaren inguruetan, eta Kale Nagusitik, Geltokia Plazatik eta Ibaiondotik igaroko da, Santa Eugenia Plazan amaitu arte. Getxoko inaugurazino jardunaldi honetan Zozoak Abesbatzak, Zasi Eskola Dantza Taldeak y Berantzagi Dantza Taldeak parte hartuko dabe modu aktiboan.

Iragana eta oraina lotzen dituan jai partekatua da ‘Foru Bizia’, eta Foru Barria orain dala bostehun urte herriko ohituretatik, berba partekatutik eta bizitzeko eta antolatzeko modutik sortu izanaren premisatik abiatzen da. Memoria hori kaleetara itzultzeko, emonaldiak antzezpen-lana, euskal dantzak, abesbatzak, zuzeneko musikea eta egitura mobikorrak uztartzen ditu, eta ibilbidean lagun egiteko eta ospakizunaren parte aktibo izateko gonbitea luzatzen deutse bertaratutako guztiei.

Álex Antúnez, Mar García Serrano, Gabriel Ocina eta Maite Fombellida aktoreek osatuko dabe eszenatokiko talde profesionala. Talde artistikoa Nerea Vesga eta Ibon Huarte dantzariakaz osotuko da, baita Ander Blascoren zuzeneko musikeagaz eta Píxeles Muertos DJagaz (Beñat de la Ripa) be.

Jai-ibilbidea lau egunetan egingo da urriaren eta zemendiaren artean, bertako kultura-alkarte desbardinen zuzeneko inplikazinoagaz. Oroitzapen-ibilbidea Getxon hasiko da urriaren 24an eta Arrigorriagan amaituko da zemendiaren 14an, urriaren 30ean Santurtzitik eta zemendiaren 7an Ermutik igaro ostean. Emonaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta ordu eta erdi inguru iraungo dabe.

  • Getxo (2026ko urriak 24): Ibilbidea Bizkaia Zubiaren inguruetan hasiko da eta Kale Nagusitik, Geltokiaren Plazatik eta Ibaiondotik igaroko da, Santa Eugenia Plazan amaitu arte. Jardunaldi horretan, bertako Zozoak Abesbatzak, Zasi Eskola Dantza Taldeak eta Berantzagi Dantza Taldeak hartuko dabe parte.
  • Santurtzi (2026ko urriak 30): Ibilbide ibiltaria Portuan hasi eta Parke Nagusiko eremuan amaituko da. Maitia Abesbatza eta Santurtzi Kantari, Bihotz Gaztea Dantza Taldea, Zugaitza Dantza Taldea eta Mendi Alde Dantza Taldea alkarteen lankidetzea izango dau.
  • Ermua (2026ko zemendiak 7): Emonaldia Orbe Kardinala Plazan hasi eta amaituko da. Pispillu Abesbatza Taldeak hartuko dau parte.
  • Arrigorriaga (2026ko zemendiak 14): Bidaiaren azken geltokiak Arrigorriagako Pergola eta Argalaren Enparantza edo Udaletxeko Plaza zeharkatuko ditu. Aritz Berri Dantza Taldeak hartuko dau parte.

Oroimen kolektiboan zeharreko ibilbide horregaz, Bizkaiak Forua jaio zan lekura konbidatu gura ditu herritar guztiak, kaleak eta bertako jentearen bizitzea gure egunetara ekarriko dituan ospakizun herrikoiagaz bat egitera.

Foru Barriaren V. mendeurrena urte osoan zehar dabil ospatzen hainbat ekitaldi akademiko, instituzional, kultural eta hezitzailegaz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dituen jarduera horreen helburua 1526an onartutako Foru Erreformauaren garrantzi historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea da.