ENERGIAREN PREZIOAREN IGOEREA ARINTZEKO ZERGA-BEHERAPENEK 125 MILIOI EURO MURRIZTUKO DITUE BIZKAIKO ZERGA-SARRERAK LEHENENGO HIRUHILEKOAN
- Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan kontroleko osokoan iragarri dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Ukrainako gerrearen ostean aktibautako zergen antzekoak izango diran eta ordainketea malgutzea eta geroratzea eragingo dauen neurriak planteauko ditu
(Gernikan, 2026ko martiaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko urteko hirugarren osokoak zortzi gai landu ditu gaur Gernikan Itaunen (4) eta Ahozko Erantzun-eskeen (4) artean. Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen Itaunetako batean, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur jakinarazo dauenez, argiaren, gasaren eta erregaien prezioa jeistera zuzendutako ezohiko neurri fiskalen aplikazinoak, hiruhileko honetan “125 milioi euro inguru gitxiago batzea” ekarriko dau. Zenbateko hori erakundeek egitura ekonomikoari eusteko, enpleoa babesteko eta familiei laguntzeko egindako ahaleginaren emaitzea da, nazinoarteko gerra-gatazkearen ondorioz etorri dan energia-kostuen gorakadearen aurrean.
Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian, Ahaldun Nagusiak azpimarratu dau foru erakundea “atoan” jarduteko prest dagoala. Iragarri dauenez, zergen arloan 2022an Ukrainaren inbasinoaren aurrean hartutakoakaz bat datozan jarduketak diseinetan dabilz, “atzerapenak eta itzulketak erabiltean” zentrauta, enpresei eta profesional autonomoei likidezia zuzenean injektetako.
Energiaren garestitzeak eta hegazkortasun logistikoak euskal industrian, batez be sektore elektrointentsiboetan eta esportatzaileetan, daukan eragina arintzeko, Aldundiak Eusko Jaurlaritzagaz koordinautako 1.047 milioi euroko “ezkutu industrialean” hartzen dau parte. Helburu nagusia arriskuak prebenidutea, ekoizpen-sarea babestea eta ziurbakotasun globaleko egoeran lanpostuei eustea da.
Ahaldun Nagusiak gogora ekarri dau “63 milioi euroko” laguntza pakete bat dagoala beren beregi enpresa txiki eta ertainetarako (ETE), eta horreetatik 32 milioi barrikuntza, digitalizazino, deskarbonizazino eta nazinoartekotze proiektuetarako “zuzeneko” laguntzetara bideratzen dirala.
Ganera, neurri fiskalen osagarri, Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko enpresen likidezia erraztuko dau, Seed Capital Bizkaiak kudeautako funtsen mailegu kuoten itzulketea sei hilebetera arte atzeratzeko eta Beazek kudeautako enpresen inkubagailuetan alokairu kuoten ordainketak geroratzeko aukerea emonda.
Etxanobe Landajuelak berretsi egin dau Bizkaiko Foru Aldundiak eragina jasaten ari diran sektoreakaz, baita lehenengo sektoreagaz be, hartu-emon zuzena izateko konpromisoa dauela, neurri “proportzionalak eta eraginkorrak” hartzeko, kanpoko talken aurrean gizartearen zaurgarritasuna murrizteko eta epe ertain eta luzera lehiakortasuna indartzeko. Arazoa “zeharkakoa” da Aldundi osoan, eta gatazkea luzatzen bada “beste neurri batzuk planteau beharko dira”, adierazo dau.
BESTE GAI BATZUK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak proponiduta, Aldundiak, gerrak ekonomian eta herritarren erosteko ahalmenean eragin negatiboa izan ez daian hartuko dituan neurri horreez gain, metroaren 4. linea eregiteko hitzarmena Batzar Nagusietara bialtzeari buruzko informazinoa emon dau osokoan. Aldundiak jakinarazo dauenez, oraindino hitzarmena egiten ari dira, eta egindakoan Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztuko da, berretsi daiten.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, barriro be interesa agertu dau Lersundi kalean dagoan eta ezintasun mailearen balorazinoak egiten diran Medicos Bizkaiaren egoitzearen baldintzen inguruan. Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuak emon eban horren inguruko erantzuna orain dala egun batzuk egindako agerraldian. Hurrengo baldintza-agiriak zerbitzu horrek “bermatuko dituan irisgarritasun betekizunak” jasoko ditu, gogora ekarri dauenez.
Eta, bukatzeko, EH Bilduk bost gairen inguruko interesa agertu dau: LGTBIQplus kolektiboaren eskubideak; Artigaseko biometanizazino plantearen proiektuaren egoerea; Arangurenen dagoan Glefaran enpresearen lurren salmentea; Otei baserriaren erabilerea (Ea); eta Medicos Bizkaiaren egoitzan irisgarritasun lanak egitearen errazoia.
Biometanizazino planteari jagokonez, Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak iragarri dauenez, 2030ean 50.000 tona hondakin organiko tratauko dituan eta “milaka etxetarako” gas barriztagarria sortuko dauen planta horren lanak “maiatzean” amaituko dira, aurreikusitako epeak betez. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, lanak hasteko behar diran baimen eta lizentzia guztiak eskatuta dagoz daborduko. Plantak 25 milioi euro inguruko kostua dau, 1.842.000 euroko hasierako dirulaguntzea jaso dau Trantsizino Ekologikoko Ministerioaren eskutik eta 17.151.000 euroko beste injekzino bat Next Generation funts europarren bidez.