BATZAR NAGUSIEK ENPRESA HANDIENTZAKO ETA MULTINAZIONALENTZAKO GITXIENEKO ZERGA GLOBALAREN FORU ARAU PROIEKTUAREN IZAPIDE PARLAMENTARIOA HASI DABE

  • Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantza foru diputatua, batzordearen aurrera etorri da, talde multinazionalei eta talde nazional handiei zuzendutako gitxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarri “konplexuari” buruzko informazinoa emoteko, bai eta Soziedadeen ganeko Zergearen Foru Araua eta Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergeari buruzko Foru Arauaren aldaketei buruzko informazinoa emoteko be.

 

(Bilbon, 2025eko azaroaren 3an). Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantza Foru Diputatuak “2. zutabea” izenekoa aurkeztu dau gaur goizean Batzar Nagusietan, talde multinazional eta nazional handiei gitxieneko % 15eko tributazinoa bermatzeko, Lurralde Komuneko araudia errepiklatuz, Europako Batzordeak balioztatuko dauela ziurtatzeko. SOZIEDADEEN ganeko Zergan eta PFEZn be hobekuntzak sartzen ditu arau proiektuak.

Foru Arau horren helburu nagusia Bizkaian zerga osagarria arautzea da, talde multinazionalentzako gitxieneko zerga-maila orokor hori bermatzeko. Foru arauak 2022ko abenduaren 15eko 2022/2523 Europako Zuzentarauaren transposizinoa egiten dau, eta fiskalidade “zuzenagoa eta nazinoarteko zerga politikeagaz lerrokatuagoa” lortzeko gitxieneko kargea jasoten dau, Berrojalbizek adierazo dauenez. Horrez gain, nazinoarteko edo nazino mailako talde bateko kide diran eta gitxieneko % 15eko kargea jasan ez daben erakundeek lortutako errentei apliketako karga gehigarria ezarten dau, ehuneko horretara heldu arte.

Zerga barriak talde multinazional edo nazionaletako kide diran Espainiako lurraldeko erakundeetan dau eragina, beti be aurreko lau zergaldietatik gitxienez bitan negozio-zifra bateratuaren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa edo handiagoa bada. Hainbat erakunde kanpoan geratzen dira, horreen artean erakunde publikoak, irabazi-asmorik bako erakundeak edo pentsino-funtsak.

Orokorrean, zergadunaren ordezkoak helbide fiskala Bizkaian dauenean aplikauko da Bizkaiko araudia, eragiketen bolumenean (12 milioi euro) eta eragiketen ehunekoan (lurralde erkidean edo foru-lurraldean) oinarritutako salbuespenak izan ezik.

Foru Arauak zenbait kasutan kargearen aplikazinoaren hasierea geroratzeko xedapen iragankorrak jasoten ditu. Adibidez, hirugarren xedapen iragankorrak aukerea emoten deutse talde nazionalei edo nazinoarteko jarduerearen hasierako fasean dagozanei lehenengo bost ekitaldietan modalidade nazionalak eta bigarren mailakoak ez apliketako. Zergea 2026ko ekitaldian aurkeztuko da (autolikidazinoa) lehenengoz.

Diputatu andreak adierazo dauenez, zergearen konplexutasun teknikoa, Europako Batzordearen barrikuspena behar dala eta Lurralde Komuneko 2. zutabeko araudiak barrikuspen hori gainditu dauela kontuan izanda, Aldundiak Bizkaiko Lurralde Komuneko araudia “errepliketea” erabagi dau. Oposizinoko taldeen galderei erantzunez, adierazo dau konplexutasun hori dala zerga horren irismen kuantitatiboa memoria ekonomikoan sartu ezin izanaren errazoia. Edozelan be, 2008tik, Bizkaiak, % 15eko kargatik “oso hur” egotea ahalbidetzen dauen araudia apliketan dauela ekarri dau gogora.

 

BESTE ALDAKETA BATZUK

Zerga Osagarria arautzeaz gain, Foru Arau Proiektuak “hobekuntzak” sartzen ditu Soziedadeen ganeko Zergan eta Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergan (PFEZ), 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioakaz.

Holan, enpresa ertainek daben “amortizazino azeleraua” beste edozein erakunderi aplikau ahal izango jake, baina euskal industriaren deskarbonizazinoagaz eta energia-trantsizinoagaz lotutako ibilgetu materialaren aktibo barriei jagokenean bakarrik (65. artikulua). Ganera, “65 bis artikulu” barrian ingurumen proiektuen ondoriozko kenkariak sartu dira kenkariak transferiduteko eskeman, daborduko I+G eta ikus-entzunezko kenkariei apliketan jaken mekanismoa.

PFEZari jagokonez, tratamentu bera emongo jako 65 biseko kenkari barriari, subjektu pasiboei inbertitzaile lez jarduteko aukerea emonez. Eta kriptoaktiboen tributazinoan aldaketak jasoteko xedez, balorazino-arau berezi bat ezarri da kriptoaktiboen transmisinorako. Erregulazino hori hiru lurralde historikoen artean adostu da, araua Gipuzkoako auzitegien epai batera egokitzeko.

 

2022. URTEKO KONTU OROKORRA

Diputatua, berak eta Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak eskatuta be etorri da 2022ko Kontu Orokorra azaltzeko. Koalizino abertzaleak barriro kritikau dau araua, kontu orokorrak aurkeztu eta hurrengo urteko bagilaren ostean onartzeagaitik, eta horrek Batzar Nagusietako eztabaidea atzeratu izanagaitik. Berrojalbizek gaurko eztabaidara heltzeko denpora jakin batzuk behar dituan kontrol “zehatz eta zehatuagaitik” justifikau dau atzerapena. Pauso horreen artean, kontuen itxierea, barruko auditoretzak, Kontuen Epaitegiaren fiskalizazinoa, Kontu Orokorra Gobernu Kontseilutik igaro behar izatea eta ondoren Batzar Nagusietan tramitetea aitatu ditu.

Ogasun eta Finantza diputatuak “positibotzat” jo dau Aldundiaren ekitaldi horretako jarduera ekonomikoa, aurkeztutako zifretan eta sail guztien kudeaketa orokorrean oinarrituta. Joan dan urriaren 28an epaitegiko arduradunek beste batzorde batean azaldu eben Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) egindako fiskalizazino txostenari jagokonez, Diputatuak erakunde fiskalizatzailearen ondorioak aitatu ditu. Bizkaiko lurralde historikoko erakundeek “modu errazoizkoan bete dabe 2022ko ekitaldian euren jarduera ekonomiko-finantzarioa erreguletan dauen legezko araudia”. Ganera, kontuek “jarduera ekonomikoa alderdi esanguratsu guztietan adierazoten dabe”, “Ondarearen eta egoera finantzarioaren irudi fidela” erakusten dabe, eta informazino finantzarioaren arauzko esparrua beteten dabe, kontabilidadeko printzipioak eta erespideak barne.