BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA EAE-EK “EMAKUMEAK BIZKAIAN” VI. JARDUNALDIAK AURKEZTU DITUE EMAKUMEEN LIDERGOA IKUSIARAZOTEKO

  • Aurton “Gizarte ispiluaren aurrean: Distiratsuak eta Bisibilizatuak” lemapean, egingo dan berbaldien zikloa zezeileko martitzenetan izango da, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Batzar Nagusien egoitzako berbaldi aretoan. Sarrera librea eta dobakoa izango da leku guztiak bete arte.
     
  • Zikloaren helburua emakumeak ikusiarazotea da, hareen aurrerapena agirian ixteko eta gainditu barik dagozan desafioak eta erronkak mahai ganean jarteko.

 

(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 29an). Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordeak “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien seigarren edizinoa antolatu dau Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera. Ekitaldia datorren martitzenean inaugurauko dabe modu ofizialean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Jose Manuel Barandiaran García EAEko Zuzendariak. Saioak 2026ko zezeilaren 3, 10, 17 eta 24an izango dira, 18:00etan, Bilboko Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakian dagoan Batzar Nagusietako Aretoan.

“Gizarte ispiluaren aurrean: Distiratsuak eta Bisibilizatuak” izeneko edizino honen helburu nagusia emakumeek bizitza publikoaren eta profesionalaren arlo guztietan daukien presentzia ikusiarazotea da. Ibilpide nabarmeneko profesionalen berbaldien bidez belaunaldi barrientzako erreferente sendoak proiektau gura dira. Horrez gain, ekimenak Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planean jasoten diran bardintasunaren balioak indartzen ditu.

Begoña Cava Mesa historialari eta Deustuko Unibersidadeko irakasle emerituak eta EAEren adiskideak koordinautako jardunaldiak emakumeak gaur egun dituan erronkak eta aukerak aztertuko dituen lau mahai-inguru monografikotan antolatuko dira:

• Zezeilak 3: “Lidergo- eta erabakitze-rolak. Diplomaziatik goi mailako kudeaketara”, finantzen, ingeniaritzaren eta diplomaziaren sektoreetako zuzendaritza taldeetako emakumeen parte-hartzeagaz.

• Zezeilak 10: “Zientzia aurrerapenaren eragile gisa”, ikertzaileek eta katedradunek, biokimikan eta genetikan, besteak beste, daben zereginean oinarrituta.

• Zezeilak 17: “Emakumea, hezkuntza eta balioak. Mezuak eta indarrak”. Bertan, psikologiako, literaturako eta kultur kudeaketako profesionalek hezkuntza-eragina aztertuko dabe.

• Zezeilak 24: “Kulturaren inspirazioa. Emakumea eta eraldaketa kulturala”, jaialdietako kudeatzaileen, zinemagileen eta diziplinarteko artisten esku-hartzeagaz.

 

ERAKUNDE ANTOLATZAILEAK

Bizkaiko Batzar Nagusiek babesten ditue jardunaldiak, eta Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean jasoten diran dibulgazino ekintzen barruan sartu ditu. Ibilbide-orri hori aurton amaituko da, eta gizarte bidezkoago eta bardintasunezkoagoaren aldeko ekimen barriakaz daborduko egiten ari dan hirugarren planari emongo deutso hasierea.

“Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen” izenaz ezagutzen dan EAE Euskal Herriko erakunde soziokulturalik zaharrena da, 1764an sortu zan espiritu erreformista eta ilustrauagaz. XXI. mendean, erakundeak egungo dinamika sozialei erantzuteko konpromisoari eusten deutso, Bizkaiko bizi-baldintzak eta portaera sozialak hobetzeko beharrezkoak diran eraldaketei buruzko hausnarketea sustatuz.

Lotutako artxiboak: