BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA AMAIURKO GAZTELUA FUNDAZIOAK GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BAT LANDATU DABE NAFARROAKO AMAIUR UDALERRIAN
- Ekitaldi instituzionalean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazioko presidentea, tokiko agintariak eta Amaiurko herritarrak egon dira, euskal historiako erreferentziazko gune biren arteko topaketea sinbolizauz.
(Amaiur, 2026ko martiaren 1a). Amaiurrek Gernikako Arbolearen oinordeko bat dauka gaurtik aurrera. Ale gaztea gaur goizean landatu dabe Nafarroako udalerriko eleizearen alboan dagozan lorategietan, herriaren sarrera nagusia dan gune enblematikoan. Landaketako zeremonian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazioko presidenteak, Javi Iriarte Amaiurko alkateak, Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Arantzatzu Amezaga Manuel de Irujoren senideak eta herritarrek hartu dabe parte.
Amaiurren egin dan landaketa ekitaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Manuel de Irujoren omenaldiagaz bat datorren ekitaldiaren karga historiko eta emozional sakona azpimarratu dau. Otaduik azpimarratu dauenez, “Amaiur ez da edozein herri. Leku hau memoriaren gune bihurtu da, egoereari aurre egiten jakin eban herriaren duintasunaren eta sendotasunaren etenbako oroigarri”. Modu berean, Irujoren irudia goretsi dau, demokraziagaz eta eskubide historikoakaz konprometidutako nafar unibersal lez. Adierazo dauenez, haren legaduak erakusten dau “ez dagoala sustrairik bako askatasunik, ez etorkizunik gure Lege Zaharrarenganako, gure Foruenganako errespeturik barik”.
Ganera, Otaduik azpimarratu dauenez, Gernikako Arboleak euskal gizartearen eskubide historikoak eta bakerako gogoa irudikatzen ditu. Ale barri hau Baztanen landatzean, oinordeko gazteak “Bizkaiko izerdia eta Nafarroako lurra lotzen ditu, biharko egunerantz hazten dakien herri bera garala gogorarazoz”. Bukatzeko, zugaitza “mendeetako zin, akordio eta asmo partekatuen lekuko mutua” dala esan dau, eta “gure sinbolo unibersalenaren oinordeko” hori “mimoz eta maitasunez” jagoteko eskatu deutse bertaratutakoei.
Amaiurko Gaztelua Fundazioak, bere aldetik, Nafarroako eta Euskal Herriko ondarea zabaltzeko asmoz bultzatu dau ekimena, urtean 30.000 bisita inguru jasoten dituan lekuan, Amaiurko gazteluaren aztarnak kontserbetan ditu-eta.
Ekitaldia, 1922an Amaiurko monolitoaren inaugurazinoan parte hartu ebaneko urteurrena dala eta Manuel de Irujoren omenezko jardunaldiaren parte izan da. Ekitaldian, Gaztelu Abesbatzak, Fernando Cortijoren zuzendaritzapean, Nafarroako ereserkia eta “Gernikako Arbola” abestu ditu.
Berbaldien ostean landaketa sinbolikoa egin da, eta agintariek eta bertaratutakoek lehenengo lur-palakadak bota deutsiez haretx barriari. Ekitaldia amaitzeko, Ana Otadui Biterik zugaitzaren benetakotasun ziurtagiria emon deutso Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazioko presidenteari.
Bere historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago entregau ditue bost kontinenteetako hainbat lekutan. Landaketa barri horregaz, Amaiurrek bat egiten dau ikur historiko eta kultural horren zaintza kolektiboagaz, erakundeen arteko loturak eta lurraldearen memoria partekatua indartuz.