BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA EUSKAL FONDOAK LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DABE GUATEMALAN GARAPENERAKO LANKIDETZA PROIEKTUAK BULTZATZEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek 60.800 euro jarriko ditue Fray Bartolomé de Las Casas udalerriko Vista Hermosa auzoan edateko uraren sistemea hobetzeko.
     
  • Laguntza hori Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planean jasotako ekintzetara mugatzen da.

 

(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUSKAL FONDOA-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Alkarteak lankidetzarako hitzarmena sinatu dabe, garapenerako nazinoarteko lankidetzarako jarduerak aurrera eroateko alkarlanerako esparrua ezarteko. Lankidetza honen ardatza Guatemalako Alta Verapazen dagoan Fray Bartolomé de Las Casas udalerriko funtsezko azpiegiturak hobetzeko proiektua da.

Bizkaiko Batzar Nagusien konpromisoa, ekitaldi honetarako 60.800 euroko ekarpen ekonomikoan gauzatzen da. Ekarpen honek EUSKAL FONDOAren jarduerak finantzauko ditu eta bere helburu espezifikoa Vista Hermosa auzoan edateko uraren sistemea hobetzea da. Hitzarmenak komunidade pobretuei zuzendutako baliabideak hobetzeko beharrari heltzen deutso, Bizkaiko Batzar Nagusiek alkartasunean eta erantzunkidetasunean oinarritutako proiektuei laguntzeko hartu daben konpromiso historikoagaz bat etorriz. Laguntza hori Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planean jasotako ekintzetara mugatzen da.

EUSKAL FONDOAk garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen laguntzen dau ekimen honetan, bardintasun eta errespetu kulturaleko erespideen araberako programak kudeatuz, finantzauz eta sustatuz. Erakundeak esperientzia zabala dau inguru horretan, eta hogei urte baino gehiago daroaz Fray Bartolomé de Las Casas herriagaz lankidetza-harremana izaten. Ganera, tokiko edateko uraren sistemea modernizetan lagundu dau aldez aurretik. Akordio hau sinatzeak berretsi egiten dau erakunde biek personek eremu geografiko espezifikoetan, Guatemalako udalerri horretan, besteak beste, jasaten daben bidebakokeria- eta kalteberatasun-egoera arintzeko asmoa dabela.