BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ENKARTERRIKO ONDARE AHAZTUA EZAGUTZEKO LAU IBILBIDE KULTURAL ANTOLATU DITUE URRIAN
- Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Sopuertako kultur etxeak bat egin dau Foru Aldundiak koordinatzen dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, Sopuertako (urriak 7, 8, 14 eta 15), Zallako (urriak 18) eta Barakaldoko (urriak 21) iragan kulturalaren eta industrialaren aztarnetan zehar oinezko ibilbideak antolatuta.
- Jarduera guztiak dobakoak dira eta Enkarterrietako Museoan hasiko dira (parte-hartzaileak autobusez eroango dira puntu desbardinetara). Beharrezkoa da aurretik izena emotea, Enkarterrietako Museoaren webgunearen bidez, plazak mugatuak diralako.
(Bilbon, 2026ko urriaren 1an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak, urtero lez, bat egin dau aurton be Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, Foru Aldundiak bultzatuta, eskualdeko ondare-aberastasuna balioan jarriko daben berbaldi, gidatutako ibilbide eta bisita programa askotarikoagaz.
Edizino honetako lemapean, “Gure eskuetan: el patrimonio en nuestras manos”, Abellanedako Batzar Etxean dagoan museoak Enkarterriko historia eta ondare kulturala hobeto ulertzen lagunduko daben leku historikoetatik, auzo berezietatik, kirol-instalazinoetatik eta meategietatik ibilbidea proposatzen dau, gaian aditu diranen eskutik.
“Jardunaldi honeekaz, ondarea herritarrei modu bizian hurreratu gura deutsegu, historia gertatu zan lekuetan bertan. Ibilbide eta berbaldi bakotxa gure oroimen kolektiboa barriro aurkitzeko eta lurraldeagaz daukagun loturea sendotzeko aukerea da”, nabarmendu dau Javier Barrio Marro Enkarterrietako Museoko zuzendariak.
IBILBIDE KULTURALAK
- Urriak 7 eta 8: Amalia Juliana meatzera (Sopuerta), Sopuertaren bihotzean dagoan meatzaritza-ondare ahaztura, bisitea. Juan Manuel Román Camposek gidatuko dauen ibilbidea Aleneko meatzari-auzoan barneratuko da eta, zehatzago, antxinako Amalia Juliana meatzean. Antxinako meatzari-herrixkea, frontoia, trenbide-linea, polborategia, plano inklinauak eta XIX. mendearen amaieran inaugurautako meatze horren azkenengo urteotan hainbat hobekuntza izan dituen beste elementu batzuk ikusiko dira.
- Urriak 14 eta 15: Pasaboloa, Enkarterriko antxinako jokoa, hobeto ezagutzeko jardunaldia. Museoan berbaldia, joko horri, bere hedadureari, historiari eta ezaugarriei buruz berba egingo dauen Juantxu Zorrilla ikertzailearen eskutik. Abellanedatik, taldea Villaverdeko bolatoki historikoa ezagutzera joango da eta, gero, ospe handiko “bolari” batek jokatuko dauen eta jolasten ikasteko denporea egongo dan Sopuertakora.
- Urriak 18: Ibilbide kulturala gaur egun intereseko ondare-elementu bihurtuta dagozan La Guata eta La Papelera lako hainbat fabrika sortzeagaz batera XX. mendearen hasieran gauzatzen hasi zan Zallako Aranguren behargin-auzotik. Horreen inguruan, auzoa dinamiko eta oso jentetsu bihurtu ebezan etxebizitzak, txaletak, elizak edo eskolak egin ziran.
- Urriak 21: Javier Barrio Marro Enkarterrietako Museoko zuzendariak emongo daben berbaldia eta ondorengo mahai ingurua. Bertan, Barakaldon oraindino irauten daben baina desagertzeko arriskuan dagozan hiru eraikin historikori buruz berba egingo da: Zubiletako torretxea, XVI. mendeko torretxe etzan ezezaguna; Gorostizako Palacio baserria, udalerrian kontserbetan dan XVII. mendeko azkenetako baserri barrokoa; eta arku beheratuko sarrerea eta kupela daukazan eta eskualdean oso ohikoa ez dan Casas Blancas baserria.
Jarduera guztiak dobakoak dira eta Enkarterrietako Museoan hasiko dira (parte-hartzaileak autobusez eroango dira puntu desbardinetara). Aurretik izen-emotea beharrezkoa da, Enkarterrietako Museoaren webgunearen bidez, plazak mugatuak diralako.