BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK GAUR DESEGINGO DIRA, PANDEMIAK ETA UKRAINIAKO GERRAK ERAGINDAKO ONDORIOEK ARAU-MAILAN MARKAUTAKO LEGEALDIAREN OSTEAN

  • Batzar Nagusietako taldeek foru Gobernua kontroletako lana areagotu eben XI. Agintaldian, batez be koronabirusa sartu ostean eta horrek lurraldeko bizitza sozialean, ekonomikoan eta politikoan izan eban eraginaren ostean. Lau urtetan aurkeztu diran ia 2.000 ekimenetatik (1.938), % 95,7 Batzar Nagusietako taldeek Aldundiari egindako kontroleko ekimenak izan dira.
     
  • Foru Gobernuaren 359 agerraldi izan dira, horreetatik % 29a foru araudian 77 aldaketa bultzatu dituan Gobernuaren beraren ekimenez.
     
  • Legealdiaren balantzeak erakusten dauenez, 452 saio egin dira parlamentuan (82 osoko eta 370 batzorde), eta 31 foru-arau barri eta 36 dekretu (araubide komuneko arau-transposizinoak, preminazko dekretuak edo foru-dekretuak) eratu dira.

 

(Bilbon, 2023ko apirilaren 4an). Gaur amaituko da Bizkaiko Batzar Nagusien XI. Agintaldia, Batzar Nagusien desegitea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioek baldintzatu dabe legealdia. Foru Gobernuak eta Batzar Nagusietako taldeek modu esanguratsuan indartu eben euren parlamentuko beharra, batez be 2020an –pandemia hasi zan urtean–, osasun krisiari eta horren ondorio ekonomikoei aurre egiteko asmoz. Ekitaldi horretan bakarrik, foru parlamentuko ekimenen guztizko baturea 650era heldu zan, hau da, legealdiko lau urteetan erregistrautako ekimen guztien herena (% 33,5). 

Holan, bada, Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur amaituko dabe legealdia, 2019ko bagilaren 16an Bizkaiko parlamentua eratu zanetik aurkeztu diran 1.938 ekimenegaz. Lehenengo urtean (6 hilebete eskas), 202 ekimenegaz itxi zan balantzea. Zifra hirukoiztu egin zan 2020an, 650 horreetara heldu arte. 2021ean eta 2022an, parlamentuko jarduerea aurreko ekitaldietako ohiko erregistroetara itzuli zan, bostehun ekimen ingurura, 511 eta 469 ekimen, hurrenez hurren. Aurton, joan dan astera arte, 106 gai zenbatu dira.

Foru parlamentuko lan-bolumen esanguratsu hori 82 osokotan eta 370 batzordetan eztabaidatu da. Gai horreek Mahaiaren bileretatik be igaro dira, eta bertako bost kideak 191 bider alkartu dira. Bozeroaleen Batzordeak ehundaka gai aztertu ditu 78 bilkuratan. Pandemian be, jarduerea ez zan geratu, hilebete bitan Bizkaiko Batzar Nagusiek eta bertako organuek modu telematikoan funtzionau ebelako.

Lau urte horreetan, deitutako ia batzordeen herena 118 bider deitu jaken Ogasun eta Finantzetako Batzordeko kideak batzeko izan da. Oso urrun dagoz 44 aldiz deitu diran Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen saioak, edo 39 bilera izan dituan Gizarte Ekintzakoak. Ganerako batzordeak –ohiko 9 batzorde dagoz, iraunkor 2 eta berezi bat– hogei bileren inguruan ibili dira, horreen artean, herritarrek euren kexak eta erreklamazinoak aurkezten dituen batzordea. Azken hori 28 bider deitu zan. Saio horreen guztizko bolumena handitu egin da, 2030. urtera arte Bizkaiko garraio publikorako konponbide onenetan sakondu dauen legealdiko batzorde berezi bakarrak be bat egin dauelako.

 

FORU ARAUDI BARRIA

Lau urtetan, bere bigarren eta azken agintaldian Unai Rementeria buru izan dauen Foru Gobernuak, Batzar Nagusien adostasunagaz, 31 foru arau barri eta 36 dekretu (foru dekretuak, preminazko foru dekretu arauemoileak eta transposizinoak diran foru dekretu arauemoileak) aurrera ateratea lortu dau. Guztira, foru Gobernuak berak 147 ekimen bultzatu ditu.

Lau ekitaldietako aurrekontuak onartzeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek legealdiaren lehenengo zatian pandemiak izan dituan ondorioei eta agintaldiaren azken aldian gerrak Bizkaian izan dauen eraginari eta prezioen igoereari aurre egiteko edo arintzeko arauzko testuak aurrera atera ditue. Onartutako foru arau gehienak fiskalidadeagaz erlazionauta egozan, iruzurrari aurre egiteko eta horren kontra burrukatzeko neurriak hartzeko, zergen ordainketea atzeratzeko, produktu edo zerbitzu batzuen (musukoak, energia, erregaiak...) BEZa murrizteko edo soziedadeen, PFEZaren, OHZaren edo Hiri Lurren Balioa Gehitzearen ganeko Zergearen (gainbalioa) tributuak apur bat aldatzeko, Bizkaiko zerga sisteman “Google” eta “Tobin” tasak gehitzeaz gain. Salbuespenezko neurri lez, 2020aren bukaeran, Batzar Nagusiek Aldundiaren zorpetze ahalmena 300 milioi handitzea onartu eben, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko.

Gai horreek alde batera itxita, Bizkaiko Batzar Nagusiek, eukaliptoak landatzeko lau urteko luzamendua ezarteko, Bizkaiko bost errepidetan kamioientzako bidesariak sartzeko, Usansoloko segregazinoari argi berdea emoteko, edo 2024an derrigorrezkoa izango dan Batuz sistemea ezarteko pizgarriak ezarteko arauzko proiektuak be onartu ditue.

Bozketak bata bestearen atzetik etorri dira etenbarik Gobernuaren jardunari buruzko informazinoa, kontrola eta bultzadea emoteko beste tresna parlamentario batzuen bidez. Parlamentuko kideek 80 mozinoren eztabaidea eta bozketea erregistrau ditue, 134 Itaunen eta arauz besteko 253 proposamenen ondorioz, beste 19 arau proposamen onartzeaz edo baztertzeaz gain.

Bizkaiko Batzar Nagusietan, gai gitxik eragin dabe bardintasunari eta indarkeria matxistearen salaketari lotutakoek lako ahobatekotasunik. Adostutako 16 Erakunde-adierazpenetako askok bardintasunean oinarritutako gizartea eregitea dabe helburu. Adierazpenik mingarrienak, Abanto, Sestao eta Bilboko udalerrietan indarkeria matxistaren ondorioz hiru emakumeren hilketea arbuiatuz Batzar Nagusietako talde guztiek sinatu ebezanak izan ziran. Legealdi honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek sentsibilitate berezia erakutsi dabe indarkeria matxistearen kontrako burrukan eta bardintasunaren arloko ekintzak bultzatzeko orduan, eta Nafarroaren ostean Bardintasun Plana aho batez onartu dauen Estaduko bigarren parlamentua bihurtu da. Emakume Hautetsien Batzar bakarra martian egiten da urtero Gernikako Batzar Etxean.

Taldeka, Parlamentuko ekimenen bolumen handiena oposizinoarena izan da, ohikoa dan lez. Banaka, Elkarrekin Bizkaiak 856 ekimen sinatu ditu; EH Bilduk, 670; eta Talde Berezia-PP Bizkaiak, 227. Foru Gobernua eusten daben talde biek, euren aldetik, 8 gai defendidu ditue alkarregaz, eta beste bitan, jeltzaleak eta sozialistak bakotxa bere aldetik joan dira. Gairen bat alkarregaz defendiduteko orduan eskutik gehien joan diran taldeak EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia izan dira, 27 aldiz egin dabelako. Foru Gobernuaren erregistroan, bere aldetik, 147 ekimen geratzen dira, erdiak foru araudia aldatzeko.

Batzar Nagusietako taldeek –oposizinokoek batez be– ahalik eta gehien estutu ditue Batzar Nagusietako Araudiak eskaintzen deutsezan kontroleko betekizunak, Itaunen, ahozko eta idatzizko erantzun-eskeen, agerraldi eskaeren, mozinoen edo arauz besteko proposamenen bitartez. Guztira, parlamentuko 1.855 ekimen izan dira.

Batzar Nagusietako saioetan, Aldundiko ordezkariek euren kudeaketeari buruzko azalpenak emon behar izan ditue 132 Itaunetan eta Ahozko 391 erantzun-esketan. Guztira, 628 gaik jaso dabe idatzizko erantzuna. Foru Gobernuko kideak 279 aldiz agertu dira Batzar Nagusietako taldeek eskatuta. Bere ekimenez, Aldundiko kideren bat beste 80 aldiz joan da foru Parlamentura.

Ana Otadui Biterik Batzar Nagusien buru lez egin dauen bigarren legealdiak “erakunde hau  bizikidetzarako eta espazio plural, gure Lurralde Historikoko errealidade sozio-politiko aberatsaren isla eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernua parlamentuan kontroletako tresna eraginkor lez sendotzen dau –lehendakariaren berbetan–”. Osasun krisiaren eta Ukrainako gerrearen ondorioak nagusi izan diran giro politikoan, Otaduik azpimarratu dauenez, “guztiek, Batzar Nagusietako taldeek zein Foru Gobernuak”, “onena” jarri dabe, herritarrak ondoz ondoko krisien ondorioetatik arintzeko adostasunak lortzeko, “Gobernuaren ekintzea kontrolauz eta bultzatuz”. “Gaiztasun handiak” egon diran arren, Otaduik legealdi honetan nagusitu dan “errespetuzko tonu nasaia” azpimarratu dau.

Lotutako artxiboak: