BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ANDORRAKO KONTSEJU NAGUSIKO PRESIDENTEA HARTU DABE BISITA INSTITUZIONALEAN

  • Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Mahaiko kideek ondo etorria emon deutsie Carles Ensenyat Reigi Gernikako Batzar Etxean. Bisitara Bakartxo Tejeria Otermin Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria be joan da.

 

(Gernikan, 2026ko urtarrilaren 14an) Gernikako Batzar Etxeak gertakari garrantzitsu bat izan dau gaur bere agenda instituzionalean, Andorrako Printzerriko Kontseju Nagusiko (Andorrako parlamentua) Síndic General dan Carles Ensenyat Reigi egindako harrera ofizialagaz. Bilera eguazten honetan izan da, eta balio sinboliko handiko ingurunean erakunde parlamentario bien arteko loturak sendotzeko balio izan dau.

Harrera ekitaldia eguerdiko 12:30ean hasi da, Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariaren eta Mahaiko kideen agur ofizialagaz, foru esparruaren sarreran. Bisitara Bakartxo Tejeria Otermin Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria be joan da. “Agur Jauna” tradizionalaren interpretazinoaren eta bideo instituzional baten proiekzinoaren ondoren, ordezkaritzak egoitzako gune esanguratsuenak bisiteteari ekin deutso.

Bisitan, Andorrako ordezkaria Arbola Zaharraren eta gaur egungo Gernikako Arbolearen aurrean gelditu da Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzatik egin dauen ibilbidean. Azken puntu horretan, solemnidade bereziko uneak izan dira, “Gernikako Arbolearen” eta ohorezko “Aurreskuaren” interpretazinoagaz, jagokozan argazki ofizialen ostean.

Gero, segizinoa Batzar Etxera sartu da, eta bertan, Lehendakariak arkitektura-moltsoaren eta erakundeak politikaren eta kulturaren aldetik Euskadirako esan gura dauenaren azalpen zehatza emon dau. Ibilbidean geldialdiak egin ditue hemizikloan, Beiratearen Aretoan eta Liburutegian, Lehendakariaren bulegoaren aurrean dagozan espazioetan, hain zuzen be.

Jardunaldi instituzionala amaitzeko, Carles Ensenyat Reigek Ohorezko Liburuan sinatu dau, Andorrako Printzerriaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko anaitasuna formalizetan dauen keinua.