BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU ALDUNDIAK BERO-BOLADEN ONDORIOZ MAIATZEAN HONDARTZETARAKO BIZKAIBUS ZERBITZUA ALDI BATERAKO INDARTZEA AZTERTZEKO PROPOSAMENA
- Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu EH Bilduk bultzatu dauen eta Elkarrekin Bizkaiak bakarrik babestu dauen arauz besteko proposamena, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeetako batzordekideek kontra bozkatu dabe-eta.
(Bilbon, 2026ko urriaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu gaur Foru Aldundiari maiatzeko asteburuetan muturreko tenperaturak izan ezkero Bizkaibusek hondartzetara eskaintzen dauen zerbitzua aldi baterako indartzeko aukerea ebaluetako eskatzen eutsan arauz besteko proposamena. Ekimenari EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak emon deutsie baiezkoa, eta ganerako taldeetako –Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra– batzordekideek kontra bozkatu dabe.
Saioan zehar, Raúl Méndez Urigoitia EH Bilduko batzordekideak klima-aldaketea eta joan dan maiatzean erregistrautako tenperatura altuak ikusita “prebentiboa” dala esanez defendidu dau bere proposamena. Batzordekideak adierazo dauenez, komenigarria da aurretiaz Bizkaibuseko lineen errefortzu puntuala aztertzea, sarearen egitura iraunkorra aldatu barik, eta baita disuasino-aparkalekuak eta intermodalidadeko nodoak indartzeko aukerea aztertzea be, kostalderako sarbidea errazteko.
Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea proposamenaren alde agertu da, “zuhurra eta beharrezkoa” dala esanda, eta zerbitzu publikoak klimearen errealidade barrietara egokitzeko ahalegina egiten dauela azpimarratu dau. Talde moreko batzordekideak lurraldeko hondartzetara heltzeko ibilgailu pribaduaren benetako alternatibak eskaintzeko aukerea ekarri dau gogora.
Bere aldetik, Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedor Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak bere taldearen kontrako eretxia azaldu dau esanez bero-boladak gertakari agerikoa badira be, gaiak “askoz hausnarketa zabalagoa” eskatzen dauela, eta ez dala maiatzeko asteburuetan autobus-kopurua handitzera mugatu behar. “Ez dakit koherentea dan eguzkia saihesteko gomendioak egitea, aldi berean jentea hondartzetara joatea sustatzen dan bitartean”, argudiatu dau.
Euskal Sozialistak taldearen izenean, Goyo Zurro Tobajas bozeroaleak, Bizkaibus sare “erregularra eta iraunkorra” dala eta plangintza zorrotza eta ibilgailuen eta beharginen benetako erabilgarritasuna eskatzen dauela azpimarratuta justifikau dau kontrako botoa. Ibilgailu eta behargin horreek unibersidadeko zerbitzuetara bideratuta jarraitzen dabe maiatzean. Ohikotasunez, 20 hondartzak, Metro Bilbaok, Euskotrenek eta Bizkaibusek eskainitako ohiko zerbitzuak ditue urte osoan zehar hondartzetara iristeko.
Bukatzeko, Danel Bringas Egileor Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak ez dau ekimena onartu argudiatuta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak daborduko eskariaren jarraipena modu “ohikoan” egiten dauela lineak dagon erabilgarritasunaren arabera egokitzeko, eta operadoreakaz eta udalerriakaz koordinazino-lanak be egiten dituala; horregaitik, ez dau egokitzat jo aparteko agindu baten alde agertzea.
GARRAIO PUBLIKOAREN TARIFAK FAMILIA-ERRENTEAREN ARABERA
Beste alde batetik, Sonia Pérez Ezquerra Garraioko, Mugikortasuneko eta Turismoko foru diputatuak, errentearen araberako garraio publikoko tarifea apliketera bideratutako proba pilotuari buruzko EH Bilduren ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Foru diputatuak azaldu dau Saila behar diran erespideak eta baldintza teknikoak zehazten eta IPREMaren (Efektu Anitzeko Errenta Adierazle Publikoa) ordez “estandarizautako familia-errentea” erreferentziatzat hartzeko aukerea aztertzen dabilela beharrean. Aukeratutako adierazleak, kalkulu “konplexuagoa” izan arren, diru-sarrerak zein familia-unidadearen osaerea hartzen ditu kontuan, eta horri esker, etxe bakotxaren benetako egoerara egokituta dagon eta progresiboagoa dan hobari-eredua ahalbidetzen dau.
Modu berean, Pérez Ezquerrak zehaztu dau Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) eta Foru Ogasuna une honetan datuen kudeaketan, egiaztapenean eta trukean dagon konplexutasuna konpontzeko urtenbide teknikoak aztertzen eta datu horreek tituluen balioztapen-sisteman integretan dabilzala, datuak babesteko araudia zorrotz beteten dala bermatuta. Etapa horren ostean, garraioaren erabilereari lotutako erespideak garapen teknologiko garrantzitsuaren bidez zehaztuko dira, eta parametro horreek guztiak 2027ko lehenengo hiruhilekoan finkatuta ixteko konpromisoari eutsiko jako.