BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU 5. LINEAREN AZKENENGO TARTEAREN ERAIKUNTZA-PROIEKTUA GELDITZEA USANSOLON GELTOKI BAT EGOTEA AZTERTZEKO
- Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamenaren kontrako botoa emon dabe; proposamen horretan Ospitalea-Bedia 4. tartearen egikaritzean, “moratoria” bat eskatzen zan, Bizkaiko 113. udalerriko herrigunean geltoki bat jarteko aukera aztertzeko.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Aldundiari, ikusmen-desgaitasuna daben personentzako Bizkaibuseko irisgarritasun sistemen funtzionamentua eta hedapena aztertu daian.
- Ganera, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Metro Bilbaoko lehenengo unidadeak Burdinbidearen Euskal Museoari emoteko aukerea aztertzeko.
(Bilbon, 2024ko irailaren 13an). Gaur hasi dira ikasturte barriko ohiko saioak Bizkaiko Batzar Nagusietan, oposizinoak Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordean aurkeztu dituan arauz besteko lau proposamen bideratuz. Gaur eztabaidatu dan azkenengo proposamena bagilean erregistrau eben Batzar Nagusietako EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek, Bilboko trenbide metropolitarraren 5. linearen (Ospitalea-Bedia 4. tartea) eraikuntza-proiektuaren idazketan “moratoria” bat eskatzeko. Talde biek proiektuaren idazketea –maiatzaren 30ean esleitutakoa– geldiarazotea eskatu dabe, “Usansoloko erdiunean geltoki bat aurreikusten dauen alternatiba bat zehaztu eta ezarri arte”. Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoa jaso dauen arren, arauz besteko proposamena ez da onartu, Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa osatzen daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu diralako.
Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiari, ETSri eta Eusko Jaurlaritzari 5. linearen garapenagaz jarraitu daien eskatzeko, “Eusko Legebiltzarrak 2023ko martian hartutako erabagiagaz bat etorrita”. Agindu horrek lan horreek ez geldiarazoteko eskatzen deutse erakundeei, trazau osoari ez eragiteko, eta “alde tekniko, sozial eta ekonomikotik bideragarriena dan” alternatibearen alde egiteko, tren zerbitzua Usansoloko erdiunera hurreratzeko, talde bietako bozeroaleek azaldu dabenez.
Oposizinoa, barriz, bat etorri da Usansoloko kudeaketa batzordeak eta ‘Geltokia Erdigunean’ auzo plataformak defendiduten daben tesiagaz, hau da, ospitaleko geltokitik Usansoloko herrigunera oinezkoen sarbiderako kainoi bat zabaltzearen kontra agertzea. Hori litzateke, hain zuzen be, Eusko Jaurlaritza aztertzen arituko litzateken soluzinoa, oposizinotik adierazo dabenez. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak gogora ekarri dabenez, udalerri horrek daborduko badauka Euskotrenen geltoki bat herriaren erdiunean, eta 500 metroko tunel ibiltaria eregiteak barriro be Usansoloko herritarren eskaerei “jaramonik ez egitea” dakar. Horren kostua “11,7 milioi eurokoa” izango litzateke, geltokia eregiteak “30 milioiko” inbertsinoa hartuko leukenean, 400 milioitik gorako aurrekontuaren barruan, Raúl Méndez EH Bilduko batzordekideak zehaztu dauenez.
Foru Gobernua defendiduten daben lerroetatik kritikau egin dabe 5. linearen proiektu “guztia” geldiarazotea ekarriko leuken moratoria planteetea defendidutea. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Bizkaiko herritar guztientzat, ez bakarrik usansolotarrentzat, garrantzitsua dan lanaren interes “orokorra” defendidu dabe. EH Bilduk mahai ganean jarritako zenbakiei jagokenez, José Alberto Álvarez Castejón sozialistak adierazo dauenez “ez dira egiazkoak”. Bere berbetan, “70 milioi inguru izan leitekez”, hatx-zuloaren eraikuntzeari azpiegiturearen mantentze-lanak gehitu ezkero.
Jesus Lekerikabeaskoa talde jeltzaleak Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak kritikau egin dau ekimen baterako laguntzea eskatzea ekimen horretan alternatiba bakarra aukeratzera behartzen danean –Usansoloko geltokia eregitea–, beste aukera tekniko batzuk dagozala gogora ekarri eta gero. Kritika “formala” be egin dau, Batzar Nagusietatik eraikuntza-proiektua aldatzeko eskatzearren, trazauaren erabagia ETSri eta Eusko Jaurlaritzari jagoken arren. Lekerikabeaskoak kritikau dauenez, ekimenak bere alderdi politikoaren “ezetza bilatzen dau”, eta horrek “ñabardura tekniko baino politiko gehiago” dituala pentsetara eroaten dau. Azpimarratu dauenez, trazauek eta geltoki barriek garraio sare osoaren araberako “erispide teknikoa” izan behar dabe.
Bizkaiko Talde Popularretik Usansoloko erdiunean geltokia eregitea defendidu da, “herritarrek holan erabagi dabelako” eta “udalerriko irisgarritasun maileari eustea ekarriko dauelako”. Pablo Gómez-Guadalupek esan dauenez, Galdakaoko auzoa izan zan udalerrirako aukerarik “bideragarriena eta egokiena” da.
GARRAIORAKO IRISGARRITASUNA HOBETZEA IKUSMEN-DESGAITASUNA DABEN PERSONENTZAT
Beste alde batetik, hasteko, batzordeak aho batez onartu dau ikusmen-desgaitasuna daben personek garraio publikoan daben irisgarritasuna hobetzeko Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskea. Ekimena, ikusmen-desgaitasuna dauen kolektiboaren “eskariak” jasoten ebazan talde morearen arauz besteko proposamen batetik abiau da. Eneritz de Madariaga batzordekideak adierazo dauenez, persona horreek “gaiztasunak ditue euren eguneroko jardunean” garraio publikoa erabilteko, ezarritako tresnen, sistemen edo aplikazinoen “funtzionamentu ezagaitik”, edo gailu horreek “modu desegokian” ezarri diralako eta ibilgailu batzuetan “ez dagozalako”.
EH Bilduren eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko eretxia be jaso dauen akordioak Bizkaibuseko markesinetan eta autobusetan ikusmen-desgaitasuna daben personentzako gailuen funtzionamentuaren kontrola indartzea aurreikusten dau. Aldundiari eskaerea egiten jako, baita be, irisgarritasuna bultzatzeko neurri horreek (braille sistemea, megafonia bidezko mezuak, QR kodeak…) foru erakundearen esku dagozan garraio azpiegituretan zabaldu daizan. Eta, bukatzeko, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren barruan, irisgarritasun-sistema horreek Bizkaiko garraio publikoaren sarean bateratzeko azterlana bultzatzea eskatzen da.
METRO-UNIDADEEN DOHAINTZEA BURDINBIDEAREN MUSEOARI
Bizkaiko Batzar Nagusiek EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamen baten parte bat be onartu dabe, 1995. urtean hasi zan Metro Bilbaoren lehenengo unidadeetako bat Burdinbidearen Euskal Museoari dohaintzan emotea balorau daiala eskatu deion Aldundiak BGPri. Talde guztiak ekimen horren alde agertu dira, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularreko ordezkaria izan ezik.
Koalizino abertzaleak azaldu dauenez, Aldundiak lehenengoek ia hiru hamarkada bete dituelako unidade zaharren ordez zerbitzuan barriak jarriko dituala iragarri eta gero erregistrau da ekimena Batzar Nagusietan.
Rakel Goñi batzarkideak defendidu dauen ekimena puntu bakar horregaz onartu da, bigarrena bertan behera geratu dalako. Puntu horretan, “Metro Bilbaotik kenduko dan material guztia, komunikazino eta seinaleztapen unidadeak eta sistemak” lagateko eskatzen zan. Foru Gobernuari eusten deutsien talde biak puntu horren kontra egozan, zehaztasun faltarengaitik.
EZEZKOA ITSASADARREKO IBAI-GARRAIOARI
Bizkaibusen emakidak amaitu dirala eta, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak adierazo dau “une egokia” dala itsasadarrean zehar ibai-garraioko zerbitzuaren ezarpena aztertzeko. Eneritz de Madariagak ibai-garraioko zerbitzu horrek beste garraiobide batzuen, euren konexinoen eta maiztasunen ganean dauen eraginari buruzko azterlana egiteko arauz besteko proposamena defendidu dau. Garraio horrek energia “garbiak eta barriztagarriak” erabili beharko leukezala planteau dau, ingurumenaren ganeko eragina murrizteko.
Bizkaiko Talde Popularrak idea horren alde egin dau eta azterlan “objektiboa” eskatu dau, eskaria, ingurumenaren ganeko eragina, garraio sarean izan beharreko integrazinoa eta itsasadarraren sustapen turistikoa aztertzeko. EH Bilduk baiezkoa emon deutso azterlanari, ikusten dauelako ibai-garraioak lekua izan daikeala itsasadarrean, modu “integralean”, personentzat zein merkantzientzat. Idea hori baztertzen eban azterlan bakarra Bilboko Zorrotzaurre-Zazpi Kaleak tarteari buruzkoa zan; horregaitik, Itsasadarraren zati nabigagarri osoa kontuan hartzea planteau dau.
Arauz besteko proposamena ez dabe onartu foru Gobernuari eusten deutsien talde biek. José Alberto Álvarez Castejón batzordeko bozeroale sozialistak, Itsasadarra garraio “erregular” lez erabiltea “ez zala bideragarria” esanez Bilboko Udalak 2021ean egindako azterlan “serioa eta kaudimenduna” jarri dau mahai gainean. Azterlan horrek zalantza “teknikoak eta ekonomikoak” planteetan ebazan. Bozeroale sozialistak eguraldiaren gorabeherak, itsasadarraren beraren mareen fisikea, ibilbidea bideratzeko inbertsinoa edo itsasadarraren ibilguan bidaiatzeko abiadura mugea aitatu ditu. “Paseoa bihurtuko litzateke”, esan dau.
Horrez gain, Unai Lerma jeltzaleak 2022ko maiatzean Batzar Nagusietan atzera bota zan “antzeko” proposamena barriro ekartea aurpegiratu deutso Elkarekin Bizkaia taldeari. “Ez dago azterlana egitea planteetako be behar besteko eskaririk”, ganeratu dau.