BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU 2026AN GARRAIO PUBLIKOAN “GITXIENEZ % 40KO” HOBARIA EZARTERIK
- Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota daben Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea neurri horren aldekoa zan, Gobernu zentralak garraio publikoaren erabilerea sustatzeko politikeagaz ez jarraitzea erabagi arren.
(Gernikan, 2025eko zemendiaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ohiko beste osoko bat egin dabe gaur Gernikan, Batzar Nagusietako zazpi ekimen eztabaidetako. Eguneko gai zerrendako azkenengo puntuan, osokoak datorren urterako garraio publikoko deskontuakaz jarraitzea eztabaidau dau. Azkenean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeagaz adostutako erdibideko zuzenketa-eskea bihurtu dan Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako mozino batek 2026 osorako gitxienez % 40ko hobariak onartzea planteetan eban. Ekimena ez da onartu, kontrako 31 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 18 (oposizino osoa) jaso ditualako.
Zuzenketa-eske berean, talde biek eskaria egin deutsee Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP), Gobernu zentralak onartutako arautegiak garraio publikoko tituluetarako jaso leikezan laguntzak “oso-osorik” apliketako. Onartu ezean, tarifa-sistema komun barria martxan jarri arte deskontuak apliketea eskatzen jake Bizkaiko erakunde biei. Hobariaren mugea “gitxienez % 40an” jarten zan aldi baterako tituluetan eta diru-zorroan. Testuan, beste puntu batean, garraioaren arloan eskumena daben euskal agintariei 2026ko ekitaldian tarifa-sistema komun barria martxan jarteko eskatzea ezartzen zan.
Bizkaiko Talde Popularreko Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedorrek beherapenei buruzko erabagiak markau dituan “etenbako inprobisazinoa” salatu dau, iragarpenen “kaosa”, azken orduko erabagiak eta BGPn gurata izandako absentziak aitatuz. Batzarkide popularra kexau egin da, “historia errepikau egiten dalako”, 2023ko udatik 2024ko hasierara bitartean hilebete bitan izan diran hiru tarifa-esparru desbardinak gogora ekarriz, “eskandalua eta kudeaketa txarraren eta erakundeen harrokeriaren adibidea” dala esanez. Adierazo dauenez, Aldundiak, aurrerapena agindu dauen arren, “ziurbakotasuna” sortu dau. PP taldeak Foru gobernuko bazkideen arteko “barruko desadostasunen gertakari lotsagarria” deitoratu dau.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, uste dau PP taldearen proposamena egokia dala, errepikakorra dan arren, Gobernuak ez dauelako oraindino bete 2022an tarifa-politika barria martxan jarteko hartu eban konpromisoa. Eneritz de Madariaga Martínek defendidu dauenez, Estaduko Gobernuak laguntza ekonomikoei eusten ez badeutse Aldundiak eta BGPk euren gain hartu beharko dabe gastua, “gitxienez % 40ko” hobariari eusteko, izan be, deskontuek ez dabe murrizten jarraitu behar, azken urteetan gertatu dan lez. Ganera, erabileran eta errentan oinarritutako tarifa progresiboko sistema barria 2026an martxan egotea eskatu dau. Ordezkariak “herritarrei traizinoa egitea” eta gobernuan daukiezan barruko liskarrek personengan eragin negatiboa izatea leporatu deutse EAJ-PNVri eta PSEri.
Euskal Sozialistak Taldeak gogora ekarri dauenez, 2022tik aplikautako hobari guztiak Gobernu zentralak bere aldeko botoagaz onartutako Errege Dekretuei esker izan dira posible. Aldi berean, Goyo Zurro Tobajas bozeroaleak PP kritikau dau Kongresuko euren alderdikideen jarrerarengaitik; izan be, hirutan abstenidu egin dira edo dekretu horreen kontra bozkatu dabe. Erdibidekoa baztertzeko errazoi nagusia Euskadiko Garraio Agintaritzearen akordio bat dagoala da. Akordio horren arabera, estaduko laguntzak amaitzen badira hobaria % 20ra murriztuko da eta 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dabe. PSE ez dago “akordio zabal” horreek baztertzeko prest. Oraintsuko polemikeari jagokonez, PSE bat dator hobariaren helburuagaz, baina ez “metodoagaz”, eta kritikau egin dau Ahaldun Nagusiak urriaren 29an, aurretik kostuaren erdia bere gain hartu behar dauen Eusko Jaurlaritzagaz koordinau barik, egin eban aldebakarreko iragarpena. Zurrok “seriotasuna, koordinazinoa, alkarrizketa instituzionala eta segurtasun juridikoa” defendidu ditu.
EH Bildu Taldea zuzenketa-eskearen alde agertu da, egungo egoerea egonkortzen eta Ahaldun Nagusiaren hasierako proposamena hobetzen dauela uste dauelako, etorkizuneko alternatibarantz aurrerapausu esanguratsua ez dan arren, esan dau Raul Mendez Urigoitia batzarkideak. Edozelan be, “ironikoa” iruditu jako PP izatea laguntzak Bizkaian apliketea eskatzen dauena, Madrilgo kideak horreen kontra agertzen dira-eta. Horrez gain, Foru gobernua kritikau dau, “etorkizuneko estrategia argirik” ez daukalako eta pandemia ostean esanahia izan eikien jarduketa eredu “zaharkituakaz” jarraitzen dauelako. Mendezek adierazo dauenez, Bizkaiak “egoera dramatikoa” bizi dau mobikortasunari eta tarifa sistemeari jagokenez, eta horren ezaugarri nagusiak zehaztapen eza, Madrilegazko menpekotasuna eta ikuspegi estrategikorik eta erakundeen arteko koordinazinorik eza dira. Eta horri guztiari gobernu-kideen arteko “su laguna” gehitu behar jako.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeak ez dau onartu mozinoaren justifikazinoa, “guztiz faltsua” dala uste dauelako, Foru Aldundiak jarraitzeko konpromisorik hartu ez izatearen eta 2026ko zezeiletik aurrera jarraitzeko babesik agertu ez izatearen premisan oinarritutakoa. Foru Aldundia defendiduteko, Unai Lerma Mentxakak azaldu dau tarifa-politikak daborduko “egiturazko” konpromisoak jasoten dituala, aldi baterako titulu iraunkorretan hobari bat edo % 20ko murrizketea ezartea, besteak beste. Tarifen inguruko beste neurri batzuen artean, Bizkaibusen aldi baterako tituluen erabilerea, Bizkaibusen barruko garraio-aldaketak kentzea, adinbakoentzako dobakotasuna eta eremuen murrizketearen plangintzea dagoz. Jeltzaleen eretxiz, % 40ko deskontu-konpromisoa ezartea Gasteizko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan aurretik hartutako akordioetatik oso urrin dago. Horreetan ezarri zanez, Estaduko baldintzak aldatu ezkero, aldi baterako tituluetan %20ko hobariagaz jarraituko zan. Euzko Abertzaleak taldearen eretxiz, murrizketa horrek “izaera estrukturala” dauka, eta garraio publikoa gehien erabilten dabenei egiten deutse mesede.
LANKIDETZEA GELTOKIA ERDIGUNEAN PLATAFORMEAGAZ
EH Bilduk, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Geltokia Erdigunean plataformearen arteko lankidetzarako eremua ezartea defendidu dau beste mozino batean, metroak Usansolon izango dauen geltokiaren kokapenari jagokonez “alde bien beharrak eta itxaropenak identifiketako eta helburu partekatu bat zehazteko”. Testuan “geltokiko obrearen egikaritze-proiektuaren aldaketarako beharrezkoak izan daitekezan baliabideak aurreikustea” eskatzen zan. Mozinoa ez da onartu, 34 ordezkarik kontrako botoa emon dabelako, 15ek aldekoa eta 3 abstenidu egin diralako.
Ekimenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko botoa baino ez dau jaso. Batzar Nagusietako talde guztiak metroaren 5. linea eregitearen alde agertu dira. Halanda be, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek “errespetua” erakutsi deutsee herritarren plataformak egindako lanari eta gehienak geltokia erdigunean jartearen alde agertu ziran herri galdeketeari (1.650 lagunek emon eben aldeko botoa), baina kritiko agertu dira EH Bilduk eskumenen esparrua saltau dauelako, trenbide azpiegiturak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak diralako, ETS erakundearen bitartez. Kokapena “erespide teknikoen arabera” marketan da, esan dabe barriro.
Abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularra, bere aldetik, geltokia erdialdera eroateko azkenengo helburuaren alde agertu da, baina kritikau egin dau “bide demokratikoetatik kanpo” gauzatutako kontsultea egin izana.
GORRENTZAKO KOMUNIKAZINOA
Osokoak ez dau onartu Aldundiak persona gorrakaz, entzumen-desgaitasuna dabenakaz eta gor-itsuakaz komunikazinoa bermatzeko bere plantillan “behar” diran zeinuen interpreteak sartu daizan Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen mozinoa. Eneritz de Madariaga Martin batzordekideak adierazo dauenez, 131 persona geratu ziran igaz arretarik jaso barik, eta, hori dala eta, Aldundiak interpreteen zerbitzu “propioa” sartu daiala eskatu dau talde horrek. Horrez gan, eskaria egin deutso Eusko Jaurlaritzari, Zeinu Hizkuntzako Interpretazinoaren Unibersidade Gradu publiko, homologau eta ofiziala eskini daian.
Kontrako 31 botogaz eta aldeko 18gaz onartu barik geratu dan ekimenak oposizinoko beste talde bien aldeko botoa jaso dau. Halanda be, bertan behera geratu da, Foru gobernuari eusten deutsien Batzar Nagusietako talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), proposamenaren helburuagaz bat etorri diran arren, herritarrei zerbitzu horreek eskintzeko kanpoko kontratazinoa “eraginkorragoa” dala uste dabelako.
EGOITZEN PLANA
Beste mozino batean, EH Bilduk 2026an Aldundiak aurkeztuko dauen Egoitzen Planean hainbat premisa sartzea eskatu dau. Zehatzago, Gertu bulegoak bertan sartzea, beharginen ordezkariakaz mahai bat eratzea eta energia-eraginkortasunaren, irisgarritasun unibersalaren eta genero ikuspegiaren erispideak sartzea eskatu dabe, besteak beste; eta Bilboko beste egoitza batzuetan emoten diran zerbitzuak Kasillako egoitza bateratura eroatea. Azken finean, EH Bilduk hutsik geratzen diran eraikinek “helburu publikoa” izaten jarraitzea edo euren funtzino sozialari eusten deutsiela bermatzea eskatu gura eutson Bizkaiko Foru Aldundiari.
Batzar Nagusietako talde biek ez dabe “desadostasunik” ikusi EH Bilduk eta Aldundiak Egoitzen Planaren aurretiazko azterlana aurkeztu ebanean planteautakoaren artean. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen arteko alde bakarra EH Bilduren hasierako mozino batetik sortu dan zuzenketa-eske baten azkenengo puntuan egon da. Holan, jeltzaleek eta sozialistek zuzenketa-eske bateratua aurkeztu dabe, hutsik geratu daitekezan Aldundiaren jabetzako higiezinen erabilerea zehazteko, “dagozan legezko eta antolakuntzako aukeren arabera eta interes orokorrean oinarrituta”.
Mozinoa ez da onartu, kontrako 33 boto (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra) eta aldeko 15 (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) jaso ditualako.
BESTE GAI BATZUK
Osokoak 2022ko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorra onetsi dauen Foru Arau Proiektua onartu dau, kudeaketa propiorako 2.086 milioi euroko aurrekontuagaz eta 189 milioi euroko superabitagaz, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak azpimarratu dauenez. Zorpetzea 155,6 milioi jatsi zan. Testua aldeko 31 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), kontrako 15egaz (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) eta 3 abstentzinogaz (Bizkaiko Talde Popularra) onartu da.
Eguneko gai zerrendako beste puntu batean, Asier López de la Fuente Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeko presidenteak, araudiak agintzen deutsan lez, batzorde horren urteko jarduerearen errepasoa egin dau, kasu honetan 2024ko garagarriletik 2025eko garagarrilera bitarteko datuakaz. Epealdi horretan, batzordeak 13 agerraldi eskari jaso ebazan herritarren aldetik, aurreko hamabi hilebeteetan baino % 60 gehiago. Batzorderako deialdia zazpi bider egin zan. Oposizinoa, ostera, ez da hain positiboa izan herritarrek Bizkaiko politikan parte hartzeko daukien tresna horren martxearen inguruan, eta azpimarratu dau batzordea 25 aldiz batzartu zala bere lehenengo urtean.
Osokoak Raul Mendez Urgoitiaren izendapena onartu dau, Bizkaiko Jasangarritasunerako Kontsejuan EH Bilduren ordezkari izateko, Jon Arriola Espillaren ordez.


