BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BAZTERTU EGIN DABE KENKARIEK SOZIEDADEEN GANEKO ZERGA-BILKETAN DABEN ERAGINA AZTERTZEKO AZTERLANA EGITEA
- Osokoak ez dau onartu Foru Ogasunari zergea osatzen daben elementuen ekitatea eta eraginkortasun soziala aztertzeko eskatzen eutsan EH Bilduren mozinoa.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek ez ditue onartu EH Bilduk Urdaibaiko Guggenheim Museorako erreserbautako diruari eta adinekoentzako etxebizitza komunitarioen foru politikeari buruz aurkeztu dituan beste mozino bi.
(Gernikan, 2026ko zezeilaren 18an). Eguazten honetan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak ez dau onartu Ogasun eta Finantza Sailari Soziedadeen Zergeari buruzko azterlan zehatza egitea eskatzen eutsan EH Bildu taldearen mozinoa. Ekimenaren asmoa zerga-oinarri negatiboak, tasa nominala edo zerga-bilketako kenkariak lako aldagaien eragina ebaluetea zan. Mozinoa kontroleko azkenengo osokoan aztertutako itaun batetik sortu da, eta Batzar Nagusietako ganerako taldeek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) ez dabe onartu.
Arantza Sarasola Lartategi batzarkideak defendidu dauen proposamenak 2025ean zerga horren ondoriozko diru-bilketearen % 25eko jatsieran oinarritzen eban ebaluazinoa, hasieran aurreikusitako % 20tik gorako kopurua, hain zuzen be. Sarasolaren berbetan, egungo sistemeak ez dau ekitaterik, enpresa txikiek eta mikroenpresek korporazino handiek baino ahalegin fiskal handiagoa egiten dabe-eta. Horrez gain, zerga-oinarria lortzeko onurei aplikautako zuzenketek erespide teknikoei baino gehiago erabagi politiko eta ideologikoei erantzuten deutseela salatu dau.
Euskal Sozialistak taldearen aldetik, José Alberto Álvarez Castrejón batzarkideak “koherentzia instituzionala” eskatuz justifikau dau kontrako botoa, kenkariei buruzko eztabaidea Ogasuneko Batzordean beste bide batzuen bitartez aktibauta dagoala esanez. Mozinoak zergen errealidadearen “argazki parziala” erakusten dau, eta, Soziedadeen Zergan jatsierea egon dan arren, 2025ean Bizkaiak 10.000 milioi eurotik gorako diru-bilketa globala lortu ebala eta horrek tributu sistemearen egonkortasuna bermatuko leukela gehitu dau.
Ildo beretik, Aitor Arregi Osoro Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak ez dau ekimena onartu, proposamena aurkeztu dauen taldearen diagnostikoa “txarto enkoadrauta” egoalako eta, gurata, testuinguru teknikoa falta zalako. Arregik azaldu dauenez, kritikautako zuzenketa askoren helburua nazinoarteko zergapetze bikotxa saihestea da, enpresek onura berarengaitik zergak birritan ez ordaintzeko oinarrizko printzipio juridikoa, hain zuzen be. Horrez gain, defendidu dauenez, Soziedadeen ganeko Zergea kalidadezko inbertsinoa eta enpleoa sustatzeko tresna estrategikoa da, eta horren itzulkinak beste zerga figura batzuetan islatzen dira, PFEZan, BEZean edo Gizarte Segurantzako kotizazinoetan, besteak beste.
Ekimenak ez dau oposizinoko beste talde bien aldeko botorik jaso. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak zuzenketa-eskea aurkeztu deutso ekimenari, talde horren eretxiz mozinoak zabaltasun tekniko handiegia planteetan ebalako. Eneritz de Madariaga Martínen berbetan, kontabilidade-emaitzari egindako zuzenketak oinarri negatiboak, tasa nominala edo kenkariak nahasten ditu. Aldi berean, Diego Pagadigorria Wicke Bizkaiko Talde Popularreko ordezkariarentzat, mozinoak oinarri politiko “ideologizaua” dauka. Soziedadeen Zergea, diru-bilketarako elementua ez eze, Lurraldeak ekonomia sustatzeko eta jarduerea sortzeko daukan tresna “garrantzitsuenetakoa” da, batzarkide popularrak adierazo dauenez.
GUGGENHEIM URDAIBAIRI ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOEI BURUZKO MOZINOAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak ez dau onartu Trantsizino Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioagaz Urdaibairako aurreikusita egoan 40 milioi euroko inbertsinoari eustea negozietako Foru Aldundiari eskatzen eutsan mozinoa. Proposamenaren helburua, jatorrian Guggenheim Museoaren proiektuagaz lotuta egozan funts horreek, kultur azpiegiturea gelditu ostean Busturialdeko eskualdean ingurumena hobetzeko jarduketetarako bakarrik bideratuko dirala bermatzea zan. EH Bilduk aurkeztutako mozinoak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, eta jeltzaleen, sozialisten eta popularren kontrakoa.
Iker Casanova Alonso EH Bilduko bozeroaleak defendidu dauenez, museoa bertan behera geratzeak ez dau esan gura inguru horretarako ezinbestekoa dan finantziazinoa galdu behar danik. Bere esku-hartzean, huts egin dauen proiektua “inora ez joian bidaia” zala esan dau, eta lurraldeak ingurumenari jagokonez dituan beharrak museoaren eraikuntzatik kanpo bete beharreko lehentasuna dirala azpimarratu dau. Mozinoak, ardatz estrategiko lez, Muruetako ontziola lekuz aldatzea, Gernikako Ibarra Bizibarritzeko Plan Integrala eta eskualdeko saneamendu integrala amaitzea proponiduten eban. Modu berean, gobernantza eredu edegiagoa eta parte-hartzaileagoa eskatu dau, erakundeen etorkizuneko “porrotak” saihesteko.
Foru gobernua osatzen daben taldeek, euren aldetik, ekimena babestearen kontra agertu dira. Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak “oportunismo politikotzat” jo dau proposamena, EH Bildu 2023an hitzarmen hori bera sinatzearen kontra agertu zala gogora ekarriz. Zurrok esan dauenez, koalizino abertzaleak “gerora sortutako atxikimendua” erakutsi dau funts horreen aurrean, aurretik euren zilegitasuna zalantzan jarri ostean. Ordezkari sozialistak defendidu dauenez, bere taldea “proaktiboa” izango da itsasadarraren benetako leheneratze ekologikoan, baina ez dau onartu, bere eretxiz, polemika politikoaren “txiklea luzatzea” bilatzen dauen mozinoa.
Ildo berean, Gernikako Batzar Etxean egin dan osokoko eztabaidan Julen Carrion Lamikiz Euzko Abertzaleak taldeko batzordekidea be mozinoaren kontra agertu da. Gogora ekarri dauenez, hitzarmenaren 40 milioi euroak bere alderdiak Madrilen egindako negoziazino zuzenaren emaitzea dira, eta ez koalizino soberanistaren ekimenaren emaitzea. Bere esku-hartzean, Muruetako ontziolaren iraunkortasuna, jarduera industriala eta enpleoa eskualdearentzat lehentasunak dirala eta museoaren proiektuak irudikatzen eban “alternatiba sendorik” barik ezin dirala baztertu defendidu dau. Carrionek egungo gobernantza eredua be defendidu dau, eta adierazo dau badagoala Busturialdeko Plan Estrategiko bat, 300 milioitik gorakoa, baita Agirre Lehendakaria Center buru izan zan “entzute aktibo” independenteko prozesua be.
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak ez dau onartu Foru Aldundiari lurraldean baimendutako etxebizitza komunitarioen ganeko ikuskapen berezia egiteko eskatzen eutsan EH Bildu taldearen beste mozino bat. Ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako 30 botoko gehiengoagaz, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko 17 botogaz eta Alderdi Popularraren abstentzino 2gaz.
Ekimena defendidu dauen Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko batzarkideak, lan esplotazinoa, arrazakeria eta prekarietatea dirala-eta LAB sindikatuak egin dituan “oso salaketa larrietan” oinarritu dau eskaria. Ostolozagaren berbetan, une honetako zaintza eredua “jasanezina” da, eta gaur egungo testuinguru demografikoaren aurrean zaharkituta geratu dan 1998ko dekretuak arautzen dau. Proposamena aurkeztu dauen taldeak arreta-ratioak benetan beteten dirala egiaztauko daben eta egoiliarren benetako beharretan zentrauko diran ikuskapenak eskatu ditu, administrazino espediente hutsak beteteaz harago.
Foru gobernuari eusten deutsien talde bien eretxiz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), ekimenak erakundeen eskumenak urratzen ditu, lan baldintzak Lan Ikuskaritzaren ardurea diralako, eta ez gizarte zerbitzuen foru ikuskaritzarenak. Horrez gain, joan dan astean Gizarte Ekintzako foru diputatuak batzorde batean azaldu eban bertsinoa defendidu dabe. Amaia Antxustegi Ziardak saio haretan esan eban sailean ez egoala zerbitzuari buruzko susmo orokor bat bermatzen dauen salaketa zehatzik. Egindako ikuskapenetan oinarrituta, salatutako etxebizitza komunitarioek beharginen ratioak beteten ebezan, baina zenbait gai puntual ez, baina horreek konpondu egin ziran.