BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU 2025EAN EUSKADIKO ERAKUNDEEK GARRAIO PUBLIKOAREN % 50EKO DESKONTU OSOA EUREN GAIN HARTU BEHAR IZATERIK
- Bizkaiko Batzar Nagusietako gehiengoak berretsi egin dau lurraldeko garraio publikoaren aldi baterako tituluetan % 20ko deskontua sartzeko konpromisoa, urriaren 2an osokoan onartu zan lez.
- Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordeak ez dau onartu, Estaduak 2025erako laguntza horreekaz ez jarraitzea erabagiz gero, ganerako % 30eko deskontua euskal erakundeek euren gain hartzeko konpromisoa ezarteko EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
(Bilbon, 2024ko zemendiaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako gehiengoak barriro berretsi dau datorren urterako lurraldeko garraio publikoan aldi baterako tituluetan egiten diran deskontuen % 20 diruz laguntzeko konpromisoa. Gai horri buruzko eztabaidea Bizkaiko Batzar Nagusietara itzuli da, EH Bilduk, arauz besteko proposamen baten bitartez, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordean, Gobernu zentralak hobariak amaitutzat emongo baleuz, euskal erakundeek % 50eko deskontu guztia euren gain hartzea defendidu ostean. Koalizino abertzalearen ekimena ez dabe onartu Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau.
Raúl Méndez EH Bilduko batzordekideak Bizkaiko garraio publikoan deskontuakaz jarraitzea defendidu dau, “eraginkorrak” dirala ikusi dalako. Bere berbetan, bidaia kopurua handitzeko eta trafikoa eta kutsadurea murrizteko balio izan dabe.
Koalizino abertzalearen proposamena ganerako euskal erakundeetan be eztabaidatu da, eta danetariko emoitzak jaso ditu. Gipuzkoan eta Araban konpromisoak aurrera urten dauen bitartean, Eusko Legebiltzarrean atzera bota dabe EAJk eta PSE-EEk, euren gehiengo parlamentarioa dala eta. Mendezek kritikau egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoari eusten deutsien talde biek –Euskal Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– aurkeztu daben osotasunezko zuzenketa-eskea, aplikauz gero, “zortzi bidaiaritik bati” mesede egiteko bakarrik balioko dauelako, Bizkaian “% 18ko” kuotea daukien aldi baterako tituluakaz bidaiatzen daben personei baino ez deutselako hobaririk emoten.
Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek, euren aldetik, gogora ekarri dabe talde biek daborduko adostu ebela Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeagaz urriaren 2ko osokoan Foru gobernua garraio publikoaren tarifetan hobariakaz jarraitzera konbidetan dauen ebazpena, “beti be Estaduko erregulazinoan jarraitzen badabe”. Holan ez balitz (Gobernu zentralak orain % 30a hartzen dau bere gain), Bizkaiko Garraio Partzuergoan adostutako aldi baterako tituluetan % 20ko hobariagaz jarraitzeko eskatzen jakon Aldundiari, erabilerearen eta errentearen erespideen araberako tarifa sistemea ezarri arte.
Alberto Álvarez Castejón batzordekide sozialistak “oportunistatzat” jo dau EH Bilduren ekimena, eta azpimarratu dau hobariak Ukrainako gerreagaz hasi zirala, inflazino handia familien ekonomian eragina izaten ari zanean. “Aldi baterako” eta “mundu guztiarentzako” neurria ezarri zan, baina, kolektiboaren arabera, “ez da bidezkoena”. Horregaitik, bere taldeak, orain, beste testuinguru ekonomiko batean, “garraio publikoaren erabilerea justizia sozialetik sustatzea” planteau dau, errentea eta erabilerearen maiztasuna kontuan hartuta.
Unai Lerma jeltzaleak, baldintza bi horreen araberakoa izango dan eta “Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoan Batzar Nagusiek jaso eta onartutako neurriakaz bat etorriko dan”, beherapen “progresiboen” ildo hori azpimarratu dau. Lerma, tarifa sistema barriagaz sartu behar diran beste neurri “estruktural” horreek heldu arte “aldi baterako” neurriakaz jarraitzearen alde agertu da.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia EH Bilduren proposamenaren alde agertu da, % 50aren ganeko erabagia Bizkaiaren esku dagoala azpimarratuz, Madrilen erabagiten danaz aparte. Beherapen horreek kenduz gero “gehien behar dauena kanpoan itxiko dogu”, adierazo dau Eneritz de Madariagak, aldi baterako tituluek persona zaurgarriek euren gain hartu ezin daben aldez aurreko ordainketea eskatzen dabelako.
Bizkaiko Talde Popularreko Pablo Gómez-Guadalupe, bere aldetik, proposamen bietako bat be ez babestearen alde agertu da. Krisi garaian salbuespenez ezarritako “koiunturazko” hobariek bidaiariak irabazteko eta garraio publikoak “konfiantzea berreskuratzeko” balio izan dabe. Foru gobernuak planteetan dituan % 20ko deskontuak “arrazoizkoak” dira, baina, bere berbetan, ez dabe saihestu behar bezeroak fidelizetea eta familia ugariei, gazteei eta edadekoei laguntzea bilatzen dauen tarifa sistema “iraunkor eta justuaren” inguruko eztabaidea, eta, aldi berean, errentan oinarritutako sistemeari buruzko zalantza bat ixten dade. “Inork ez dau azaldu zelan egingo litzateken”.
METROAREN SARBIDEEN EDEGITEA GAUEZ
Arauz besteko beste Proposamen baten bitartez, EH Bilduk Metro Bilbaoko sarbide guztiak gauez edegitea defendidu dau, emakumeen segurtasuna hobetzeko. Bea Ilardia batzordekideak jarrera hori defendidu dau, ez “salbuespenezko” neurri lez, “egunez egiten danagaz jarraitzeagaitik” baino. Oinezko ibilbideak luzeagoak egitea, eta, ondorioz, “segurtasunik bako egoeren eraginpean egotea”, saihestuko litzateke. Ilardiak “koherentziaren printzipioa” aitatu dau, Bizkaian hartzen ari diran beste erabagi batzuengaitik, ordu batetik aurrera eskariaren araberako geldialdiak ezarteko proba pilotuan sartuta dagoan Bizkaibusen kasua, adibidez.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia proposamenaren alde agertu da, eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, neurriak izango dituan inplikazinoak jasoko dituan azterlana eskatuz. Hain zuzen be, proposamenean “inplikazino” horreek zeintzuk izango litzatekezan ez dala adierazoten egiaztau eta gero Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ekimena atzera bota dabe. Danel Bringas jeltzaleak adierazo dauenez, sarbide guztiak edegitea “proportzinorik bako” neurria izango litzateke, bost arrazoirengaitik: erabiltzaileen eta beharginen segurtasuna; egungo sistemeagaz daborduko bermatzen dan irisgarritasuna; baliabideen eta benetako eskariaren arteko “proportzino faltea”; zerbitzuaren jasangarritasunean dauen eragina; eta esperientziak eta ebidentziek “egungo eredua bermatzen dabela”.
KBUS GERALEKUA ZORROTZAN
Bukatzeko, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Zorrotzako biribilgunean Kbusaren geraleku bat jarteko baimenaren ganean galdetu deutso Aldundiari. Barakaldoko Udalak edegi eban aukera hori, udalerriko eta Bilboko auzoko erabiltzaileek 2020an egindako eskaerak jaso ondoren.
Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak autortu dauenez, bere saila geralekuaren puntu zehatzari, ordutegiei eta programautako zerbitzuaren espedizinoei buruzko informazinoa jasotearen zain dago. Barakaldoko udalak emon beharreko aurretiazko pausoa da hori, Bilbogaz adostu eta gero, “informazino guztiagaz” Aldundiak erabagia hartu ahal izan daian. Diputatu andreak gogora ekarri dauenez, geralekua jarteko hasieran aitatutako gunean bidegorri bat dago orain.