BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU ELORRION EGUNEKO ZENTRO BAT JARTERIK

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek EH Bilduren arauz besteko proposamenaren kontrako botoa emon dabe.
     
  • Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatua Batzar Nagusietara etorri da 2023ko ekitaldiko lurraldeko gizarte arloko zentroen eta prestazinoen kontrol eta ikuskapen txostenaren barri emoteko.


(Bilbon, 2024ko azaroaren 4an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzarako batzordeak ez dau onartu gaur Elorrion eguneko zentro bat jarterik. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoakaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe Elorrioko Udalagaz lankidetzan foru zerbitzu hori martxan jartea proponiduten eban EH Bilduren arauz besteko proposamena. Ekimenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko botoa eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoa jaso ditu. 

Koalizino abertzalearen ekimenak Eguneko Zentroa Elorrion Orain plataformaren eskariak jasoten ebazan. Irailaren 23ko Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean talde horrek Udalak eskatutako azterlan baten emaitzetan oinarrituta udalerri horretan eguneko zentro bat egokitzeko beharra azaldu eban. Zentro horrek “48 persona ingururen” eskaria beteko leuke, Elorrion erroldatuta dagozan eta II. eta III. mailako mendetasuna daben personen % 38a, hain zuzen be. 2022ko urrian, mendetasun maila horreek ebezan 128 persona egozan Elorrion. Persona horreetako gehienek adierazo eben ez ebezala Durangoko zentroko zerbitzuak erabilten, “oso urrun” geratzen zalako.

Momentuz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Aldundiak eskari horri erantzun behar izatea geldiarazo dabe. Talde bien eretxiz, oraindino “15 plaza libre” dagoz Durangoko zentroan, eta herri horretara dagoan distantzia (15 minutu ibilgailuan) ez da zerbitzua eskatzeko arrazoi nagusia, izan be, inkestea bete ebenen “% 28ak bakarrik” adierazo eban distantzia (12 km) oztopoa zala. Talde biek eskaria egin deutsie Aldundiari, inguruan “atez ateko” garraioaren foru zerbitzua ezagutarazoteko informazino kanpainea egin daian. Oposizinoak, bere aldetik, 2025eko aurrekontuetan eguneko zentro hori martxan jartea barriro planteetako zuzenketa-eskeak aurkeztuko dituela iragarri dau.

2023KO IKUSKAPEN PLANAREN EMAITZAK

Saio berean, batzordean hainbat agerraldi izan dira, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak, alde batetik, adinekoen Portugaleteko Rodríguez Andoin V egoitzari edegitako espediente biri buruzko informazinoa emoteko, eta, bestetik, 2024ko Gizarte Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorraren eta 2023ko Ekintza Planaren Ebaluazino Txostenaren aurrerapenari buruzko informazinoa emoteko.

Antxustegik 2023. urteko kontrol eta ikuskapen txostenaren magnitude nagusien laburpena egin dau. Bere berbetan, betete maila “altua” izan dau. Igaz, “377 ez-betete” hauteman ziran lurraldeko “238” gizarte-zentrotan. Ekintza planaren ebaluazinoak “387” zentro hartu ebazan.

Ganera, azkenengo txostenak jasoten dauenez, jarduketa eta zaintza planen ganeko “6.611 jarraipen” egin ziran gizarte zentroetan. Estaldura ezarritako helburuen ia % 100era iritsi zan, Umeen Zerbitzuko zentroei (1.781 adinbako), indarkeria matxistatik babesteko zerbitzuari (345 emakume erabiltzaile), gizarte-bazterketa arriskuan dagozan personei (753 erabiltzaile), mendetasun-egoerei (331 persona) edo desgaitasun-zentroetan dagozan erabiltzaileei (389 persona) jagokenez.

Etxean laguntzak jasoten dituenei jagokenez, planak “6.012 berrikuspen” jaso ebazan, eta “442 gorabehera” hauteman ziran. Antxustegik azaldu dauenez, ikuskapen eta kontroleko foru zerbitzuek “41.305 prestazino” barrikusi ebezan eta “27.523.866 euroko” hitzarmenak eta diru-laguntzak aztertu ziran.

Oposizinoko talde batzuk harrituta agertu dira antzemondako gorabeherek gora egin dabelako. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, adinekoen zaintzan gertakari horreek “bigaitik bidertu dira” 2021eko datuakaz alderatuta. Ganera, adinekoen zentroetan aurkitutako “260 urraketak” alde “izugarria” dira 2020koakaz alderatu ezkero, izan be, De Madariagaren berbetan, 2020an “19 izan ziran”.

Antxustegiren berbetan, egindako ikuskapen kopuruaren areagotzeak eragin dau igoera hori. Adinekoen zentroen kasuan, “asko” azpiegituretako gabeziei jagokez (sentsoreak, argiztapen sistemak...), eta “gehienak” konpondu egin dira. Diputatu andreak adierazo dauenez, “gaiztasunak” dagoz erizaintzako eta medikuntzako beharginak kontratetako, eta hori da igoerea hauteman dan beste ratioetako bat.

Portugaleteko egoitzeari edegitako espedienteei jagokenez, Antxustegik berretsi egin dau egoiliar baten erorketa batzuk dirala eta edegi dala zehapen espedientea. Rodríguez Andoin V zentroak mobimentu-sentsoreak daukiezan zero kotako oheak ditu, erabiltzailea modu fisikoan edo kimikoan eustea saihesteko. Ikuskapeneko foru zerbitzuak ikusi eban sistema horreetako batek huts egin ebala erabiltzaile baten ohean. Ikuskapeneko zerbitzuaren azkenengo txostenak ez zala beste akatsik antzeman jaso eban. Horreen artean, garbitasun edo higiene faltea, senideakazko komunikazinoa edo beharginen ratioak aitatu ditu diputatuak.

Beste espediente bat dala eta EH Bilduk eskatu dauen agerraldian, Izaskun Duque batzordekideak salatu dau zentro bereko persona bat Gurutzetako ospitalean hil dala, “deshidratazino larria” dala eta. Iragarri dauenez, pazientea gurpil-aulki batetik jausi eta gero iritsi zan ospitalera.

Antxustegik baieztu dauenez, egoiliarra maiatzaren 19an hil zan, ospitaleratu zan egunetik, maiatzaren 13tik, ospitalean emondako “tratamentuari erantzun ez eutsalako”. Une honetan, Aldundia zehapen espedientea amaitzeko zain dago, kasu horretan Euskadiko adinekoentzako egoitza zentroei buruzko 126/2019 Dekretuaren hiru artikuluren “urraketak” hauteman diralako. Zehatzago, ez-beteteak hauteman dira 43., 26.1 eta 29.8 artikuluetan, erizaintzako eta psikologiako beharginen ratioak eta senideei garaiz eta behar lez informetako betebeharra ez beteteagaitik.