BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZEZKOA EMON DEUTSIE GARRAIO PUBLIKOA 6 HILEBETEZ DOBAKOA IZATEARI

  • Bizkaiko Talde Popularraren ekimenak ez dau aurrera egin, Errentearen eta erabilerearen araberako deskontu progresibo eta iraunkorreko tarifen sistemearen alde agertu diran Bizkaiko Batzar Nagusietako ganerako taldeak kontra agertu diralako.


(Bilbon, 2026ko maiatzaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu gaur 2026ko irailaren 1era arte foru eta udal titulartasuneko garraiobideetan “tarifen aldi baterako dobakotasun osoa” eskatzen eban Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako arauz besteko proposamena. Proposamena Ekialde Hurbileko gerraren ondorio ekonomikoek eragin dabe, eta berau egin dauen alderdiaren babesa baino ez dau jaso. Ganerako taldeek –Euskal Nazionalistak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia– kontrako botoa emon dabe. 

Eztabaidan zehar, Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, herritarren boltsikoan eragin zuzena dauen “ohiz kanpoko” inflazino eta erregaien garestitze egoerearen aurrean emon beharreko erantzun lez defendidu dau neurria. Batzordekide popularrak adierazo dauenez, Foru Aldundiak familien eta profesionalen eguneroko joan-etorrien kostua arintzeko nahikoa tarte dauka diru-bilketan, eta, aldi berean, kritikau egin ditu Gobernu zentralak Errege Lege Dekretu baten bitartez hartutako neurriak, “ez dirala nahikoak” esanez.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martínek, bere aldetik, Ukrainako gerrea hasi zanetik martxan jarritako hobarien eragin positiboa autortu dau, baina gaur egungo inflazino testuinguruak ez dauela “dobakotasun unibersala” justifiketan adierazo dau. Orduko haretan, KPIa % 10eraino igon zan, eta, zehaztu dauenez, orain % 3,7an dago (martiko datua). Horren ordez, errentearen eta erabilerearen arabera progresiboa izango dan eta justizia soziala bermatuko dauen tarifa sistema estrukturala osotzearen alde agertu da.

Euskal Sozialistak taldearen izenean, Goyo Zurro Tobajas bozeroaleak “oportunismo politikotzat” jo dau proposamena, eta Kongresuan garraioaren finantziazinoari eta deskontuei buruz emon dauen botoa ikusita Alderdi Popularrak ez dauela koherentziarik kritikau dau. Horrez gain, udal autonomia eta sistemearen finantza iraunkortasuna errespetetako beharra azpimarratu dau, zerbitzuaren kalidadea arriskuan ez jarteko. “Bidea ez da sistemea diru-sarrerez hustea”, “zorroztasunez eta finantzaketaz, eta udal eskumenak inbaditu barik” laguntzak ezartea baino. 

EH Bildutik, Raúl Méndez Urigoitia bat etorri da esatean energia-krisiari emon beharreko erantzunak ez dauela koiunturala izan behar. Deskarbonizazinoa eta maiztasunen hobekuntzea jasoko dituan plangintza estrategikoa egin behar da. Behin eta barriro esan dauenez, Batzar Nagusiek markautako bidea tarifikazino progresiborantz “preminaz” aurrera egitea da, Errentearen eta erabilerearen araberako prezioaren progresibotasunean oinarritutako txartel bakarragaz. 

Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lerma Mentxakak gogora ekarri dau Bizkaiko garraio publikoak daborduko “% 40ko” hobari handiak dituala, eta barriro esan dau dobakotasun osoak Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako Plan Estrategikoaren kontra egiten dauela. Batzar Nagusietako bere taldeak babesten dauen plan horretan sistema jasangarria defendiduten da arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan, erabiltzaileen erabilereari eta gaitasun ekonomikoari lotutako deskontuak lehenetsiz. 

 

DESGAITASUNA DABEN PERSONEN LAGUNTZAILEAK GARRAIO PUBLIKOAN

Eguneko gai zerrendako beste puntu batean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta batzorderatu dan Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu andreak, desgaitasunen bat daukien personen laguntzaileek lurraldeko garraio publikoan doban bidaiatzeko daben eskubideari buruzko informazinoa emon dau. Diputatuak bere esku-hartzean argitu dauenez, foru erakundeak ez dau aurreikusten indarrean dagozan erispideetan alde bakarreko aldaketak egiterik, eta Foru parlamentuak agindu bidez egin daitekezan aldaketak eskatzeko dauen soberanotasunera jo dau. 

Bere erantzunean, diputatu andreak arautegiaren ibilbide historikoa egin dau, eta azpimarratu dau 2016tik dobakotasuna bermatzen jakela itsuei edo gurpildun aulkia behar daben mobikortasun murriztua daukienei laguntzen deutsenei. Defendidu dauenez, adimen-desgaitasuna (% 45ekoa edo handiagoa eta I, II edo III mendekotasun autortua daukienak) daben personak sartu ebezan 2021eko eta 2025eko akordioek estaldurea osatzeko eta hobetzeko balio izan dabe, daborduko autortuta dagozan eskubide fisikoak baliobakotu barik. Diputatu andrearen berbetan ez da ezelango eskubiderik galdu eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak Gizarte Ekintzarako Foru Sailagaz batera behar egin ahal izan daian aztertu gura dituen kasuak zehazteko eskatu deutse taldeei. 

Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, bere aldetik, adierazo dau beharrezkoa dala erespideak bateratzea, oraintsu sartu diran mendekotasun baldintzak ez beteteagaitik desgaitasun fisikoa daben personak baztertuak izan ez daitezan. Ganera, “balioztatze bikotxeko” Barik txartela ezartea proponidu dau, erabiltzaileen duintasuna bermatzeko eta euren sarbide eskubideari buruzko azalpenak emon behar ez izateko. ADEMBI eta Retina Bizkaia taldeetako ordezkariek Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean azaldu ebenez, proposamenaren helburua orain menpekotasuna egiaztetea eskatzen daben arauzko aldaketen ostean ezintasun larriak dituen personek onura hori galdu daben egoerak zuzentzea da. Saio horretan daborduko sarbide-oztopoak eta lurralde-desbardintasunak salatu ebezan tarifa horreen aplikazinoan.