BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDI BATERAKO HIRU ERAKUSKETAK ETA FORU PARLAMENTUKO EGOITZAK BISITETEA PROPONIDUTEN DABE JAIEGUN HONEETARAKO
- Aste Santu honetan, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako egoitzek ordutegi zabalagaz edegiko ditue ateak. Bizkaiko Batzar Nagusietako eraikin historikoak ikusteko sarrerea dobakoa da, baina Gernikako Batzarretxearen barrualdea bisitetako beharrezkoa izango da hitzordua eskatzea www.jjggbizkaia.eus webgunean.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek zabalik daukiez Enkarterrietako Museoan (Abellanedan) dagoan arte gotikoari buruzko erakusketea eta Hurtado de Amezaga kaleko Bilboko egoitzan dagoan kontserba-fabriketako andrazkoei buruzkoa. Hilebete honetan hirugarren erakusketea inaugurau da, kasu honetan ibiltaria, Erandioko metro geltokiko plazan, Batzar Nagusien garrantzi historikoa eta politikoa ezagutzera emoteko.
(Bilbon, 2025eko apirilaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek kultur proposamen ugari daukiez Aste Santu honetarako, oporraldi txikia zabaltzen dala aprobetxauz. Kultur eskaintzea Bilboko egoitzako erakusketa aretoan hasiko da (Hurtado de Amezaga kalea, 6), kontserba-fabriketako andrazkoen ofizio zahar eta gogorrari buruzko lehenengo erakusketeagaz; Batzar Nagusietako hiru egoitza enblematikoetan jarraituko dau, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzarretxeetan, hain zuzen be; eta Enkarterrietako Museoan dagoan arte gotikoari buruzko lehenengo erakusketeagaz eta Erandioko geltokiko plazan Batzar Nagusien garrantzi historikoari eta politikoari balioa emoten deutson erakusketeagaz itxiko da.
Jaiegun honeetan, Gernikako egoitzak Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren alma materra ezagutzeko prest dagozan milaka persona jasoten ditu. Gernikako Batzarretxearen barrua bisitetea dobakoa da, baina eukierea mugatua danez, beharrezkoa da aurretik hitzordua erreserbetea Batzar Nagusien webgunean (www.jjggbizkaia.eus). Ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da lanegunetan, eta jaiegunetan 19:00etara luzatuko da.
Bere aldetik, Gerediagako (Abadiño) Batzarretxea, antxina Durangoko Merinaldeko Batzar Nagusiak alkartzen ziran lekua, astelehenetik barikura egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan ordubete lehenago zarratuko da.
Horrez gain, Enkarterriko kultur eta historia ondare garrantzitsuena eta zabalena batzen dauen Enkarterrietako Museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bisitau ahal izango da. Jaiegunetan eguerdiko ordu biak arte egongo da zabalik.
ALDI BATERAKO HIRU ERAKUSKETA
Bizkaiko Batzar Nagusiek, euren aldetik, iraganean euren lanagaz lurraldearen aurrerabidean lagundu eben emakumeei bozgorailua emoten jarraitzen dabe. Oraingo honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, liburu bat argitaratuta eta erakusketa bat antolatuta, kontserba-fabriketako andrazkoen, XVI. mendetik arraina lurraldeko portuetako lonjetan eraldatzen ibili diran emakumeen, ofizioa omendu dabe. Argazkiak, dokumentuak, artelanen erreprodukzinoak, lekukotzak eta hainbat tresna (laneko tresnak, sareak, saskiak, erropa, material grafikoa, kontserba latak...) batzen dituan “Beti eskamak kentzen” erakusketea apirilaren 25era arte egongo da zabalik Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo).
Aldi berean, “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketea apirilaren 30era arte egongo da zabalik Abellanedan (Sopuerta) dagoan Enkarterrietako Museoan. Urregintzaren, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea, Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsu besteko ezezaguna itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritzen da.
Eta, bukatzeko, Erandioko metroaren geltokiko plazak XIV. mendetik aurrera lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetakotzat hartzen dan erakundearen garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoten deutson “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketa ibiltaria jasoko dau hilebete honetan.