BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GENEROAREN ARABERAKO SOLDATA ARRAKALAN SAKONDU DABE JARDUNALDI BATEAN, EZTABAIDA “ATZERATUEZINA”

  • Mª Luz de la Cal Barredo eta Elena Martínez Tola EHUko Ekonomia doktoreek gai horri buruzko berbaldia emon deutsee gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako beharginei eta batzarkideei, Batzarretako II. Bardintasun Planeko “Alkarrizketak bardintasunean” ekimenaren barruan.

 

(Bilbon, 2025eko apirilaren 3an) Bizkaiko Batzar Nagusiek gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakalari buruzko prestakuntza-jardunaldia antolatu dabe gaur. Mª Luz de la Cal Barredo eta Elena Martínez Tola EHUko Ekonomia doktoreek emon dabe. Erakundearen II. Bardintasun Planeko “Alkarrizketak bardintasunean” ekimenaren barruan dagoan berbaldia Bilboko administrazino egoitzan egin da. Bertan, Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakaria, Mahaiko kideak, batzarkideak eta Foru parlamentuko beharginak egon dira. 

Saioaren helburua lan baldintzen prekarizazinoa eta emakumeen erosteko ahalmenaren galerea testuinguruan jartea izan da, azterlan ugarik erakusten daben lez. Gainera, hizlari biek testuinguruan jarri ditue emakume asko soldata bajuagoak dituen enpleoetan lan egitera eroaten dituen egungo produkzino- eta kontsumo-ereduaren ezaugarriak, zainketen sektorean jazoten dan lez. Erantzunkidetasuna eta erronka demografikoei aurre egingo deutsen zainketa-ereduranzko trantsizinoa eztabaida “atzeratuezina bihurtu dira gure gizarteetan”, nabarmendu dabenez. 

Jardunaldiak erakutsi dau, halaber, garrantzitsua dala jardunbide egokiakaz lan eredu bardinzaleagorantz joatea, bai eremu pribaduan, bai publikoan. “Beharrezkoa da genero-joera argiagaz lotuta gizonek eta emakumeek egiten dituen lanen balioari jagokozan atribuzino sozialak zalantzan jarriko dituen eta kategoria profesionalen, erantzukizunaren, lidergoen eta ordainsarien sistemea finkatzea ahalbidetu daben sakoneko alderdiak azpimarratuko dituen estrategiak ezartea”, azaldu dabe. Bide orri horrek “garrantzi berezia dau iraultza teknologikoak eta gure gizarteak aurre egin beharreko erronka demografikoak markautako agertoki honetan”.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira. Gaurko berbaldiaren helburua sexuagatiko soldata-arrakalaren kontzeptu-esparrua eta testuingurua eta horren ondorio sozialak ezagutzea eta horreen inguruan sentsibilizetea izan da.