BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK SEXU JAZARPENAK DAUEN ERAGINEAN SAKONDU DABE JARDUNALDI BATEAN

  • Emakumeen kontrako indarkerian aditua dan Lorena Santosek berbaldia emon deutse beharginei eta batzarkideei, Batzarretako II. Bardintasun Planaren barruan dagoan “Alkarrizketak bardintasunean” ekimenean.

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, abokatua eta emakumeen kontrako indarkerian aditua dan Lorena Santosek emon dauan sexu jazarpenari eta biktimengan dituan ondorioei buruzko prestakuntza jardunaldia antolatu dabe gaur. Erakundearen II. Bardintasun Planean dagoan “Alkarrizketak bardintasunean” ekimenaren barruan sartzen dan berbaldia Bilboko administrazino egoitzan egin da. Bertan izan dira Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakaria, Mahaiko kideak, batzarkideak eta foru parlamentuko beharginak. 

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira. Gaurko berbaldiaren helburua sexuagatiko sexu-jazarpenaren esparru kontzeptuala eta testuingurua ezagutzea eta horren inguruan sentsibilizetea zan, baita jazarpen horreek biktimengan daben eragina ezagutzea be.