BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK JAZARPENA DESAGERRARAZTEKO ETA LAN INGURUNEAN GATAZKEN EBAZPENA BULTZATZEKO PROTOKOLO INTEGRALA AURKEZTU DABE

  • Bizkaiko parlamentuko Bardintasun Taldeak amaitu eta gaur Batzar Nagusietako beharginei aurkeztu deutsen arau-esparru barriak personen babesa eta osasuna bermatuko ditu, ikerketa prozedura konfidentzialen eta genero edo orientazino sexualagaitiko diskriminazinoaren kontrako neurrien bitartez.

 

(Bilbon, 2026ko bagilaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Laneko gatazkei, sexu jazarpenari, sexuan oinarritutako jazarpenari, sexu joerarengaitiko jazarpenari, genero adierazpenarengaitiko jazarpenari, jazarpen moralari eta ingurumen jazarpenari aurre egiteko jarduketa protokoloa” aurkeztu deutsee gaur Batzar Nagusietako beharginei. Tresna instituzional hori behargin guztien duintasuna, osotasun fisikoa eta morala eta askatasuna errespetauko dituan lan-ingurunea bermatzeko konpromiso sendoagaz sortu zan.

Dokumentuak beren-beregi debeketan dau berbazko irainen edo irain fisikoen bidez norberaren duintasuna kaltetzen dauen edozein jokabide desegoki. Protokoloaren eraginkortasuna ziurtatzeko, printzipio gidariek arautuko dabe, horreen artean konfidentzialtasuna, bizkortasuna, inpartzialtasuna eta biktimen babesa. Modu berean, bermatzen da ez dala ezelango larderia-ekintzarik edo errepresaliarik onartuko ikerketan parte hartzen daben, lekuko diran edo salaketea aurkezten daben personen kontra.

Arau-esparru hori erakundeko behargin guztiei aplikauko jake, funtzionarioak, lan-kontratuko beharginak, prestetan ari diran personak eta behargin ohiak barne. Protokoloak, politikariak, kanpoko enpresak edo Parlamentuan lan egiten daben behin-behineko beharginak inplikauko dituen egoerei aurre egiteko koordinazino-mekanismoak be aurreikusten ditu. Protokoloa ehun bat laguneko kolektiboari aplikauko jako.

Kasuak kudeatzeko eta ebazteko, funtzino honeek dituen organu espezializauak ezarri dira:

• Aholkularitza Konfidentziala: Eragina jasan daben personei harrera egiteaz, orientazinoaz eta lehenengo harreraz arduratzen da.

• Bitartekariak eta Arbitraje Batzordea: Personen arteko gatazkak modu neutralean kudeatzeko eta konpontzeko arduradunak.

• Ikerketa Batzordea: Jazarpen larriko edo oso larriko salaketen aurrean prozedura formala bideratzen dauen organua.

Gertakarien izaerearen arabera, protokoloak jarduteko bide bi aurreikusten ditu: jokabide arinak arin konpontzera bideratutako prozedura informala; eta erantzukizunak argitzeko eta neurri zuzentzaileak edo diziplinazkoak apliketako ikerketa zorrotza eskatzen dauen prozedura formala.

Ekimen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasun eta laneko arriskuen prebentzinorako politikea indartu dabe. Tresna hori Bizkaiko Batzar Nagusien II. Bardintasun Planaren barruan dago, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Eragin Soziala) batzen diran 65 hobekuntza ekintza jasoten dituan ibilbide orria.

Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunagaz daukien konpromisoa aitzindaria da, izan be, 2017ko udan aho batez onartu zan bardintasun plana eukitean Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroako Parlamentuaren atzetik bakarrik.