BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK “ADARROTSA MENDEZ MENDE. SANSOAÇ ETA ADARRAÇ” ERAKUSKETEA AURKEZTU DABE: MITOAREN ETA ADARREN ANTXINAKO TRADIZINOAREN ERREALIDADEAREN ARTEKO BIDAIA

  • Erakusketea gaurtik maiatzaren 22ra egongo da zabalik, eta ehun urteko ohitura horren bilakaerea eta instrumentu tradizional hori egiten daben lurraldeko azken artisauen lana jasoten ditu.

 

(Bilbon, 2026ko maiatzaren 4an). Maiatzaren 22ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), “Adarrotsa Mendez Mende. Sansoaç eta Adarraç” erakusketea hartuko dau. Erakusketa horrek, lurraldeko ekitaldi zeremoniatsu enblematikoenetako baten eboluzino liluragarria aztertzera konbidetan dau jentea: Batzar Nagusietarako deia egiteko bost adarren hotsak. Erakusketeak denporan zehar bidaiatzen dau, Erdi Aroko historiatik eta XIX. mendeko eztabaida politikoetatik abiauta egungo tradizinoa zelan eregi zan aztertzeko.

Erakusketea modu tradizionalean egindako instrumentu horren elaborazinoari bizirik eusten deutsien hiru artisau bakarrak omentzeko be bada. Juan Antonio Alaña Ulibarri, Javier Irabien Vitorica eta Andoni Sainz Llaguno dira, eta Aiaran, Urduñan eta Alonsotegin dituen tailer txikietatik, animalia desbardinen adarrakaz, behi eta idienakaz batez be, ehundaka instrumentu egiten ditue oraindino, euren eskuak eta ia eboluzionau ez dauen ehun urteko teknikea erabiliz.

Hiru artisauei esker, “adarraren, gizateriaren soinu-tresna zaharrenetakoaren, antxinako soinua entzuten jarraitzen dogu” azpimarratu dau Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ia ehun adar, dokumentazinoa, argazkiak eta azalpen panelak batzen dituan erakusketearen aurkezpen ekitaldian. Erakusketea “Batzar Nagusietarako oso esanguratsua dan esparruaren barruan dago, gure tradizino sinbolikoenetako bategaz zuzenean lotzen dalako: aurton, datorren bagilaren 7an Ganekogortan izango dan Deiadar Mendietarako igoerea”, iragarri dau.

Erakusketeak agirian ixten dau bost mendietako gailurretatik adarrak joteko tradizino ezaguna XIX. mendean sortu zala, Foruak kontserbetearen aldeko liskarren esparruan. Koroak sistema legegile zentrala inposau gura ebala ikusita, Bizkaiko intelektualek Jaunaren eta herriaren arteko "idatzi bako ituna" defendidu eben. Testuinguru horretan, Pascual Madozek eta Antonio de Truebak “Gorbea, Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Kolitza” mendiek deialdi-puntu lez funtzionetan ebela zabaldu eben, eta idea hori behin betiko finkau zan, oinarri historiko dokumentalik euki ez arren.

Erakusketeak, XIV. mendetik dokumentauta egon zan eta Gernikako Batzar Etxean mendeetan erabili zan erritualaren errealidade historikoa berreskuratzen dau. Iturri zaharrenek adierazoten dabenez, adarrak ez ziran tontorretatik joten, Gernikan bertan baino, juxtu Batzar Nagusiak hasi baino lehen, inguruan egozan parte-hartzaileei abisua emoteko. Garai haretan kanpaiak ziran abisetako erabilten zan ohiko metodoa, eta, ondorioz, adarren erabilereak berehala hartu eban izaera erritual eta solemnea, Enkarterrira eta Durangaldera hedatu zan tradizino lez manteniduz.

Erakusketeak, ganera, Lope García de Salazar lako kronikagileen garrantzia aztertzen dau. XV. mendean, bere garaiko tradizinoa kondairagaz nahastu eban, adarrak Jaun Zuriaren aukeraketa mitikoan daborduko entzun zirala baieztuz. Historiaren eta kondairaren arteko fusino horrek adarren oroitzapenak bizkaitar nortasunaren elementu nagusi lez gaur egunera arte irautea ahalbidetu dau.

“En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas.” Esaldi hori da bost adarren tradizinoari buruz berba egiten dauen lehenengo erreferentzia bibliografikoa, Juan Núñez de Balboaren 1342ko koadernu batean jasoa. Deiadarren tradizinoari buruzko lehenengo aitamen hori erreferentziatzat hartu da Deiadar Mendien Egun tradizionalean Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko tontor desbardin batera igoteko sendotuta dagoan espedizinoari eusteko.

1588an Ibarguen-Cachopínena izeneko kronikea idatzi zan, garai haretan ohikoa zan lez, sinismen mitologikoak eta garaiko ohiturak nahasten dituan testua. Bigarren horreen barruan, gertuko espazioen artean komuniketako bizkaitarrek adarrak eurak eta “adarraç” terminoa erabilteari buruzko erreferentzia bat dago, erakusketearen izenburuan jasoa: “Y después, andando el tiempo, en lugar destas bozes sansoac usron y acostumbraron por mas su descanso taner y soñar muy reçio unos cuernos grandes a manera de bozinas, que los llaman adarrac, con los cuales hazían muy munchos e diferentes sones e sonidos, entendiéndose por ellos todo cuanto dezir querían muy mejor que con las bozes sansoac y aun estas bozes sansoac y cuernos adarrac antiguos se usan hasta los tienpos presentes en esta provincia cantábrica entre los naturales e vezinos e moradores della, y en especial los que habían en las montañas y fragoçidades de la tierra llana de Vizcaya e sus comarcas fuera de las villas pobladas, llamándose los unos a los otros con estas vozes y cuernos, y dándose muy de lexos los unos a los otros a entender lo que quieren muy clara y conoscidamente”.

 

Erakusketearen zehetasunak:

Izenburua: Adarrotsa Mendez Mende. Sansoaç eta Adarraç

Maiatzaren 4tik 22ra zabalik. (Astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara)

Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusiak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo).