BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EMAKUMEEN ETA GIZONEN BARDINTASUNERAKO III. PLANA (2026-2030) AURKEZTU DABE BARNEKO SAIO BATEAN

  • Bide-orri instituzional barriak 28 ekintza egituratzen ditu bardintasunaren arloan bost ardatz estrategikotan, eta generoaren perspektibea aurrekontuetan integretea lako neurri barritzaileen aldeko apustua egiten dau.


(Bilbon, 2026ko zemendiaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusiek barneko saio bat egin dabe euren beharginei eta Batzar Nagusietako taldeei Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako III. Plana (2026-2030) aurkezteko, bere funtsezko helburuak, jarduketa-ildoak eta martxan jartearen jarraibideak ezagutzera emonez. Bide-orri barriak jarraipena emoten deutso aurreko planetan egin dan lanari, foru erakundeak benetako bardintasunagaz dauen konpromisoa barriro baieztatzen dau eta bat dator Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik barik Bizitzeko 1/2023 Legeagaz.

III. Plan hau generoaren perspektibaren zeharkakotasuna sendotzeko eta indarrean dagozan bardintasunerako tresnen eguneroko erabilerea hobetzeko beharra zehaztu dauen diagnostiko sakonaren emoitzea da. Dokumentuak datozan lau urteetarako plangintzea ezarten dau, guztira aurreikusitako 28 ekintzatan egituratuta, helburu berberak lortzen laguntzen daben beste ekimen osagarri batzuk indarraldian zehar gauzatzea mugatu barik.

Jarduera parlamentarioa eta antolakuntzakoa bost jarduketa-ardatz estrategikoren bidez gidatuko da:

•    Gobernantzea, komunikazinoa eta etenbako hobekuntzea: Lidergo instituzionala indartzea eta bardintasunagazko konpromisoa agirian itxiko dauen komunikazino inklusiboa ziurtatzea.
•    Sentsibilizazinoa eta trebakuntzea: Behargin guztien eta Batzar Nagusietako taldeen bardintasunari buruzko ezagutzak eta gaitasunak sustatzea.
•    Genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna: Foru parlamentuko jardueran eta araudian genero-azterketea modu sistematikoan txertatzea. Nabarmentzekoa da esperientzia pilotu bat bultzatu dala aurrekontu-azterketan genero-ikuspegia txertatzeko.
•    Antolaketa erantzukidea eta inklusiboa: Kontziliazinoa erraztuko daben eta lan-ingurune seguruak eta indarkeria matxistarik bakoak bermatuko dituen baldintzak sustatzea.
•    Proiekzino soziala eta lidergoa: Batzar Nagusien zeregina indartzea, Bizkaian bardintasuna sustatzeko erreferente lez, Emakume Hautetsien Asanbladea lako espazioak sendotuz.

Planaren gobernantza eredua “erantzukizun partekatuaren” printzipioan oinarritzen da, Batzar Nagusietako Lehendakaritzaren lidergopean, Bardintasun Taldea koordinazinoaren eta jarraipenaren motor lez ezarrita, bardintasun handiagoko erakunderantz eta gizarte bidezkoagorantz aurrera egiteko. Indarrean sartzeko, plana orain Batzar Nagusietako Mahaiak onartu behar dau.